Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  1.200 kilometro segidan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

kirola : Jagoba Uriak eta Josu Segurolak bizikleta gaineko Paris-Brest-Paris 1.200

1.200 kilometro segidan

Ainitze Oruesagasti

Paris-Brest-Paris, 1.200 kilometroko bizikleta lasterketa. Mundu osoko 4.100 txirrindulari, eta tartean bi azpeitiar: Jagoba Uria Jako eta Josu Segurola. Abuztuaren 18an, 20:00etan eman zioten hasiera lasterketari. “Lasterketan izena emateko bi aukera daude: batetik, lasterketa 80 orduren buruan bukatzeko aukera; bestetik, berriz, 60 ordutan bukatzekoa. Guk 80 ordukoa hartu genuen, badaezpada”, dio Jakok. Hala ere, uste baino lehenago bukatu zuten lasterketa, 60 ordu azpitik ibili ziren. “Ehun kilometrotik ehun kilometrora, lasterketa egin genuela ziurtatzeko, seilatu egin behar izaten genuen, guztira 14 seilu eta ustekabeko beste bi kontrol ere jarri zituzten. Batzuk lo egiten gelditzen ziren gune horietan; gure asmoa segitzea zen ahal genuen bitartean. Baina bigarren gauean lo egiten gelditu ginen”, dio Josuk.

Jagoba Uria 
Josu Segurola 

Arropak aldatu eta jan ahal izateko laguntzarako autoak eraman zituzten, Jakok emaztea eta Josuk neska-laguna. “Jateko momentuan arropa ematen ziguten, gauez ez hozteko. Eta jatekoa prestatzen ziguten. Egurra hartu genuen, baina lagunek ere gure martxan ibili behar izan zuten, eta nekatu egin ziren. Laguntza izatea oso garrantzitsua da”.

Lasterketaren zati handia gauez egiten da, eta horrek bere arriskuak ere baditu. “Gauez bizikletan ibiltzean bide bazterrera errazago joaten zara; nahiz eta argia eraman, ez da asko ikusten. Azken kilometroetan, jendeari logurea sartu eta abesten eta deiadarka hasten ziren, bizikleta gainean lo ez hartzeko”, diote biek barrez. Lau urtean behin egiten da lasterketa. Segurolak aurreneko aldia zuen, eta Jakok bigarrena, duela lau urte ere parte hartu baitzuen lasterketan. “Orduan bizikletan arazo batzuk izan nituen, eta erretiratu egin nintzen”.

Ordu asko bizikleta gainean pasatzeak, bere ondoriak izaten ditu. “Ordu asko dira, eta azkenerako burua ere huts egiten hasten da. Gelditu eta ez nuen hitz egiteko gogorik izaten. Fisikoki ondo egon behar da, baina mentalki are gehiago prestatu behar da”, dio Uriak. Inguruaz gozatzeko denbora askorik ez dela izaten diote. Baina eguraldi ona izan zuten; egunez fresko, eta gauez hotz.

Egindako lanarekin oso gustura daude biak. “Oraindik ez dugu datu ofizialik, baina 200en artean iritsi ginela uste dugu. 60 ordu azpitik ibili ginen”.

Hemendik lau urtera berriro froga gogor hau egitera joango ote diren ez dakite oraindik. Baina joanez gero, egindako postu eta denborak hobetzeko izango omen da: “Pike hori...; pixka bat hobetzera joan gaitezke. Agian, jende gehiago konbentzituko dugu ordurako”. Lasterketan parte hartzeko, aurretik beste zenbait lasterketa egin dituzte. “Pa-risko lasterketa honetan parte hartzeko beste lasterketa batzuk egin behar dira, eta lau derrigorrrez: 200 kilometroko bat, 300ekoa, 400ekoa eta 600eko beste bat”. Laurak denbora tarte batean egitea eskatzen da, eta beste mila kilometroko lasterketa bat bada, aukeran; azken hori Josuk egin zuen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak