|
|
|
kirola
: Nuarbeko sokatira taldeak uko egin dio Europako Txapelketan nazioka aritzeari: Espainiako ereserkia ez entzuteagatik, banderagatik… Ideiekiko koherentziagatik, erosotasuna albo batera utzita
Nuarbe=Espainia ez
Enekoitz Esnaola
Nuarbe. Gipuzkoa erdialdean dagoen herri txikia —edo, administratiboki, Azpeitia eta Beizama herrien auzunea—. Baserritarra. Euskalduna. Euskal Herrian praktikatzen den kirol batean talde bikaina duena: sokatirakoa. Beraz, imajinatzen Nuarbeko tiralariak nazioarteko txapelketa batean, podiumean, beraien omenez Espainiako bandera altxatzen ikusten, arropan ‘Espańa’ idatzita eta kolore horiekin, eta Espainiako ereserkia entzuten? Nuarbetarrek beraiek garbi dute: “Ez. Eta horregatik ez gara joan irailean Holandara, Europako lur gaineko Txapelketara, nazioka lehiatzeko baldintza horiek bete behar zirelako: ereserkia entzun, bandera…”, esan dio Luis Gurrutxaga, Nuarbeko presidenteak Uztarriari. Nuarbek iaz bete zuen 25. urteurrenak sortutako nekeak —ekitaldi asko, bidaiak…— eta aurten taldean iaz baino laupabost lagun gutxiago egoteak ere izan dute zerikusia Holandara ez joateko erabakian. Baldintzena izan da, ordea, pisuzko arrazoia.
Azken urteotako kontua da baldintzena. Espainiak muturra sartu duelako, politizatzen ari delako Espainian praktikatzen ez duten kirol hau. Batez ere orain dela bi urtetik dago gogor Nazioarteko Sokatira Federazioa. “Orain bi urte Japonian jokatutako Munduko Jokoetan Sakanako taldea podiumetik jaitsi egin zen Espainiako ereserkia jotzen hasi zenean. Joko horietan ez da sokatira bakarrik jokatzen; hor, Olinpiar Jokoetan ez dauden kirolak jokatzen dira, eta, beraz, Espainiako ordezkari asko zegoen Japonian. Eta Sakanarena ikusi zutenean… Min eman zien horrek, eta harrezkero baldintzak ezarriz dabiltza”.
NUARBE ETA NAZIOKAKOA.
Lehengo urtean Hego Afrikan Munduko lur gaineko Txapelketa jokatu zen; ordurako, talde bezala aritzeko nazio bezala ere aritu beharra zegoela exijitzen zen, eta nazioka aritzean, hasieran aipatutako baldintzekin. Euskal taldeak, ordea, nazioka nahita oso maila kaskarrean aritu ziren eta ez ziren podiumera igo; beraz, batere parafernaliarik jasan beharrik ez. Aurten ere antzekoa egin dute Holandan. “Nuarbek, ordea, naziokako lehiaketari taldekakoari baino garrantzi handiagoa eman izan dio beti, eta, orduan, gu nazioka lehiatuko bagina eta dominaren bat irabazi, ba Espainiako bandera altxatuko lukete eta abar. Horrekin ez gaude ados, eta horregatik ez gara joan aurten”.
Orain dela sei urte Munduko Jokoetan arrisku horretan izan ziren Nuarbekoak, urrea irabazi zutenean, “baina protokoloari uko egin genion, ordu arte ereserkia-eta ez entzuteko gurekin nolabaiteko
hitzarmena zegoela esan genielako antolatzaileei”.
Etorkizuna ez da ona. Nuarbek bere 26 urteetan egundoko palmaresa bildu du, Euskal Herrian ez ezik, munduan ere bai, eta oraingo baldintza hauekin nazioartean domina gehiago ez irabazteko aukera dute. Koherentzian ere txapeldun dira, ordea.
|