|
|
|
Manex Beristain gai librean
Perretxikoak biltzeko ariketa
Manex Beristain
Perretxikoak sobera daude mendian. Ez gara joaten euren bila. Ez dugu perretxikoak biltzeko ariketa lasaigarri hori praktikatzen. Ez dugu denborarik, ez dugulako denborarik hartzen. Baina haiek (perretxikoak) gure zain egon ohi dira, ez badute beste ezer egiteko behintzat. Zuhaitz eta belar umela lagun dituztela, patxada osoz igarotzen dituzte azken bizi egunak. Ez diote azken segundoen hondarrei beldurrik. Zain egoten ikasi dute, denborarik gabeko uneak sortzen eta une horiek errugabetasun sentsazioarekin igarotzen. Natura-rekin jolastu ohi dute, jolas naturaletan, biluzik, lo-tsarik gabe, lotsagabeki, inori tranparik egin gabe, inori trabarik egin gabe.
Perretxikoak ez daude sobera azoketan, ezta su-permerkatuetan ere. Bertara joaten baikara erostera, ordaintzera. Apaletako plastikozko otarretan ez dira gure zain egoten. Bizkarrean prezioaren txarteltxoa dutela igarotzen dute hil ondorengo denbora, prezioak dituzte jakina!, ia guztiak bezala, ia gizarte osoan bezala.
Kaixo irakurle. Udazkenarekin batera iritsi zaizkigu presak, ezinegonak, lo faltak, estres aztarnak... eta hori guztia aurretik jakinda, gure burua besteen aurrean irudi onez saltzen erakutsi digutelako. Gu-re buruari ez diogu segundo bat bera ere eskaintzen. Ezta lo gaudenean ere. Erlojuak markatzen dizkigu pausoak, erlojuak adierazten digu ondokoarekin zenbat denboraz egon behar dugun eta hu-rrengorako noizko geratu gaitezen berriro. Ja!, beraz, guk ez dugu ezer erabakitzen, beno zeozer bai, gure erabakitzeko ahalmena sexu harremanen iraupenera mugatzen da, hori ere denbora gutxirako.
Ez nuke perretxikoen bilketa sexu harremanekin lotzerik nahi, baina bai pare bat antzekotasun azaleratu. Perretxikoak biltzera (eta ez horretara dedikatzen direnak) joateko ariketa lasaigarria praktikatzen denean denborak funtzioa galtzen du eta txangoari ez zaio bukaerarik jartzen. Sexu harremanetan ere horrela beharko luke, hasteko behintzat er-lojuari pilak kendu edo mesanotxean uztea litzateke erabaki zuzenena. Bigarrenik, perretxikoak biltzera bakarrik joateak badu xarma berezi bat, eta bilketa hori norbaitekin edo norbaitzuekin konpartituz gero beste plazer mota bat senti daiteke.
Beraz, bizitza lasaiago dastatzen ikasteko osagaiak ondorengoak lirateke, besteak beste: autobusa, perretxiko bilketa, irribarre ikastaroa, bizikleta ir-teera, perretxiko bilketa, ametsez beteriko lo kuluxkak, sex shop batera bisita, perretxiko bilketa... agur, ez!
...Euskal Herriari burla egin diote, eta modurik okerrenean, bihotzean kaio zikin horren mokokada hilgarria sartuz. Euskararen egarri, ahoa lehor geratu zait... ez noa orri hauetatik, ez horixe, ez naute hitz eder hauen putzutik aterako. Gaur bertan jakin dut notizia, hileta ilunenaren pare, ez dut inguruan jendearen erreakziorik nabari, momentuz ez behintzat, baina zain egongo naiz. Berriro gure hizkuntza, gure kultura, gure bihotzak, harria, herria, zikindu dituzte atzerritar boteredunek. Baina gauzatxo bat bururatu berri zait. Euskara egunero erabiltzea. Badakit ez dela gauza berria, baina aldioro beharko genituzke horrelako burutazioak. Ondo segi.
|