|
|
|
Zenbat buru hainbat aburu
: Hausnartzen
Euskararen normalizaziorako planean elkarlana benetan, ez berriketan
Ińaki Azaldegi
Joan den urte hasieran Azpeitian izan nintzen hitzaldi batean, partaide gisa, Baite Euskara Elkarteak antolatuta. Euskararen normalizazioarekin zerikusia duten prozesuez eta ekimenez mintzatu ginen, eta Azpeitiko egoerak ere irten zuen mahai gainera. Ni neu tolosarra naiz, Tolosako Udaleko euskara teknikaria, baina ezagutzen dut Azpeitia, familia dudalako bertan, eta buelta batzuk ere, ordu txiki eta ez hain txikietan, emandakoa naizelako herrian. Azpeitian jende gehienak euskaraz egitea ez zait harrigarria egiten, baina bestelakorik ere sumatu izan dut, nire harridurarako hasieran, beste uste bat baineukan.
Hitzaldi hartan esan zidatenez, besteak beste, euskararen normalizazioa lortu nahian sortu zen Baite orain dela bi urte. Nik uste egundoko aukera dagoela Azpeitian bide horretan pauso handiak emateko, primerako lehengaia duzuela iruditzen zait hizkuntzari dagokionean, beti ere gauzak egoki eginez gero.
Neure hausnarketa plazaratu aurretik, bi izen arraroren argibideak ematera natorkizue:
- Bai Euskarari Akordioa: Euskararen Kontseiluaren babespean Tolosaldean duela hiruzpalau urtetik hona bideratzen ari garen plan estrategikoa da, Tolosaldeko ikastetxe, Galtzaundi Euskara Taldea, sindikatu, enpresari, alderdi politiko eta abarrez osatutako Jarraipen Batzordearen gidaritzapean.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN): Eusko Jaurlaritzak onartutako plan nagusia eskualde edota herrietan aurrera eramateko, Tolosako Udala bideratzen ari dena, Bai Euskarari Akordioan parte hartzen duen Jarraipen Batzordeko kide berberekin.
Euskararen egoera, oro har, kezkagarria iruditzen zait, eta Xabier Arzalluzek Tolosan kultur etxean emandako hitzaldi batean esan zuen bezala, “euskararen gaian aurrera ez egitea atzera egitea da”. Guztiz bat nator adierazpen horrekin.
Luxuetarako ez den egoera batean, ahal dela egoera on eta txarretan —baina txarretan gehiago—, elkarlana ezinbestekoa da aurrera egiteko, taxuzko hizkuntza politika bideratzeko.
HIRU ZUTABE BEHAR. Egoki bizirauteko elkarlan horrek hiru zutabe behar ditu: gizarte eragileena, euskalgintzarena eta politikoa. Zergatik?
- Hizkuntza normalkuntza gizarte osoak bideratzen duen aldaketa soziokulturala da; hau da, —gure kasuan, Tolosaldeko— herritarren egitasmo sozial, ekonomiko eta politiko guztien bultzadarekin uztartuta dagoena. Hortaz, gizarte eragileen ordezkaritzak parte-hartze zuzena izan behar du prozesu horren gidaritzan. Norberak ezin du bere hizkuntza-portaera nonahi eta nolanahi aldatu, bera mugitzen den guneetan ere aldatzen ez badute. Horretarako, gizarte eragileek erabakiguneetan egon behar dute, hizkuntza politikaz erabakitzen, ez lorontzi moduan.
- Euskalgintzak (ikastetxeak, euskara taldeak, euskarazko komunikabideak...) bermatu behar du hizkuntzaren normalkuntza prozesuak euskararen beharrak hartuko dituela aintzat. Horrexegatik egon behar du euskalgintzak prozesuaren gidaritzan, euskararen beharren arabera joka dezagun guztiok, eta ez beste interes batzuen arabera. Gainera, euskalgintzak prozesuaren zuzendaritzan egoteko zilegitasun osoa du: batetik, bertako erakundeen ogibidea delako, ordu asko eskaintzen dizkiotelako euskarari —baita musutruk ere—, etorkizun oparoa izan dezan; bestetik, ez duelako logikarik euskararen aldeko ekimen bat (Bai Euskarari Akordioa, EBPN...) euskaltzaleak albo batera utzita abiatzea edota behar eta merezitako leku eta ahalmenik gabe.
- Tokian tokiko ordezkari politikoek ere prozesuaren gidaritzan egon behar dute, haiek direlako herriak aukeratutako ordezkariak eta zeresan garrantzitsua izan behar dutelako prozesu honetan. Politikoek kudeatzen dituzte, prozesuak aurrera egin dezan, beharrezkoak diren hainbat baliabide ekonomiko eta zenbait giza baliabide ere, hortaz, ezinbestekoa da beren parte hartzea.
Orain artean aipatutakoagatik, EBPNk eta Bai Euskarari Akordioak prozesu berean bat egitea iruditzen zait egokiena. Bide hori ari gara jorratzen Tolosaldean, Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordea eta EBPNren Aholku batzordea kide berberez osatuta baitugu. Kostatuta, baina elkarren kontra aritu ordez, elkarrekin eta elkarlanean aritzea erabaki dugu. Euskaldunen arteko kontua izateko, miraria ere badirudi, ezta?
Bukatzeko, zuei aholku xume bat ematera ausartuko naiz: bi planak prozesu berean aurrera eramatea da bidea. EBPN eta Bai Euskarari elkarrekin eta elkarlanean, hiru hankako zuzendaritzapean. Azpeitian egin ezin den gauzarik ba al dago? Aurrera eraginkor egitekotan, euskarak “bere Lizarra-Garazi” behar du, Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregilearen esanetan, eta bide batez, gusturago biziko gara gure herrietan, adiskideago, samurrago; eta hori, herritarrok ere behar dugu, ez euskarak bakarrik.
|