Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  Iritzia »  garraio publikoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

gai librean

garraio publikoa

alaitz olaizola

Udazken on, adiskideok! Hemen bagara, bizi garen seinale. Batere gogorik gabe herrira itzuli, egunerokora egokitu, hozkailua bete... Ez da lan makala, baina, bizilegea.

Iragan urtean, guztion jakinaren gainean utzi nuen moduan, bizikleta lapurtu zidaten ezusteko desatseginarekin egin nuen topo. Aurten, ezustekoa are handiagoa izan da, Madriletik Bilbora iritsi, eta, Azpeitirako bidea hartzean, autobusa falta zela ikusi nuenean. Egun hauetan, aho gehienetan dabilen kontua: Azpeitian ospatu den garraiorik gabeko eguna. Egia da, nonbaitetik hasi behar dela, eta hastea beti dagoela ondo.

Errealitatea, ordea, haratago doa. Urola trena ere, ez zegoen egoerarik hoberenean, eta zer egin zuten konpontzeko? Kendu. Aspaldi, herri barruko urbanoa, ez zen luxuzko zerbitzua, baina, orduan eta orain, askori primeran etorriko zitzaigun. Eta, zer egin zuten? Kendu. Orain, Pesaren Bilborako zerbitzua, errentagarria ez, eta, kendu egin digute. Udaleko arduradunek esango dute, hori ez dela beraien kontua, eta nik gaineratuko diet, botoa eman diegunean, batez ere, herriaren eta herritarren mesederako lan egiteko dela. Ez alferrik, izen propioak dituzte gure alkate eta zinegotziek, eta hauek, partidu baten sigletatik haratago doaz, herritarren botoa jasotzeko orduan.

Hasi dugu Bilbotik Azpeitirako bidea. Banekien, betiko moduan ezingo genuela egin, Pesa kendu zigutela banekielako. Telefonoz dei batzuk egin, eta ondo informatua nengoela uste izan nuenean, hasi dugu bidaia alabak eta biok. Bi maleta erraldoi, bi motxila eta euri eta haize bortitzaren konpainian. Azken hauek, Euskal Herriko edertasunaren seinale! Hori gabe ezin ibili eta... Iritsi gara Eibarrera. Itxoin diogu Eusko Treneko autobusari. Bitartean, segapotoa astindu beste pare bat dei egiteko Eusko Trenera, ordutegia eta geltokia zehazteko. Hor non konturatzen garen ez geundela beharrezko geltokian...

Aldaketarekin, hobekuntzak izango omen genituen. Zenbat galdera egin ote nituen aldaketa hau eman aurretik... Nire kezkak baieztatu baino ez ziren egin. Geltokiz aldatu behar genuen, eta hurrengo autobusari, 40 minutuz itxoin. Hori, lehenengoan ondo asmatuta. Guk, hurrengoa bi ordura zela eta, bi orduz itxoin behar. Kontua da, gure gaizki ulertuak medio, Madrilera joateko adinako orduak behar izan genituela etxera bueltatzeko. Amorruz beteta eta haserre, oso haserre.

Eibarren topo egin genuen bilbotar emakumeari galdetu behar! Hura ez zegoen haserre bakarrik, hura negarrez ari zen. Goizeko hamaiketatik Eibarren, Azpeitira nola eta noiz iritsiko. Galduta sentitzen zen, hirurogeita hamar urte inguruko amona, bere adina galdetu, eta gogoratzen ez zena. Bakarrik, Eibarren, Azpeitira etorri beharrean, berriro Bilborako autobusa hartzera zihoanean, topo egin genuena. Ahal zen neurrian, emakumea lasaitu, eta han joan ginen lagun berria, alaba eta biok kafe bat hartzera. Haserre nengoen. Jada, ez niregatik, emakumearengatik baizik. Beldurrak jota zegoen. Berak zioen moduan, bere adinarekin, irakurtzen jakin gabe, galduta, erabat ezezaguna zitzaion herri batean. Elkarrekin, iritsi ginen herrira, nekatuak, oso nekatuak. Bere autobuseko azken bidaia izango zela zioen. Azpeitiko senideek eramango zutela Bilbora autoz esan zidan, hurrengo egunean telefonoz deitu nionean.

Erantzukizunak eskatu behar zaizkionari eskatuko dizkiot, egin beharreko erreklamazioak egingo ditut, baina ezin dut ahaztu Azpeitian bizi naizela, ustezko XXI. mendeko Azpeitia modernoan. Non, autorik gabeko eta garraio publikoen aldeko festa giroko kanpaina antolatu duten. Esango dizuet nik, egun gutxi barru, berriz ere abentura berean sartzen naizenean, festarako zenbat gogo izango dudan.

Eta kontua da, nirea ez dela autoa ibiltzearen aldeko kanpaina, kalitateko garraio publiko hedatu baten aldekoa baizik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak