Festak
Tiobiboek baino buelta gehiago
Ion Aranburu
Jose Luis Sanz aurten ere San Inaziyuetan da tiobiboekin: Zumarragatik etorri da eta hemendik Zarautzera doa
San Inaziyuetan Betharrametako kirol gunea umeen eta helduen gozagarri diren tiobiboez betetzen da. Azken urteetan, gainera, ez dira tiobiboak bakarrik, tonbolak plazatik kendu zirenetik han jartzen baitira. Hala ere, Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuaren nahia datorren urtean, berriz ere, tonbolak plazan jartzea da.
Jose Luis Sanz, Atracciones Sanz-eko nagusia da eta 30 urte inguru daramatza herriz herri umeen desioak betetzen. Familiako negozioari heldu zion, eta harrezkero Gipuzkoan dabil hara eta hona, gelditu gabe. Haren semeek ere familiako negozioari helduko diotela dio, eta harro dago. “Ez da ofizio gogorra baina asko mugitu behar da negozioa aurrera ateratzeko. Gero eta familia gutxiagok jarraitzen du tiobiboekin. Orain beste jende mota bat ari da sartzen eta, laster, profesionalak baino ez dira geldituko”.
URTEAN BI ALDIZ. Azpeitira urtean bi aldiz etortzen da: Sanjuandegiko festetan eta San Inaziyuetan. Bietara scalextrix-a eta zaldiko-maldikoa ekartzen ditu, tokia ere ziurtatua duelako. Izan ere, urtero enpresa berak etortzen dira Azpeitira eta horiek lekua izaten dute, urteetan etortzen direlako. Enpresa berriren batek etorri nahiko balu, besteren bat erretiratu arte itxaron beharko luke.
Tiobiboen aukera ere urtero bera izaten da. “Tarteka etorri izan da tiobibo berriren bat baina oso arraroa da. Etorri izan diren berriak normalean helduentzakoak dira”. Umeentzako ez omen da egoten berririk, eta betikoek izaten dute arrakasta. “Gustukoena scalextrixa da”. Gainera, beste herrietan ez bezala, Azpeitian tiobibo zaleek ez dute lekuaren alokairua ordaintzen tiobiboen txartelak merkeago jartzeko.
Izatez nafarra da Jose Luis Sanz, Altsasukoa, baina ez du denbora askorik ematen herrian. Urtean bi hilabete. Inora ez mugitzeko. Baina orduan ere izaten du lanik, tiobiboak konpondu eta txukuntzeko aprobetxatzen baitu. “Pabiloi bat dugu Altsasun eta han denak montatzen ditugu konpondu eta txukuntzeko”. Batik bat urtean zehar Gipuzkoako herrietan ibiltzen da tiobiboekin. “Beste asko Sevilla, Madril eta Espainiako beste hainbat tokitara joaten dira, eta, gainera, urtean bost edo sei hilabetez geldirik egon behar izaten dute. Guk zortea dugu zentzu horretan”. Sanzentzat, jaiak Zumaian hasten dira, San Telmoetan, eta Ońatin amaitu, San Migueletan. “Tiobiboak muntatzen egun bat igaro ohi dugu. Desmuntatu azkarrago egiten dugu, egun erdian”.
Sanz altsasuarra Azpeitira Zumarragako festetatik etorri da eta hemendik Zarau-tzekoetara joango da.
|