Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko uztailek 3,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  “Lana guztiz ez dut inoiz utziko” »  lau mila elkarrizketa baino gehiago

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Haurra zela liluratu zen Joxe Mari Iriondo irratiarekin. Gero, barrua eta kanpoa ezagutu ditu

lau mila elkarrizketa baino gehiago

Nerea Uranga

Umetatik liluratu izan du Joxe Mari Iriondo irratiak. Gero, 22 urte egin zituen Loiola Irratian. Ondoren, euskal irratien koordinatzaile nagusia izan zen eta Radio Euskadiko zuzendaria. Irratia barrutik eta kanpotik ondo ezagutzera heldu da. Gaur egun ere telebista ikusi baino, irratia gehiago entzuten du. “Irratia beti gustatu izan zait, orain ere telebista baino askoz gehiago gustatzen zait. Gaur egun telebista ikusten baino irratia entzuten denbora gehiago pasatzen dut”, dio Iriondok.

 
 

Hamar urterekin liluratu zen aurrenekoz kazetari azpeitiarra irratiarekin. Hamahiru hilabete besterik ez zituela ama hil zitzaion Iriondori eta amonaren jaiotetxera, Aretzerrekako Atxumarriya baserrira eraman zuten Iriondo haurra. Urtero, Gabon garaian, Joan anaia Joxe Mari jaiotetxera eramatera joan ohi zen Aratzerrekara. “Hamar bat urte edukiko nituen eta jaiotetxean irrati bat erosi zuten, Telefunken handi bat, oso ederra. Irratia entzuten egon ginen eta ni harrituta nengoen, nola han, hain toki txikian, bi lagun nola sartzen ziren. Irratian hitz egiten Maria Dolores Agirre eta Jose Artetxe ari ziren”, kontatzen du Iriondok.

Irratia entzun ondoren ez zuen gau makala pasatu Iriondok. “Gau osoan esna egon nintzen. Eta hurrengo goizean inor baino lehenago jaiki nintzen pixa egitera, eta sukaldera joan eta irrati aparatuari atzetik begiratu eta bere inguruan bueltaka ibili nintzen, ea bi lagun han sartzea nola zen posible pentsatuz”.

ZORIONAK BERTSOTAN.

Segura Irratia hasi zenean ere Iriondok familiako bati zorionak bertsotan eman zizkion irratiz. “Hiru bertso kantatuta eman nizkion zorionak senide bati. Orain bertso haiek ez di-tut topatzen; gutxi gorabehera badakit nola ziren, baina ez naiz ausartzen idazten, ez zirelako benetakoak izango”.

Gabiriko eskolan ibili ondoren soldadutza egitera Afrikara joan zen; Sidi Ifnira, hain zuzen ere. Irratiaren barrenak orduantxe ikusi zituen aurreneko aldiz. “Sidi Ifni Irratian lagun batek egiten zuen lan eta harekin joan nintzen. Eta irrati hark oinarri-oinarrizko elementuak zeuzkan”.

LOIOLA IRRATIA.

Iriondok, soldadutzan zegoela, Loiolan irrati bat sortzera zihoazela jakin zuen. “Soldadu nengoela abisatu zidaten Loiolan irratia ipintzekotan zirela eta inauguraziora etorri nahi izan nuen. Irratia aurretik hasia zen —otsailaren 11n— baina uztailaren 31n zen inaugurazioko egun handia, eta ordurako etortzeko asmoa nuen. Etortzeko prest nengoela, Aviacon sartuta ginen, baina handik aterararazi gintuzten. Garai hartan ere, oraintxe bezalaxe, beti komunismoaren susmoa baitzen. Konpainiara idatzi bat etorri zen esanaz, ‘se han detectado celulas comunistas en la población de Sidi Ifni’. Beraz, han gelditu behar izan nuen. Baina, abuztuaren 26an etorri nintzen etxera eta 28an Loiola Irratian hasi nintzen”. Loiola Irratian kontabilitatea eramaten hasi zen lanean Iriondo, baina gero pixkanaka kazetari lanak egitera pasatu zen. Gidoigintza izan zen aurreneko pausoa. “Imanol Eliasek Andre-gizonak izeneko kontakizun saiorako gidoiak idazten zituen eta hark utzi zuen batean niri eskatu zidaten gidoia idazteko. Hori izan zen nire lehenengo gidoia. Gero herrietako informazioari buruz idazten hasi nintzen; erredakzio lana egiten nuen, alegia”. Eta kazetari lanean 22 urte egin arte hantxe, Loiola Irratian.

GORDE GABEKO BI.

Irratian egindako lau mila elkarrizketa ditu kontatuta Iriondok. Ia denak grabatuta ditu, baina gogoan baditu bi elkarrizketa grabatu gabe dituenak. Pena hori badu.

“Behin, Arantzazun, Jorge Oteizari egin nion elkarrizketa ezabatu egin zuten. Hari ezer esan gabe grabatu nuen. Han ‘mecaguen la virgen, mecauguen dios’ eta horrelakoak esaten zituen. Behin Loiolan eman zen grabazioa, baina gero ezabatu egin zuten”, dio azpeitiarrak.

Beste bat ere bada grabatu gabea: Atxukarrorena. “Atxukarro anaietako batek —bi anaia ziren— Uzkudun borrokara desafiatu eta honek desafioa onartu egin zuen. Zelatungo gainean egin zuten borroka, harriz eskorta bat egin eta handik kanpo irteten zenak galduko zuen; han barruan, batak bestea hil arte nahi zuena. Azkenean, Uzkudunek galdu zuen, estropozu egin eta eskortatik atera baitzen. Grabazioan gertakizun hura jaso zen, Atxukarrok kontatuta, baina ez dago jasota”.

Elkarrizketak gordetzea, “hizkuntzaren lekukotasuna jasotzea” dela dio Iriondok. “Adineko jendearen elkarrizketak beti gorde egiten genituen, jende gaztearenak ez. Jean Haritxelharrek, behin, Esanak esan saiora etorri eta hala esan zidan: “Joxe Mari, nekrologika usaina ez al dauka elkarrizketa honek?”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak