Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  Iritzia »  azpeitiartasunaz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Amuko Zubitik

azpeitiartasunaz

Mikel Arregi

Askotan entzun izan dugu jendea azpeitiarrei buruz hitz egiten. Eta gehienetan definizio bat nagusi: harroak. Inguruko herrietako jendearen arabera, harroak gara, geure azpeitiartasuna lau haizeetara zabaltzen dugun horietakoak. Beste era batera esanda: azpeitianoak. Eta badirudi arrazoi pixka bat badutela; azpeitiar batek beti pentsatu izan du bere herria ingurukoak baino garrantzitsuagoa dela.

Harrotasuna, ordea, sanoa ere izan daiteke, harro egoteko arrazoiak egonez gero. Eta azpeitiar batek azpeitiar izateaz harro egoteko izan ditzakeen arrazoiez pentsatzen hasi naiz. Eta Izarraitz datorkit burura, autorik hartu beharrik gabe zibilizaziotik aldentzeko modua. Baina azpeitiarren batek haraino zibilizazioa eramateko saiorik egin du, saihesbidearekin erditik ebaki nahian. Lehenengo arrazoiak, kale. Gero, Loiola datorkit burura. Hura ere leku ederra, parke ederrak, baserriak, eraikigarri ez diren lur bakarretakoak dituen Azpeitiko auzoa. Baina lur ez eraikigarri horiek ez dakit noiz arte jarraituko duten horrela, bere baitan 50 milioiko etxerik izan gabe, espekulazioaren beste biktima bat bihurtu arte. Alde Zaharrak ere zer pentsaturik ematen dit, puskaka erortzen ari delako Azpeitikoa. Eta, nola ez, guretzat hain garrantzitsua den kultura. Ia denok euskaraz hitz egiten dugu, eta nahi gabe ere euskal kultura mantentzeko ezinbesteko pieza gara. Baina, praktikan, arlo askotan gazteleraz bizi den herria gara: erdarazko prentsa irakurri, enpresa munduan erdaraz, osasun arloan sendagile euskaldunak apenas... Eta egoera horri modu zabalean erantzuteko gai den planteamendurik ez da nabari. Kulturari dagokionez, berriz, eraikitze lana egiteko ezinbesteko diren baliabideak falta dira; sinesgaitza bada ere, kultur etxerik ez dago gurea bezalako herri batean.

Gauza onak baldin baditugu ere, badugu zertan hobetu, harrokeriak alde batera utzita.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak