|
|
|
Pako Aristiren Enbidoa
Urrestillan bizitzea zer den
Pako Aristi
Dakizuena aitortzen hasiko naiz lehendabizi: ni Azpeitian bizi naiz, leku askotan bueltaka ibili ondoren garai batean hortxe portunatu zitzaidalako etxebizitza egoki bat. Baina maite dut neure herria, kezkatzen nau neure herriak, nere bizitzaren zati handi bat bertan dago.
Urrestilla bizitzeko leku ederra dela entzuten dut Azpeitian. Etxe berriak egin dituzte, ez oso merkeak baina, eta bikote asko ari da bertara joaten. Lasaia omen da, eta kapitaletik gertu dago, horra bentaja. Afaltzera joateko ondo dago Urrestilla, baita hamaiketakoa egitera joateko ere igandetan. Ez ditut dohain hauek ukatuko, baina fatxada horren atzean badago beste zerbait. Herri bat ez da afaltzeko leku soila; herri bat ez da lasaitasunean lotara joateko leku hutsa. Zerbait gehiago da herri bat. Eta Urrestillak hutsune nabarmenak dauzka jan-edanaz aparte.
Imajinazioa martxan jartzea eskatuko dizuet azpeitiarroi. Urrestillan ez dago farmaziarik. Urrestillan dagoen botika bakarra aspirinak dira, Mariren dendan. Imajinatzen duzue frenadol edo beste edozein sinplekeria behar eta, etxetik irten, autoa hartu eta Azkoitira joan behar izatea erostera?
Urrestillan ez dago medikurik. Imajinatzen duzue gripearen aurkako txertoa bezalako gauza sinple bat hartzeko autoa hartu, Azkoitira joan, han aparkatu, hartu zaztada, berriro autora itzuli eta etxera etorri beharra? Urrestillako lurretan baserri asko dago. Urrestillan sendagilea balego gaitzerdi litzateke baserritarrentzat, biaje erdia. Baina haiek, eta denek, Azpeitira joan behar kontsultarik sinpleena ere pasatzeko.
Urrestillan ez dago eskolarik. Umeak, txiki-txikitatik, autobusean sartu eta Azpeitira eramaten dituzte, edo norberaren autoan. Urrestillan ez dago liburutegirik, neguko arratsalde ilun eta hotzetan umeak irakurtzen, lanak egiten, jolasten edo ikastaroak egiten entretenitu daitezen.
Urrestillan ez dago autobusik egunero jendea Azpeitira eramateko. Asteartetan dago, azokako jira egiteko, eta ikasleena, ikastetxeetako ordutegiarekin lotuta. Urrestillan autoa ez daukana salduta dago. Urrestillan hirurogei urteko emakumeak ikusi izan ditut auto-stop egiten; ikusten ditut baserritarrak injekzio bat hartzeko taxixa garesti ordaintzen. Hori bidezkoa al da herrialde desarroilatu eta moderno batean?
Urrestillako frontoian jokatzeko Azpeitin hartu behar da txanda. Imajinatzen duzue azpeitiarrok Azkoitira joan beharra zuen frontoian jokatzeko baimen eske? Erridikuloa ezta, onartezina; ba urrrestiltarrok ere ez dugu onartu nahi zuek onartzen ez duzuenik. Zuek baino gehiago ez, baina gutxienez zuen pareko garelako.
Urrestillak atzeraka egin du urte hauetan. Lehen baziren bost edo sei taberna, gaur hiru daude. Lehen baziren lau bat denda, gaur bi daude. Eta dauden denda edo taberna horiek aurrera jarraitzeko ez dakit nola ibiliko diren. Herri inguruak fabrikaz bete zaizkigu, baina guk ez dugu dirurik ikusten hortik. Bikote gazteak datoz bizitzera, baina herriak ez dauka lehen baino zerbitzu gehiago. Hori nola ulertzen da?
Oso erraza da: udaletxerik ez daukagulako goaz atzera. Aberastasun ekonomikorik gabeko herria gara, indar politikorik gabea, erabakirik hartu ezin duena. Gipuzkoan herri asko daude, Urrestilla baino txikiagoak, kaskarragoak, urrunagoak eta galduagoak, baina Urrestilla baino dotoreago daudenak, jantziago, osatuago, beste bizi maila batekin. Azpeitian adarra jotzen didate, esanez orain alkatea herrian daukagula, alkateordea ere bai, zinegotzi bat bertakoa da... ikusten ditut bai, txikiteoan, afaltzen edo pasieran, beste ezertan ez. Oraingoz.
|