Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  Iritzia »  autorik gabe, azpeitia?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

enbidoa

autorik gabe, azpeitia?

Pako Aristi

Duela hamabost egun inguru egun xelebrea bizi izan dugu Azpeitian: autorik gabeko nazioarteko eguna edo kanpaina zela-eta, hor antolatu dute zerbait hemen ere, jendeari kokoa janez, autobusak lantegietarako jarriz, ideia bat egin dezagun autorik gabe gure bizitza nolakoa izan daitekeen.

Egun berezi horiek herrialde aberats guztietan egiten dira: emakumeen eguna, langileena, amarena, hizkuntzarena, telebistarik gabearena eta ez dakit beste zenbat asmazio. Azpeitia horretan ez da salbuespena. Nik uste dut egun hauek ez dutela ezertarako balio, eta erridikuloa ere iruditzen zait Azpeitia bezalako herri batean, hemen dagoen kotxezalekeria ikusita, kotxerik gabeko egunak antolatzea. Hauek ez dira gure baitako antolakuntzak; hauek Europatik datozen kontuak dira, alor askotan gu baino zibilizatuagoak diren Europa horretatik, eta guk itsu-itsuan irenstea baino ez dugu egiten. Gehienera ere, egun hauek balio dute pobreak ginenean nola bizi ginen ikusteko: jendea lanera oinez edo (zeukanak) bizikletan joaten zen garaiak gogoratzeko. Gero autobusak hasi ziren fabriketara, eta gero autoan launaka, astero autoak txandatuz. Orain jarri zaitez Landetako stopean, eta auto bakoitzean lagun bakar bat ikusiko duzu pasatzen. Izan gaitezen zintzoak. Gaur egun Azpeitian beti bizikletan ibiltzen den lagun bakar bat dago: Fernando Pikua, ez dakit karnetik ez daukalako, edo autorik gustatzen ez zaiolako; horregatik dago beti argal-argal, kolore osasuntsuarekin eta umore onez.

Autoa tresna sakratua bihurtu da gure artean. Propagandetan ez da besterik ageri: telebistan zenbat iragarki, egunkarietan zenbat orri astero auto berriei eskainiak, zenbat aldizkari kioskoetan. Hemezortzi urte bete dituenaren ametsa auto potente bat ekartzea da, eta hiru urterako zorretan sartuko da, autorik gabe ez zarelako ezer gizarte honetan. Badira nire pisua baino garestiagoak diren autoak Azpeitian. Agintariak ere auto handietan ibiltzen dira, hemen ez duzu agintaririk ikusiko, Suedia, Danimarka eta beste herrialde askotan bezala, autobusean joaten, trenean, metroan. Beraz, publizitatearen aldetik, agintarien aldetik inoiz ez da egon garraio publikoaren aldeko jarrerarik, bizikletarena folklore hutsa besterik ez da.

Trenaren sareak atzeraka egin du etengabe Gipuzkoan urteotan. Autobusak ere galdu egin dira asko, beste batzuek mantentzen diren bitartean. Baina nor doa autobusean? Ikasleak eta zaharrak. Hemen kotxeak asko esaten du nor zaren; beraz, handia badaukazu, zeu handia zaren seinale, bizitzan ondo dohakizun seinale. Herrian zeuden denda txikiak ixten joan dira, herritik kanpo dauden hipermerkatuen mesedetan, udalak (Aldundiak, Jaurlaritzak) ez dituelako babestu, eta gero, noski, autoa behar Eroskietara joateko. Mundua egin digute autoa erosteko, autoa erabiltzeko. Milaka milioi gastatu dira autobideak egiten, autopistak, barianteak, errotondak, alfonbra gorria jarri zaio autoari gure gizartean. San Inazio bigarrenean ere Loiolara autobusean joaten dira prozesioan lehen oinez joaten zirenak. Bizikletan ikusiko ote ditugu ba hurrena?

Ez dut uste. Gure eguneroko bizitzatik urrun dagoen ametsa da autorik gabeko gizarte bat. Autoa erosteko, autoa maitatzeko hezitzen gaituzte, autoaren mende gaude egunero edozer gauza egiteko, lanera joan, umeak eraman, erosketak egin, parrandara joan. Gure eguneroko bizitzatik aparte dagoen egun bat ezartzea urtean behin inoiz ez da gauza folkloriko bat baino izango, ezertarako balioko ez duena, gauzak errotik aldatzen ez badira. Autorik gabe bizitzen erakusten ez badigute, baliabide egokiak jartzen ez badituzte, egun batean bizikleta hartzea ez da izango eguna pasatzeko modu tonto bat baino.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak