Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urria »  Gero eta Guardia Zibil gehiago »  bakean dagoena ezin bakean utzi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiar asko gelditu dituzte kontroletan; tabernatan ere sartu dira

Bakean dagoena ezin bakean utzi

uztarria

Guardia Zibilarekin azkenaldian hainbat pasarte izan dituzte zenbait herritarrek. Honatx haien kontakizunak —izenik ez dute eman nahi izan—.

Garai batean ere bai
Garai batean ere bai.  Sasoi batean ere, frankismo garaian edo trantsizio delakoaren garaian, ohikoa zen guardia zibilak kalean edo mendian jendratean ikustea. Argazkian - Lagun Onak Mendi Bazkunaren 50. urteurrenetik hartuta - guardia zibilak Xoxoten ageri dira, 1954an, I. finalista egunean.  

ELASTIKOA ALDATZEN EZ ZUENARENA.

Prat kafetegiaren aurrean (Arana kalean) gelditu zuten A.A.A., uztailaren hasieran, etxetik kalera zihoala. Bi patrol zeuden hango bidegurutzea zaintzen, eta kale kantoi bakoitzean guardia zibil bana. A.A.A. ezagutu egin zuten guardia zibilek, beste batean egin zioten kontroletik. Halaxe entzun zituen lehenengo hitzak, gazteleraz: “Etorri, etorri! ‘Hau ezagutu egiten dut eta gelditu egin behar dugu!’, pentsatu dut”, esan zion guardia zibilak. A.A.A.-k ere ezagutu zuen. Geldituko zutela jakinda handik zergatik pasatu zen galdetu zioten A.A.A.-ri, eta honek zera erantzun zien: “Nire herrian lasai ibili nahi dut, eta ez naiz beste aldera joango zuek hemen zaudetelako bakarrik”. Karneta eskatu zioten gero, eta bizkarrean zeraman motxilan begiratu. Horretan ari zirela, duela denbora dezente atxilotu zituzten (eta egun kalean dauden) bere lagun batzuen helbideak aurkitu zizkioten. Horiekin duen harremanaz galdetu ondoren, guardia zibil batek haiek atxilotzera bera joan zela esan zion A.A.A.-ri. Atxiloketen inguruan ari zirela aprobetxatuz, galdera egitea pentsatu zuen A.A.A.-k: “Atxiloketak egiten dituzuenean froga errealik izaten al duzute horretarako?”. Besteak: “Batzuetan bai”. Batzuetan. “Nik ezkutuko kamera bat izan dezaket hemen”, gaineratu zion guardia zibilak, “eta inor konturatu gabe dena filmatu”. Azkenean, bere trasteak hartu eta alde egiten utzi zioten, “ea ez garen gehiago ikusten” esanda. “Halaxe espero dut”, erantzun zien A.A.A.-k.

TABERNA BARRUAN.

Bost tabernatik ere egin zuten sartu irtena guardia zibilek. Abuztua aurretik izan zen hura ere. “Pare bat guardia zibil sartu ziren, eta tabernan begira jardun zuten”. Barruko jendeari “begirazunak-eta egin zizkioten, eta lurrera begiratzen zuten”. Sartu, bazterrak begiekin aztertu, eta kanpora joan omen ziren.

OINEZ ETA BIZIKLETAN.

Ez du zorte handirik izan M.O.A.-k. Herri barruan bi aldiz gelditu du Guardia Zibilak, dagoeneko. Behin oinez, Erdi kalean; eta beste behin bizikletan, Garmendi gainean. Uda hasiera zen, eta M.O.A. Erdi kalean gora zihoan, goizeko hamaikak aldera. Patrol bat ikusi zuen kalean gora zihoala, eta bera patrolaren aldamenetik pasatu zenean, gelditzeko esan zioten. “Orduan karneta baino ez zidaten eskatu”, dio. Ordu laurden bat egon ziren “karneteko datuak egiaztatzen edo”, eta gero, bere bideari segitzeko esan. “Beste behin, bizikletan gelditu ninduten”. Orduan M.O.A. eta bere lagun bat txirrinduan zihoazen, eta Guardia Zibilaren bi patrol bide beretik zihoazen. Bizikletakoak patrolen albotik pasatu zirenean gelditzeko esan zieten. “Orduan, karnetak eskatzeaz gain, katxeatu ere egin giztuzten, eta galderak egin”. Nonbaiten militatzen zuen lagunik-edo ba ote zuten galdetu zieten, behin eta berriz, eta egia esateko, egiaztatu egingo zutela eta. Azkenean, alde egiten utzi zieten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak