Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  Ustarriren atsedena

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Tabernak

Ustarriren atsedena

Oihana Elduaien

Ustarri tabernak ateak itxi berri ditu. Ez dauka historia makala, 140 urte ingurukoa. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak hartu du orain

 
 

Hamaika malko, hamaika irribarre, eta hamaika kontu. 140 bat urte eta familia bat: Ustarrinekoak. Juan Mari Segurola Otegik (1841-1899) ireki zuen taberna, orain dela 140 bat urte. Urrestillako uztargilea zen, Ustarri, bertsolaria. Bereak dira Bizkaiko txerriarenak bertsoak. Tabernari bere izen bera jarri zion, eta joan den San Pedro egunera arte zabalik egon da, hutsik egin gabe. Orain, ordea, ateak itxi ditu. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak hartu du orain.

Hiru alaba izan omen zituen Segurolak, eta haietako bat Uzin-en batekin ezkondu. Izena galduarazi zion ezkontza hark tabernari. Segurolaren alaba hil zenean beste emakume batekin ezkondu, eta Bar Uzin antigua casa Ustarri izena jarri zion tabernari, Mari Karmen Uzinen etxeko argazki zahar batean ageri denez. Hala ere, lehenengo emaztearekin bakarrik izan zituen umeak Uzinek, eta beraz, Ustarrinekoaren alabek hartu zuten taberna gero. Haietakoren batek izena berreskuratuko ote zuen pentsatzen du Mari Karmenek. Gero, Mari Karmenen aitak hartu zuen taberna, Nikolasek, eta ondoren Mari Karmenek berak. Orain, ordea, ezin du gehiago eman. Haren bi alabek ikasketak amaitu dituzte, eta tabernako bidea bazterrera utzita bide berria urratzen hasi dira. Lehenago edo beranduago utzi egin behar zuen, eta oraintxe egitea erabaki du.

Taberna itxi eta astebetera ohiko garaian jokora bertara joan zenik ere bada. Atea irekitzen hasi eta bere buruari “aiba dio!, orain astebete itxi ez ziaten ba!” esan eta Mendizaletara joan omen zen. Izan ere, zaila da bizitza osoko bigarren etxera ezin dela joan buruan sartzea, edo hankei bide berriak egin behar dituztela jakinaraztea. Hamaika pasadizo gertatu dira bertan, eta herritar bat baino gehiagoren bigarren etxea ere izan da urte askoan. Mari Kar-men-eta gazteak zirenean, jaten ematen zuten han. Ama Xeberik esku ona zuen nonbait, eta izugarrizko kazulakadak jartzen zituen, egunero-egunero. Tripakiak saltsan ziren jateko preziatuena. “Eibartik eta dena etortzen ziren tripakiak jatera —dio Mari Karmenek—, inoiz ez genuen nahikoa ipintzen. Herriko harakin guztien tripakiak erosi, prestatu eta, hala ere, alferrik, norbait gogoarekin geratzen zen beti”.

Lagun Onak-eko futbolarien egoitza ere izan zen Ustarri, Kanpilo presidente zen garaian. Jangelan egiten omen zituzten bilerak, eta partida aurretik han kontzentratu. Gainera, ondo zaintzen zituen etxekoandreak: atsedenaldian indarberritzeko kafea prestatzen zien, baina hori bai, Terry “pixka bat” eta azukre “mordoa” botata.

NEGARRA IRRIBARRE BIHURTUA. Ondraetxeak egiten ziren garai batean. Hildakoaren familiak hiletara gerturatutakoei bazkaria ordaintzen zien, penak ahazteko edo. “Jende mordoa biltzen zen, goiko jangela leporaino beteta”. Gehienak buru-makur eta triste sartzen omen ziren, baina paella eta txuletak jan eta eztarrian behera pasatzen laguntzeko edandakoekin irribarrez egiten omen zuten kanporako bidea gehienek.

Geroago jaten emateari utzi egin zioten. Aita Nikolas hil zenean utzi ere, 1976an. Hori bai, kroketak emateari ez zioten inoiz utzi. Oraindik ere bazuen bertako koadrila Ustarrik. Jokoan egunero jende bera ibiltzen zen, eta asteburuetan txapelketak egiten zituzten. Larunbatetako koadrila ere bazegoen. “Jose Garin eta Sabin Laztola-eta larunbatero etortzen ziren —dio Mari Karmenek—, jaten ematen genuenean afaltzera, eta gero kafea hartzera”. Etxe-koak ziren, beraz.

TELEBISTAREN ERREGE. Iñaki Pipas ‘telebistako mandoaren gizonari’ baino ez zion erakutsi Arrietanekoak telebista berria nola erabili. Izan ere, Pipas zen Ustarri-neko telebistaren jaun eta jabe. Tabernan zeuden beste hogei lagunek beste zerbait ikusi nahi bazuten, izorrai! Iñaki Pipas-ek agintzen zuen han, ez zegoen besterik, ez. Jokoan egoten zen jendea builan hasten bazen —“tranpa egin duk! Keinua bota diok!”—, Pipas bera nagusi. Mandoa hartu eta bolumena topera igotzen zuen. Alferrik zen hari buila egitea. Bera aspertutakoan baino ez zuen jaisten telebistaren ahotsa. Ustarrinean beti. 140 urteko tabernan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak