Euskara
Mikel eta Eneko etxean dira
Jose luis Otamendi
Hona hemen **Jose Luis Otamendi** poeta herritarrak urriaren 24an Mikel Azkuneren eta Eneko Etxeberriaren harrerarako propio prestatu eta omenaldian irakurri zuen poema.
aspaldi honetan ni ere
aritmetika ariketa zoroetan sartuta
nabil:
zenbat auzokide, herritar
ezagun —gogaide zein etsai kuttun—
zenbat lagun kendu dizkidaten bistatik
kontuak egiten ditut
eta horrelakoetan jabetzen naiz
gu ere
paisajearen bazterreko osagai garela
soslaiak urruneko argazki batean
etorkizun zabal eta helgaitzari
ertz lausotu batetik begira
gure baitaren deshabitatze
antolatua salatu nahi nuen
baina ez nekien zein bulegotara jo
nondik ekin
nola galarazi isuri gera ezin hori:
jendea indarrean daramate
era txarrean ari zaizkigu
ateratzen kirioetatik, barrenetik
azaleko usainetik kentzen
hezurretatik itzal arrastoak ezabatzen
kendu eta kendu ari zaizkigu
ari gara
aurpegiak keinuak ahotsak kentzen
eta izendegi amaiezin bat ondoren...
eta lotsatu egiten naiz
jendeak igarri egingo baitigu barren
hustu hori
geure begietako putzuan igeri
gure baitaren deshabitatze sistematikoa
salatzen dut
beste inon hoberik ez eta
arkupe hauetan egitea otu zait
zuen guztion aurrean
ez dut onartu nahi ekaitzen mende
bizitze hau
ekaitz aldi bakoitzak zer lapurtuko
eta gero hondakinen artean bilduko
dugunaren itxaropenez ibili beharra beti
lotsa ematen dit
jendeak eguna joan eguna etorri
batera eta bestera
barrena hutsik gabiltzala antzematea
begietan
edo ibileran edo hitz egiteko doinuan
jendea ari zaizkigu barrutik ateratzen
su hartutako hotelak bagina bezala
oldar batean
eta ez gara larrialdiko eskailerak
ez gara meatze abandonatuak
ikatza bezala gure barrutik pertsonak
ateratzeko
geure urratu eta zauri trakets guztiekin
nahi dugu bizi
eta inor barrutik kentzen digutenerako
kontuak egin
banan-banan
alerik ere oharkabean joan ez dakigun
gehiago
gure barruak hustutzeko
joera makurra salatzeko etorri naiz
eta badakit neurri handi batean
kaltea egina dagoela
berandu izan litekeela
aspaldi hustutzen hasitako arimak
bere onera ekartzeko
galdutako asko ez dela itzuliko sekula
nahiz eta halako batean, akaso,
batek daki,
gu, edo beste batzuk,nonbaiten, inoiz
zoriontsu izan
eta hainbeste daukagu konpontzeko
osatzeko
gure barru zartatu hauetan bere tokian
jartzeko
baina kontatzen ahazten bazaigu galduak
gara
—gure etsairik gabe gure lagunik gabe zer
gara ba—
hor dago gure indarra
horretan da geure izatea bera
esan dezadan, aritmetika humano bat:
nor bizi da eroso gaur egun bere sasoian
horregatik sarritan
aritmetika ariketa zoroetan sartuta ibiltzen
gara
zenbat auzokide, herritar
zenbat lagun kendu dizkiguten bistatik
kontuak egiten ditugu
eta bueltan datozenak
—gaur bezala—
azkar hartzen ditugu berriro
gure kaleetan
geure ametsen abaroan
festa giroan ospatzen dugu
eta maitemindu adiskidetu berrien antzera
besarkada artean
elkarri agintzen diogu
ez gaituztela gehiago
bata bestearen hondotik aldenduko
eta pozak txoratzen gaude
baina ez gaude konforme:
izan ere oraindik ez zaizkigu kontuak
ateratzen
eta ekaitzen mende
bizi behar honekin ez dugu etsiko
|