Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  azaroa »  Hegan egiteko ametsa gauzatze bidean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

aurrera ekarrita

Hegan egiteko ametsa gauzatze bidean

Jon Azpiazuk umetatik nahi zuen hegazkineko pilotua izan. AEBetan egin ditu lau urte titulua ateratzen; gaur egun Katalunian ari da ikasten.

  (Jon Azpiazu)
  (Ion Aranburu)
  (Ion Aranburu)
Jon Azpiazu, AEBetan pilotu ikasketak egiten ari zenean  (Jon Azpiazu)
Jon Azpiazu hegazki baten kabinan, hegaldi batean  (jon Azpiazu)

Etorkizun hurbilean izango duen ofizioa zuen umetako ametsa Jon Azpiazuk. Batzuk, umetan, suhiltzaile, polizia edo antzeko lanbideekin egiten dute amets. Jonek, berriz, hegazkineko pilotu izan nahi zuen. Eta baita lortu ere. Oso gutxik izaten dute umetan hain garbi gero zer egin nahi duten, zertan lan egingo luketen. Hala kontatzen du Jonek: "Nik hiru urte nituela, amaren ahizpa bat Ingalaterrara ezkondu zen, eta hegazkina hartu behar izan genuen hara joateko. Ordundik datorkit ofizio honetan jarduteko gogoa". Duela bost urte amaitu zituen UBIko ikasketak, eta orduan hasi zen aereonautika ikasten. "Irakaslea galdezka hasi zen gelako denoi, ea zer ikasi nahi genuen; alegia, gure etorkizuneko lanbidea zein izatea gustatuko litzaigukeen galdezka. Nik informatikaren edo aereonautikaren artean banituen zalantzak. Telekomunikazioetan sartzen saiatzea ere pentsatu nuen, baina azkenean aereonautika egitea erabaki nuen". Beraz, umetako ametsa egia bihurtzen hasi zen Jon.

Baina aeronautikako ikasketak egiteko Euskal Herritik kanpora joan behar izan zuen. Hasieran Madrilera joan zen, eta gero Amerikako Estatu Batuetara, Arizo-nara hain zuzen ere. Han pasatu ditu Jonek azkeneko lau urteak. AEBetan dagoeneko pilotu ofizialaren titulua badu; "pilotu komertzial instrumentalaren titulua badut". Baina, Europan ezin du hegazkinik gidatu. "Hemen legedi desberdina dago, eta berez ezin ditut hegazkinak ukitu ere egin". Orain AEBetako ikasketak baliozkotzen ari da, Sabadellen (Katalunian). Baliozkotze horretako ikasgai teorikoak amaitzen dituen arte ezin du hegazkinik gidatu. "Hegazkinak gidatzen ez da ahazten, baina trebetasuna galtzen da. Bizikletan bezalakoxea da: sekula ez da ahazten, baina trebetasuna galdu egiten da. Ikasgai teorikoekin berehala amaitu nahi dut, berriro hegazkinak gidatzen hasteko".

Oraindik pilotu bezala lanean hasi ez den arren, lan ordutegiak lanbide hau asko baldintzatzen duela dio. "Erreleboetan edo zama garraioan lanean hasiz gero, gogorragoa da, gauez egiten delako lan. Eta gauez lan egitean gehiago nekatzen da. Bidaiarien hegazkinetan lan eginez gero, ardura handiko lana da, bidaiarien bizitza zure eskuetan dagoelako, nolabait esateko. Bestetik, estres askoko lana da; estresa sortzen du. Hegazkina aireratzerako unea oso estresantea izaten da, gauza asko batera egin behar izaten direlako. Gora iristean estresa asko jaisten da, baina berriro lurreratzearekin pentsatzen hasi behar da. Eguraldi txarra edo lurreratzeko toki gutxi badago, oraindik ere konplikatuagoa da, lurreratzea zailagoa egiten delako. Une horietan edozein akatsek ondorio larriak ekar ditzake. Baina lan hau baino lanbide gogorragoak egongo dira, jakina".

INFORMATIKOA. Beste ikasketa batzuk ere egin ditu Jonek. Hegazkinekin lotuta paratxutean saltatzeko titulua ere atera zuen. "Ikastaro hori hobby bezala egin nuen, ez titulazioa osatzeko". Hegazkinetan lanik lortuko ez balu-edo, informatikako ikastaroak ere egin zituen. "Badaezpada egin nituen, hegazkinen munduan lana lortzea ez baita hain erraza". Nahiz eta ikasketa erabat desberdinak izan, badituzte antzekotasunak ere. "Informatika eta hegazkinen arloa osagarriak dira nolabait. Gaur egun gero eta gehiago egiten da lan ordenagailuekin, eta baita hegazkinen arloan ere. AEBetan orain bada beste moda bat: pilotu lizentzia atera ostean, segurtasuneko espezialitatea ateratzen du jende askok, istripuak ikertzeko eta antzeko gauzetarako". Ez da oso harrigarria, estatubatuarrak segurtasunarekin nolabait obsesionatuta bizi direlako. "Paranoia horretatik datorren moda da. Istripu asko gertatzen dira, eta istripu horiek ikertzeko adituak nahi dituzte, istripuak aztertu eta gero ondorioak ateratzeko. Ez da lanbiderik onena, zeuk ere paranoiko amaitu dezakezulako. Baina bestalde, pilotu hobea izaten laguntzen du, besteek egindako akatsetatik ikasten delako".

IRAILAK 11. 2001eko irailaren 11n ere AEBetan zen Jon. Goizeko 08:00etan klasera joan zenean jakin zuen dena. "Nik zuek hemen ikusi zenituzten irudi berberak ikusi nituen. Izugarrizko show-a izan zen. Euskadi Irratitik ere deitu zidaten, elkarrizketa bat egiteko, baina ni ez nengoen New Yorken. Nahiz eta AEBetan egon, Azpeitian egotea bezala zen, dena telebistaz bizi izan nuelako". Gero hasi ziren komeriak. Eskola aste betez itxita egon zen, AEBetako Gobernuak hegazkinen bidaiak debekatu egin zituelako. Horrez gainera, Jonen hango lagunak ziren afganiar bat, libanoar bat, bi saudiarabiar, pakistandar bat, eta baita Pakistan, India eta inguruetan bizitako beste bat ere. Nahiko egun arraroak izan ziren Jonen lagunentzat. "Gertaera hura nahiko gogorra izan zen nire lagunentzat, batez ere afganiarrarentzat. Horrelako zerbait gertatzen den bakoitzean beti, ekialde-hurbileko jendearen aurka jotzen dute. Gainera, afganiarra Meua Mohamed deitzen da. Izen hori edukitzeak ere ez zion batere lagundu. Dendatan eta zerbait erostera joaten zen bakoitzean, jedearen begiradak eta galderak jasan behar izaten zituen".

FBIren bisitak ere izan zituzten. "Gure unibertsitatera etorri ziren, eta sekulako miaketak egin zituzten. Interneteko sarbideak hartu zizkiguten, gure posta elektronikoak eta bisitatzen genituen orrialdeak kontrolatu ahal izateko. Ikasleei ere galdeketak egin zizkieten, batez ere musulmanei. Ikasle internazionalek ere beraien paper guztiak aurkeztu behar izan zituzten, bisak, han bizitzeko baimenak eta abar. Pelikuletako antzekoa izan zen".

Orain, berriz, Sabadellen da, bere ikasketak amaitzen. Zorte apur batekin, otsailean amaituko ditu ikasgai teorikoak. Gero praktika bakarrik faltako zaio: alegia, hegazkinarekin hegan egitea. Umetako ametsa beteko du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak