Zenbat buru hainbat aburu
Uztarria.com-eko albistiei erantzunez
GAIA: Uztarria Kultur Koordinadoraren webguneko ‘Albisteak erantzunez’ atalean euskalgintzaren aurka Guardia Zibilak egindako azken operazioaren inguruan aritu dira. Hona iritzi batzuk
Mugitzen hasi beharra
Gaurko poza bihar berriro amorru eta etsipen ez bihurtzeko mugitzen hasi behar dugu denok: erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, udalak...) baina gehienbat herritarrok. Franco-ren garaian gure gurasoek euskararen alde lan egin zuten eta guk gaur egun ezer gutxi egiten dugu. Euskarak guztiok batzen gaitu, baina batu gaitezen zerbait egiteko, ez aldarrikapenak egiteko bakarrik.
Azkoittiarra
Nork defenditzen gaitu?
Nork defenditzen gaitu horrelako erasoen aurrean? Eusko Jaurlaritzak zer egiten du eraso hauen aurrean? Eusko Jaurlaritzak ETAren aurka dituen arma guztiak erabiltzen ditu. Era berean, estatuen erasoaldia ere kritikatzen dute. Baina zer egiten dute? Ezer ez. Beraiek ez daude salaketak egiteko. Beraiek herritarren eskubideak babesteko daude. Baina berriro koldarkeriz Madrilen aurrean... Herritarrok exijitu behar dugu gure instituzioek babes gaitzaten, bestela zertarako daude? Beraiek egiten ez dutenez, herriko eragileek eta herritarrek hartu beharko dugu lekukoa. Ondorioz, Herriaren duintasunagatik, erasoei aurre egin diezaiogun, Euskal Herria aurrera!
Eta instituzioek?
Lagunak kalean izatea pozgarria da
Gure lagunak kalean izatea pozgarria da, benetan pozgarria, baina egoera, oro har, antzekoa da. Euskalgintzak aurrera egiten segitzen badu, gure egitura mediatiko-kulturalak sortzen eta sendotzen segitzen badugu, hor egongo gara gero ere, Guardia Zibila etxera noiz sartuko zain. Beraz, larunbateko manifestazioko galderek hor segitzen dute: nork babestuko gaitu? Nola babestuko dugu gure burua? Nola normalizatu eta eraiki gure Hizkuntza eta Herria? Noizbait egingo al dugu benetan hain estrategikoak diren proiektuen alde, batere zalantzarik gabe, sendo?
Iban
|