Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  azaroa »  Iritzia »  Frontoi txikiko ilusioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru hainbat aburu

Frontoi txikiko ilusioa

Koldo Aldalur

Ez da izango herrian dugun arazo larriena, baina ezin diogu aukera honi alde egiten utzi. Astea joan eta astea etorri, eta frontoi txikia umez gainezka. Zoritxarrez, neskarik ez. Ehun eta berrogei inguru ba omen dira intentzio ikaragarrian ari direnak eta keinuetan nahiz maldizioetan antzematen da telebistaren eragina.

Horiek denak gobernatzea ez da lan erraza, eta nahia sarri hutsala. Umeek adinako intentzioa jartzen dute haien ardura duten Ilunbe Elkartekoek, baina, nire ustetan, ez da nahikoa. Beste azpiegitura klase batek behar du, pilotari berri horien ilusioa gal ez dadin. Urteak daramatzate Keuttin eta konpainiak egunero-egunero lanean jo-ta-sua, sarri hain esker txarrekoa den ihardunean. Azpiegiturarik gabeko ahalegina da, ordea. Egiten duten lan ikaragarria estimatzeaz gain, hona hainbat ideia bakarren bat baliokoa izango delakoan:

  • Diru publikoa, udalarena gutxienez, nahita nahiezkoa da. Nahiz eta jakin laguntzak jaso jasotzen direla, ez da nahikoa. Pertsona batek gutxienez erdi-liberaturik beharko luke lan hori egiteko. Entrenamenduak antolatu, txapelketak martxan jarri, materiala, fitxak eta abar. Aukera hori, jakina, orain arte hainbesteko ahalegina egin dutenen eskutan utzi beharko litzateke.
  • Teknifikazio aldetik ere asko da egin daitekeena. Takoak botatzen bai baina nola jarri behar dituzten justu-justu badakite ere, kirolari izaten ikasi beharko lukete haurrek, batik bat adin batetik aurrera: kantxatik kanpo entrenamendutan zer landu, elikadura nola zaindu, lesioak zergatik sortzen diren, irabaztean nola gozatu eta galtzean ez traumatizatzen ikasi... Eta berriro, eta abar.
  • Gurasook kuotak ordaindu beharko genituzke. Edo ez al dugu ordaitzen gure neska-mutikoak dantzara, marrazkira, judora edo esate baterako flauta jotzen ikastera bidaltzen ditugunean? Honek seriotasuna emango lioke ilusioari, eta aurrekontu duina ahalbideratuko luke. Iritziok eraginik izatea zaila da. Udaletxean oso eroso daude gaur egungo egoerarekin. Herrian kirol talde asko dagoela eta aurrekontuak ez duela gehiegi ematen erantzungo digute, Ilunpekoek, kirola ikaragarri maite dutelako, orain arte egin dutela eta ahal duten bitartean segiko dutela argudiatuko dute, eta guraso askok nahiago izango du hamar-hamabost euro horiek beste zerbaitetan gastatu. Beraz itxaropen handirik ez gauzak aurrerantzean aldatzeko.

Pilotari bat profesional mailara heltzen denean, bere enpresak prestakuntzako urte luzeetan gastatu diren dirutzak ordaindu beharko lituzke, baina hau ere utopiaren lur goxoetan murgiltzea litzateke. Dena den, hori ez da arazoa. Kontua da gazte piloa kirol zoragarri honen bidetik joan daitezen laguntzeko modua topatu behar dugula, eta horretarako udaletxe, tekniko eta gurasoon bultzada behar dela. Gurdi astunari zenbat eta gehiagok bultzatu, hobeto.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak