|
|
|
Zenbat buru hainbat aburu
Euskadi azpeitian
Aitor Arana
Fernando Morillok Euskadi Saria irabazi du haur eta gazte
literaturan, eta Aitor Arana idazle legazpiarrak —Urrestillan bizi da— ondo ezagutzen du hura, Merino azkoitiarra eta hirurak
literatur solasaldietan biltzen direlako. Morillori buruz idatzi du
Duela hiruzpalau urte, Juankarren eta neronen ekimenez, telefonoz deitu genien Azkoiti-Azpeitietako idazleei, afari bat egin eta elkar pixka bat ezagutzeko asmoz. Egundoko porrota izan zen ekimena. Hamar idazlek eman genuen izena, eta hiru bakarrik elkartu ginen. Lotsa ere ematen zigun hamar lagunentzat gordetako mahai zabalean hiru txoritxo ikusteak, jatetxe osoa afaltiarrez bete-bete eginda zegoenean. Oker ulertzeren bat izan zen topalekuan, edo elkar ez ezagutzeak be-rak galarazi zigun topatzea... Ez dakit.
Kontua da Azkoitiko Juankar Merino, Azpeitiko Fernando Morillo eta hirurok elkartu ginela eta hantxe, mahai zabal haren mutur batean afalduz, gerora urtetako adiskidetasuna izango zena hasi zela. Astero-astero elkartzeari ekin genion, horrela, Azpeitiko Urola Express tabernan eta, hasieran bi herriotako idazleak elkartzeko ahalegin fruitugabea izan zena, literaturari buruzko “gehienbat Euskal Herrikoaz aritzen garela” eta bizitzaren gora-beherei buruzko elkarrizketa eta eztabaida leku bihurtu zen.
Juankar, Fernando eta hirurok oso pertsona ezberdinak gara, literaturaz gain batzen gaituzten hainbat gauza dauden arren. Fernando eta biok idazletza dugu lanbide eta Juankarrek enpresa batean lan egiten du: hirurok berdin-berdin maite dugu idaztea. Ez gara beti ados egoten; hala balitz gure topaketek ez lukete mereziko. Baina ados gaude funtsezko gauza askotan, eta horrek gure topaketa hauek merezi izatea dakar. Geure historiak elkarri kontatuz, editore hau edo hura goxatuz nahiz larrutuz, literatur mundu zail honetan bizi izaten dugunaren berri ematen diogu elkarri. Asko dira, egia esan, gure artean geratu diren euskal literaturari buruzko sekretuak.
ANIMOA. Baina, literaturaz ari garela, geure buruari egin diogun mesederik handiena, idazten jarraitzeko elkarri eman diogun animoa da, zalantzarik gabe. Aldian aldiko geure proiektuen berri eman dugu beti Urola Expresseko gure taldetxoan, gehienetan Juankarrek kafea eta puru txikia, Fernandok ura eta nik neuk kafesnea hartu bitartean. Geure argitalpen berriak oparitu dizkiogu hasiera-hasieratik elkarri, guztion pozak, penak eta nekeak entzun eta eztabaidatu bitartean.
Aurten, baina, Fernando kanpora joan da. Bikote bihurtu da hirukotea, edo aldikako hirukote. Elkartzen ahalegintzen jarraitzen dugu, hala ere. Joan zenetik lehenbizikoz etorri denean, berri on eder eta distiratsu batekin etorri zaigu: Euskadi Saria jaso du Izar-malkoak lanarengatik. Merezimendu osoz eta hiruron pozerako; baita gure inguruko beste jende askoren pozerako ere. Nahikoa da Fernandoren eta Juankarren testuren bat irakurtzea, Azpeiti-Azkoitietan gutxienez bi idazle on dauzkagula ikusteko. Euskadi mailan jakingo da, honenbestez. Zorionak, Fernan, eta ongi etorri Azpeitira, Euskadi.
|