Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  “Lana guztiz ez dut inoiz utziko”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

elkarrizketa : Kazetaritzan 42 urtez egin du lan Joxe Mari Iriondok. Loiola Irratian kontuak ematen hasi zen, eta kazetari 22 urte egin zituen han; ondoren telebistan beste 20

“Lana guztiz ez dut inoiz utziko”

Nerea Uranga

Zarautzen, Jose Mari Iriondorek bizitzeko aukeratu zuen herrian jarri zuen hitzordua Uztarriak harekin. Musika plazan, 11:00etan. Euskal Astea izanik, “aurresku txapelketa” ospatzekoa zela aipatu zuen Iriondok elkartu bezain laster. Zarautzen bizi da gaur egun, Azpeitian ere bizi izan zen, Urrestillan jaiotakoa eta “bihotzez” Aratzerrekakoa da; hamahiru hilabetez gero, ama galdu eta Aratzerrekako Atxumarriya baserrian bizi izan baitzen. 42 urte egin ditu kazetaritzan lanean eta orain 65 urterekin jubilazioa hartu du. Urte guztietako gorabeherez eta inpresioez hitz egiteko gelditu zen Uztarria Iriondorekin. Hala bada, “oso taberna zalea ez” dela aitortu arren, ebaki bat hartuz taberna bateko mahaiaren bueltan aritu zen kontu kontari bi orduz.

 
 
 
 
 

Kazetaritzan 42 urte egin dituzu lanean. Lan gogorra izan al da?

Konturatu gabe joan zaizkit 42 urte. Lehengo batean galdetu zidaten ea orain lana utzi eta etsiko al dudan. Lana ez dut utzi eta ez dut utziko. Hala ere, nire zalantzak baditut egunerokoarekin etsiko ote dudan; ez dut uste. Orain arte gogo horrekin nago. Lan gogorra baina oso polita izan da. Hor bada esaera bat: ‘Gustuko tokian aldaparik ez’. 42 urtean sufritu ere egin dut; Loiolan beti kezkarekin emisora noiz itxiko. Telenortera lanera joan eta lan berri batekin hasi beharra, eta gero ETBko zuzendaritza bi urteko greba baten ondoren hartu nuen. Orduan Carmelo Otaegik bidalitako telegrama gordeta dut: “Hoyek dituk potroak!”, esan zidan. Gero berriro euskal irratietara pasatu nintzen... Sufritu bai, baina sufritu baino gehiago gozatu egin dut beti. Eta orain sufrimenduak erabat ahaztuta dauzkat eta gozatu dudana daukat gogoan. Ez dira asko izango kazetaritzan ni baino gehiago gozatu dutenak. Ondo pasatu dut.

Loiola Irratian kontuak ematen hasi eta kazetari lanak egiten bukatu zenuen.

1961eko abuztuaren 28an hasi nintzen Loiola Irratian, soldaduskatik etorri bezain laster. Kontabilitatea eramaten eta fonotekan zer zegoen eta zerrenda bat egiten hasi nintzen lehenengo. Gero gidoiak egiten, erredakzio lana egiten eta azkenean bertan 22 urte egin nituen.

Loiola Irratian lanean izan zinen zenbait garaitako unek, gaur egungo zenbait egoera ere gogorarazten dituzte. Hau da, 1965ean emisora itxi zuten urtebetez, irratiaren aldeko manifestazio bat egin zen...

Fraga Iribarnek lege bat atera zuen. Esaten dute, behin bazihoala txoferrarekin autoan, Donostiatik Bilbora —jakina, espiatzen zihoan— eta irrati batean iragarkiak euskaraz entzun zituela. Egia da Loiolari akusazio bat baino gehiago egin zizkiotela, Donostiako emisoreetatik, guk publizitatea euskaraz egiten genuela eta, hori konpetentzia desleiala zela esanez. Orduan lege bat atera zuen Fragak: Espainia osoko probintzia bakoitzean kate bakoitzeko irrati bakarrak egon behar zuela esaten zuen. Gipuzkoan bi zeuden —Donostiako Herri Irratia eta Loiolakoa— eta bietatik bat itxi egin behar zen: Loiola. Onda Media itxi egin ziguten, promes batekin: gestioa egin eta FM aterako genuela. Baina FM hemen inork ez zekien zer zen. Urtebetean jendea langabezian egon zen, ni ere bai, baina bide batez gestioak egiten, tokia topatu... Gaur egungo Loiolako irratiaren Itxumendiko antena, Lekuonak eta biok topatutako tokia da. Gero hara argindarra nola pasa zitekeen aztertu eta Antzuolatik jaso behar izan genuen; lau kilometro eta erdi pasa dira. Elosu gaineko hiru soziedaderekin tratua egin ondoren lortu genuen.

Gero noiz hasi zineten berriro emititzen?

1966ko San Inazio egunez hasi ginen berriz ere, baina arazoak genituen seinalea Itxumendira bidaltzeko. Izarraizko harrobia hartu genuen erreferentzi eta seinaleak harrobiaren kontra errebotatzen zuen eta Itxumendira iristen zen. Gero kanpaina egin genuen bazkideak egiteko, aldizkari bat ere atera genuen bazkideak eskatuz; bost mila bazkide lortu genituen. Dirua baino gehiago laguntasun morala izan zen, eta batez ere jesuiten aurrean presio egiteko balio izan zuen. Gero hori dena martxan jarri genuenean, aldizkaria babestu zigun Azkar-ekin tratua egin genuen sintonizadoreak egiteko. Orduko irratiek artean ez zeukaten FMrik. Egurrezko kaxa txiki batzuk ziren sintonizatzeko. Etxez etxe eta baserriz baserri antena horiek egiten ibili ginen. Angel Alkainek Sorginen Laratza batean esan zidan “zu gure etxean izanda zaude”. Eta nik, “ni zuen etxean izanda?”, galdetu nion. “Bai, eta, gainera, han aparatu txiki bat jarri zenuen Loiola Irratia entzuteko”, esan zidan. Gu horrekin ahaztuta gaude, baina azkenean etxera, ni behintzat, pixka bat edanda itzultzen ginen; emisorea doan zen, baina etxe bakoitzean baso erdi bat-eta ematen ziguten. Esperientzia izugarria izan zen.

Atentatua ere izan zuen irratiak.

Beti Loiola noiz itxiko kezka horrekin ibili ginen, bai Onda Median, baita FMn ere. Bonba bat ere ipini ziguten. Beste behin, petardo txiki bat ipini zuten estudioko atean; ez zeukan indarrik eta atea erre zuen. Baina, batez ere, kezka hori geneukan, noiz arte izango genuen lana han.

1976eko martxoaren 27an 24 ordu euskaraz jarraian saio bat egin zenuten Loiolan.

Saiakera bat izan zen eta uste dut saiakera ondo atera zela. “Euskaraz normal ezin al dezakegu egin? Hau da, baserritarrentzako edo edozeinentzako saio normalak ezin al ditzakegu egin?”, esaten genuen. Euskara normalizatzeko saiakera egin nahi zen, baserritarrentzat, kaletarrentzat euskara normal erabil zitekeela adierazteko. Eta nik uste dut Loiola Irratiak lortu duen gauzarik onena hori izan zela. Oso esperientzia polita izan zen 24 ordu euskaraz saioarena. Orduan baimena ofizialki eskatzeko Madrilera joan behar izan genuen. Jose Mari Satrustegi euskaltzainak Jose Maria Areiltza Espainiako Kanpo Harremanetako ministroa ezagutzen zuen eta haren bidez erraz lortuko genuela-eta joan ginen. Orduan Madrilen Areiltza ministroaren autoan ibili ginen; inola ez nuen nik pentsatuko inoiz ministro baten autoan ibiliko nintzenik!

1975ean, 22 urtez irratian lan egin ondoren, telebistarako pausoa eman zenuen. Nolatan?

Telenorten lan egiteko sortutako aukerari baiezkoa eman nion. Irratian urte batzuk egin nituen eta goiak eta beheak, izkina denak jota nengoen. Nire burua pixka bat oxigenatzeko oso gustura hartu nuen eskaintza.

Zer lan egiten hasi zinen Telenorten?

Euskalerria izeneko asteroko saioa zen. Oso bitarteko gutxirekin egiten genuen. Zeluloidean egiten zen, 16 milimetrotan. Lan taldea ere txikia zen eta gaiak euskal kulturari lotutakoak izan behar zuten; alegia, ez zen gai informatiborik. Elkarrizketak eta bai, baina gai informatiborik ez. Debekatuta zegoen informazio lokala, Radio Nacional-ek zeukan esklusiba informaziorako. Eta, hala ere, izan genituen arazo batzuk.

Arazo haietakoren bat gogoan bai?

Jose Angel Iribarrekin egin genuen elkarrizketa bat zentsuratu, atzera bota ziguten lehenengo egunean, baina esan genuen: “Gaur atzera bota badigute, hurrengo astean berriro aurkeztuko dugu”. Eta hurrengo astean ontzat eman ziguten; hori Madrileko zentsura zen. Baina zentsurak gehienetan ez ziren Madrilekoak izaten; Madrilekoak hemen zeuzkaten monagilloenak izaten ziren,eta horiek euskaldun-euskaldunak ziren. Nire garaiko jendeak oso ondo ezagutzen zituenak eta normalean oso abertzaletzat zeuzkatenak. Hala ere, esperientzia polita izan genuen. Gu ‘los de bergara con b’ ginen, hala esaten ziguten, Bergara ‘b’-rekin idazten genuelako.

Haiek izan al ziren telebistan euskaraz egin ziren lehen saioak?

Maite Barrenetxek, F3n, hamabostean behin bost minutuko saio txiki bat egiten zuen, Iparralderako baino ez; saio hura uste dut 1973an hasi zela. Baina Hegoaldean euskaraz egin ziren lehenengo esperimentuak Telenorteko Euskalerria saiokoak izan ziren.

Telenorten aritu ondoren, Euskal Telebistara pasatu zinen.

ETB hasterako Hanburgera bidali nahi ninduten ikastaroetara baina orduko zuzendari nagusiarekin, Josu Zufiaurrekin, ez nintzen konpondu eta ez nintzen joan. Gero, hala ere, ETB hasi eta bi hilabetera lanpostu bat lehiaketara atera zen: asteburuetarako erredaktoreburua eta kiroletako zuzendariaren postua. Niri kostatu egin zitzaidan erabakia hartzea baina azkenean aurkeztu egin nintzen lehiaketara. Ordurako banituen 45 urte. Atera egin nuen eta 1983ko apirilaren 12an ETBn lanean hasi nintzen, eta 1985ko abuztua arte asteburuetako erredaktoreburu eta kiroletako eta kulturaletako zuzendari bezala egin nuen lan. Eta 1985ko abuztuan —gauzak orain ikusi eta orduan ikusi oso desberdinak dira— ETBko zuzendari eta progamazioburu izendatu ninduten. Gaur egun ETBko zuzendari eta programazioburu pertsona bat izatea ez da posible. Legealdi hori horrela egin nuen eta hurrengo legealdian Miramonera pasatu edo eusko irratietako —Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta Radio Euskadi— zuzendari nagusiaren postuetarako proposamena egin zidaten; irratietako zuzendariaren postua aukeratu nuen. Orduan, 1989tik 1996ra, hiru irratietako zuzendari-koordinatzaile nagusia eta Radio Euskadiko zuzendaria izan nintzen. Gaur, zuzendari-koordinatzaile bat beste egitekorik gabe dago eta irrati bakoitzak bere zuzendaria du. Orduan ardurak pilatu egin behar ziren, baina soldata batekin ziren denak.

ETBn egin duzun azken saioa Esanak esan izan da.

Azkeneko urteetan saio bereziekin eta Esanak esan saioarekin ari nintzen lanean. Esanak esan-ek astean egun bateko lana ematen zidan. Eta saio bereziak Azpeitiko danborrada edo zuzeneko emanaldiak ziren, baita grabazioak ere.

Orain lana utzi eta zure lanekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Lana guztiz ez dut inoiz utziko. Euskadi Irratian kolaborazio bat egiten hasiko naiz. ETBn, berriz, Esanak esan-ekin segitu egin nahi dutela esan zidaten eta orain, udazkenean, hitz egitekotan gelditu ginen. Alde batetik, pantaila uzteak ez lidake inolako penarik emango. Beti Jose Luis Lizundiaren espresio bat erabiltzen dut —bera ere nirekin batera jubilatu da; hura Euskaltzaindian—: “Jubilatua, baina erretiratua ez”. Orain Teodoro Hernandorenari buruzko lan batekin ari naiz; urtearen azkenerako entregatu behar dut. Eta gero, bilduma bat egin nahi dut; zati handi bat eginda daukat baina lan zaila da. Basarriren kronika eta argitaratutako bertso denak bildu nahi nituzke. Hor lan handia daukat, egunkari denak ez baitaude digitalizatuta. Bitxia da Basarriren historia. Basarri asko ezagutzen nuen baina ez nuen uste adina ezagutzen.

Pixka baterako lana badaukazu orduan.

Bai, baina hori da benetan gustatzen zaidan lana.

Euskararenganako eta idazteko duzun zaletasun hori behin etxeko ganbaran topatu zenuen liburu batengatik omen datorkizu.

Beno, bi liburu daude. Bat, etxean topatu nuena, Santa Genobebaren bizitza, Zapiain anaiena bertsotan. Handik laster Aratzerrekan eskolan leihoaren azpian armairu bat zen eta han Nekazaritza Gipuzkoako Diputazioak egindako liburu batzuk aurkitu nituen. Liburu hori arakatzen hasi eta, batez ere, hango argazkiek harritu ninduten: baserritar bat sardearekin belarra jasotzen azaltzen zen eta gurdi gainean hartzeko zegoenari sarda punta sartzen, eta esaten zuen: “Kontuz! Lanak ondo begiratuta egin behar dira”. Argazki hark ikaragarri liluratu ninduen. Eta gero hortik atzera, Gabirira eskolara joan nintzenean, eskolako liburutegian Basarriren bertso sorta ikusi nuen eta orduko euskara irakasleari, Koldo Sarasolari —guk orduan Jose Angel deitzen genion; asteasuarra, oso euskaldun ona—, liburua irakurtzeko utziko al zidan eskatu nion; zortzi egunera itzultzekotan utzi zidan liburua. Itzuli baino lehenago, eta gero bertsoak ikasteko asmoz, koaderno batean eskuz kopiatu nituen den-denak, goitik behera.

Kazetaritzak zer gauza on dauzka?

Oso lanbide polita da eta dituen alderdi onak asko dira, mila dira. Kazetariaren lan orduak 24 ordu dira. Elkarrizketa lehenengo pentsatu egin behar duzu eta dokumentatu. Elkarrizketara esku hutsik joateak ez du balio. Dokumentazio lan guztia askotan iluntzean ohera joan eta lo hartu ezinda zaudenean edo goizean esnatu eta jaikitzeko ordua etorri baino lehenago egiten da. Kazetaritzak balio, orduan balio du. Kazetaritzak alde onak mila gehiago ditu txarrak baino. Ni lehengo barrika zaharrekoa naiz. Inoiz ez zait gustatu lan-itunean zazpi ordu eta zazpi minutu egunean agertzea; horrek ez dit balio izan. Etxean ere mila aldiz segitu izan dut lanean. Sekula ez dut elkarrizketa bat buruz egin. Ez da pentsatu behar “gaur edo bihar gaia menderatzen dudanean errazago egingo dut”; kazetaritzan bihar gutxiago menderatuko duzu gaur baino, gaur ausartago izango zara hemendik hamar urtera baino.

kazetari eta euskaraz 42 urtean lan egin duen askorik ez da izango?

Kazetari lan eta euskaraz bakarrik egin duenik asko ez da izango, ez. Norbaitek izan behar du lehenengo eta niri tokatu zitzaidan. Nik obsesioa neukan; alegia, euskaraz bizitzeko obsesioa neukan eta gero idaztea asko gustatu izan zait. Tokatu.

Lehen esan duzu kamera aurreko lana uzteak penarik ez dizula emango.

Kamera atzeko lana askoz politagoa da, baina askoz politagoa da jarraipena daukazunean, aurkezle batekin lan egin behar duzunean, saioan. Izan ere, aurkezlea era horretan ezagutu egiten duzu eta harekin bat egiten duzu, baina programa bat egiteko denean bakarrik, ez dizu aurkezlea ezagutzeko astirik ematen. Eta kameran ez naiz eroso sentitzen, egia da.

Orain, telebistan, audientziak direla eta ez direla egiten dira saioak. Nola ikusten duzu hori?

Hemengo telebistetan ere audientziei asko begiratzen zaie. Telebistarena borroka ikaragarria da.

Joseba semeak, zure lanbide bera hartu du. Gomendiorik ematen al diozu?

Guk gure artean lan kontuez ez dugu asko hitz egiten, aitatu oso gutxitan aitatzen dugu. Ez hark niri eta ez nik hari. Haren lana ikusi bai, ikusten dut. Orain liburu bat idatzi du eta zuzenketak nik egin dizkiot baina edukia ukitu gabe.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak