Afizioak eta "fustrazioak"
Nerea Uranga
Zaletasunak baditu Joxe Mari Iriondok. Berak, “norberaren frustrazioak” direla uste du. Lan asko egin du euskal kulturan eta bere “frustrazio” asko euskal kulturari lotuak daude. Hala dio: “Niri mundu honetan gustatuko zitzaidan pilotaria izatea, bertsolaria izatea, trikitilaria izatea eta kantaria izatea; eta une honetan gustatuko litzaidake informatikoa izatea”. Honatx haren beste esan batzuk:
kantagintza.
“Kantagintza nire benetako kuttuna izan zen. 1964an
lehenengo Lurdes Iriondorekin eta gero Julian Lekuonarekin egindako grabazioen ondoren, kantariak biltzeko lehenengo bilera egin genuen Zarautzen, Joxe Antonio Artzek eskatuta. Belaetxen, Azpeitian, ere elkartu ginen. Gero, Bar Iturriotzen Donostian, eta handik sortu zen Ez Dok Amairu”.
bertsolaritza.
“Ni bertsozalea naiz, oso bertsozalea. Bertsotan orain oso erraz idazten dut. 1954an Gabirian eskolan nenbilela etxera lehenengo gutuna koplatan egina bidali nuen. Kopla horiek, gainera, topatu ditut”.
trikitilaritza.
“Trikiti lehiaketa aurrenekoz 1970ean antolatu genuen, Donostiko Trinitate Plazan. Sarrera guztiak saldu ziren eta jendea kanpoan gelditu behar izan zen. Arrakasta hura deskubrimendua izan zen jende askorentzat”.
pilota.
“Nik pilotan orain arte jokatu izan dut eta ukolondoagatik utzi nuen. Esan zidaten codo tenista neukala, baina nik inoiz ez dut jokatu tenisean. Hori bai, azkeneko urteetan palaz egiten nuen”.
afizio ezkutua.
“Niretzat benetako afizioa argazkia izan da. Argazki eta diapositiba asko ditut aterata”.
|