Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  Zaratutzen bigarren

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

bertsolaritza : XIX. Basarri Saria bertso paper lehiaketa garrantzitsuan bigarren saria irabazi zuen Jexux Lopetegik. Irailaren 5ean jaso zuen saria, Zarautzen bertan

Zarautzen bigarren

Jexux Lopetegik Burgoseko (Espainia) herri txiki batean oporretan zela jakin zuen XIX. Basarri lehiaketako bigarren saria irabazi zuela. Ilusioa egin zion saridun izan zela jakiteak. “Ilusioa beti egiten du eta, gainera, Basarri bertso idatzien txapelketak ospe handienetakoa du. Nire sortako gaia, laburbilduz, umearen paperetik helduentzat idatziriko tragedia da”. Lopetegik ez du bertsotan eskuratu duen lehen saria; aurretik, Erniarraitzek antolatutako lehiaketan ere saria jaso baitzuen.

 

Gaia:

amatxo baina... non dago aitatxo?

doinua: Gogoan daukat ez da aspaldi
Neurria: hamarreko handia

Amatxo baina... Non dago aitatxo?
Asko da falta detela.
Berak, zeruan! erantzuten dit
teknikari den bezela.
Bertako izar distiratsu bat
ilunik gelditu zela.
Besteek ezin konpondu eta
zeu joan omen zinela.
Nik banekien denetarako
aita onena nuela!

Azken boladan iruditzen zait
jendea niri begira,
gaiztakeririk ez det egin ta
zergatikan ari dira?
Halere ezer ez da nirea
ondo nago eta, tira!
Baina amatxo dabil arraro
ez da irtetzen herrira.
Nirekin ez du azaltzen baina
zeharo triste bizi da.

Lotaratzeko ordu honetan
badakizu honezkero
zure argazki bat badudala
almoadapean bero.
Kolore pixkat galtzen ari da
muxuak emanda edo.
Aitatxo asko maitatzen zaitut!
esaten diot gauero
eta amatxok “ta nik ere bai”
xuxurlatzen dizu gero.

Gauez isiltsu etortzen zinen
azken muxu bat emanez
nik, lo itxura egiten nuen
maitasuna dasta nahiez.
Oraindik ere zain egoten naiz
bazatozenaren fedez
beraz hartuko banindu loak
eta zu itzuli gauez
besarkatzea behar det eta
esna nazazu mesedez.

Kaixo aitatxo! sei urterekin
idazten hasi geranez,
zueri gutun bat egiteko
gaur andereiñoak afanez.
Nik esan arren nondik zenbilen
ezin nuela aidanez
berak goxoki besarkatu nau
pare bat muxu emanez
zerutik ere irakurriko
dizkidazula esanez.

Mugaz gain maite ginduzula ta
ez itzultzeko, zer dezu?
Agian beti oihu nintzanez,
noiznahi haserre ta kexu
aguantatu ezinda edo
aldendu ote zinen zu?
Inoiz malkoak azaltzen zaizkit
ustezko kulparen izu
birek papera busti didate
barkatuko al didazu?

Ia gauero birsortzen zaidan
amets bat badet gordeta.
Nola noizpaiten jantziko dedan
REALeko kamiseta,
nire gol denak zuri eskeintzen
seinaleztatzen gradeta.
Baina amari ez diot egin
amets hauen kontaketa
gero ohera sartutakoan
negar egiten du eta.

Aurkitutako iltze guztiak
jasotzen ditut niretzat.
Herdoil pixka bat badute baina,
igoal behar ditu aitak?
Olentzerori idatzi ere
oparietatikan at,
jostailu eta jostalaria
nire aita ditut biak.
Eraman hauek eta lagundu
beharra, berea daukat.

Atzo gauean marrazki batzuk
ari nintzela apaintzen
ETB bat-en azaldu zinen
zeure argazki ta izen.
Amak presaka itzali zuen
ta nahiz ez aditu zuzen
orain lo asko gertatutako
bonbaren baten zerbait zen.
Oso guapo azaldu zinen
ta poz pozik jarri nintzen.

Ama fabrika baten hasi da,
beti langile ta polit,
gero gauean ikastolako
lanarekin laguntzen dit.
Oheratzean oso ipuin
politak kontatzen dizkit.
Magal horretan Banbi gaixoa
sarri burura datorkit
eta umezurtz utzi zutenek
ez ote zuten bihotzik?

Osabagatik dakizkit zutaz
istoririkan gehienak.
Sorbaldan nola hartzen ninduzun
paseatzera irtenak.
Egurrez egin zenizkidala
jostailurik politenak.
Zein kirolari dohai dituzun
zein portaera gardenak
eta gero nik hartzatxoari
kontatzen dizkiot denak.

Gaurkoz, nahikoa! esanez daude
ikastolako bi txirrin.
Orain aitona datorkit bila
herrenka, nahi eta ezin,
beste haurtxoen gurasoekin
hitzegin eta hitzegin.
Agur aitatxo! Gauean berriz
elkartuko naiz zurekin,
agian triste ipini zaitut
baina ez negarrik egin.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak