Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  azaroa »  “Sumario hau lotsagarria eta asmakizuna da

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara : Eneko Etxeberria, Egunkaria S.Ako lege ordezkaria, eta Mikel Azkune, Egunkariaren Ardatz enpresako administraria

Idoia Mendizabal

Eneko Etxeberria eta Mikel Azkune, biak ere Egunkaria enpresako langile azpeitiarrak, libre daude urriaren 21etik, atxilotuta egon ostean, beste zazpi lagunekin. Haserre daude operazioarekin

Beste harrerak
Beste harrerak.  Herriak urriaren 24an hartu zituen Eneko Etxeberria (goi-ko argazkian, atzean) eta Mi-kel Azkune; 21ean geratu ziren libre, Madrilen (aldameneko argazkiak). Baina herria harrera gehiago egiteko gogoz dago, oraindik hor baitaude preso sei azpeitiar. Garikoitz Etxeberria *Kafe*-rena azpimarragarria da: 2001eko martxoan atxilotu zuten, etxean, Haika gazte erakundekoa izateagatik, jadanik bi urte eta erdi daramatza preso eta oraindik ez dute epaitu! 
 
Inkomunikazioa
Inkomunikazioa.  Mikel Azkune 5 egun egon zen inkomunikatuta, bere abokaturik gabe. Madrilera autoan eraman zuten, burua makurtuta eta estalita. Ziegan deklarazioa, hormara begira eta begiak estalita. Jate-koa, beti hotza; mortadela otartekoa. Azkeneko gaua marmolezko ohe baten gainean egin zuen.  

Espainiako Estatuaren beste sarekada bat izan zen urriaren 16koa. Egun batzuk lehenago 34 euskal herritar atxilotu zituzten, ETArekin "harremana" dutelakoan —14 askatu dituzte—, eta urriaren 16an euskalgintzako zortzi lagun. Haien artean bi azpeitiar: Mikel Azkune, etxean, Errenterian; Eneko Etxeberria geroago, Madrilen, 20an. 21ean irten zuten libre, baina inputatuta, eta Azkune 12.000 euroko fiantzarekin. Inpuntazioa: "iruzur" egitea. Hori guztia "lotsagarria eta asmakeria" dela diote.

  • Nolakoa izan zen zuen atxiloketa?

    Mikel Azkune. Goizeko ordu biak aldera sartu ziren etxera guardia zibilak. Atxilotu nindutenean banekien Ardatz enpresagatik neramatela (Egunkaria-rako iragarkiak lortzen zituen enpresa da), administratzaile naizelako, eta pentsatu nuen sarekada izango zela, ez nintzela atxilotu bakarra izango.

    Eneko Etxeberria. Madrilen, Entzutegi Nazionaleko gela batean nengoen, behean, zain, eta ordurako oso nekatuta, jada gaueko bederatziak zirelako eta goizetik nengoelako han, abokatu naizenez. Del Olmo epailea etorri zitzaidan, bere gelara igotzeko. "Proba dokumentalak daude, deklarazioetan egindako zure kontrako akusazioak ere bai, eta atxilotuta zaude eta inkomunikatuta", esan zidan. Aurretik deitu izan banindu joango nintzatekeen, baina eskertzen diot bera pertsonalki etorri izana atxilotzera...

  • Eta tratua, nolakoa izan zen?

    Azkune. Infernu latza izan zen. Ez genuen inolako tratu txarrik jaso; ez fisikoki, ezta umiliaziorik ere. Tratua zuzena izan zen, komatxo artean. Baina beldurtuta nengoen, badakidalako nolako egurra eman ohi den inkomunikazio egun horietan.

    Etxeberria. Nirea desberdina izan zen, gau bakarra egin nuelako, Guardia Zibila-ren eskutik pasatu gabe, epaitegian bertan atxilotu nindutelako. Baina tratua izan zen. Urduri jarri nintzen Del Olmok hori esan zidanean. Tentsio jaitsiera izan nuen. Epaitegiko ziegetara jaitsi ninduten eta hantxe pasatu nuen gaua, goiza arte.

  • Zer galdetzen edo akusatzen zizuten?

    Etxeberria. Del Olmo epaileak teoria oso bat dauka eratuta, non Egunkaria SA, Martin Ugalde Kultur Parkea eta abar ETAko parte diren, diru zuriketak eta halakoak ikusten ditu alde guztietatik, eta nik ba omen dut horren denaren berri. Nik segituan esan nion ez dagoela deliturik. Eta, era berean, esan nion ni ez naizela ETAkoa, Egunkaria SAko lege ordezkaria naizela, eta inor inoiz ez zaidala etorri ETAkoa dela esanez eta zerbait aginduz.

    Azkune. Inkomunikatuta egon nintzen bost egunetan Guardia Zibilak hiru aldiz interrogatu ninduen; behin furgonetan, beste bietan kalabozoan. Beti izan naiz Egunkaria-ko sare komertzialeko langilea, zortzi urtean; eta Ardatzeko administraria ere banaiz, baina nik ez nuen horretan lan egiten. Fikziozko administradorea naiz, eta horregatik Ardatzeko funtzionamenduaren inguruan ezin nuen ezertxo ere esan, ez nekielako. Inolako funtsik gabeko akusazioak ziren. Lotsagarria.

  • Eneko, zeu zara Egunkaria SAko lege ordezkaria eta, hala ere, atxilotu egin zintuen Del Olmok...

    Etxeberria. Abokatu figurari barre egin zaio. Egunkaria SAren eta inputatuen defentsa eskubidea hankaz gora bota zuela adierazi nion epaileari. Kazetariek geuk baino aukera gehiago dituzte defenditzea dagozkigun kasuak jarraitzeko.

  • Sumarioa sekretupetik altxatu dute.

    Etxeberria. 2001etik zeukan sekretupean. Aztertu egin beharko da, 30.000 orrialde dira, baina erakutsi ahal izango dugu Egunkaria SA ez dela ETArena eta sumario hau asmakizuna eta aldrebeskeria baino ez dela. Sumarioa altxatuta, kartzelan dauden hiru pertsonen askatasuna eskatzea izango da lehentasuna. Epaileak ezarrita dituen neurri bereziak altxatzea izango da hurrengo pausoa; Egunkaria SArekin lotura duten enpresen itxiera eta kontuen blokeoa altxatzea, alegia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak