Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  Drogaz jantzitako parrandak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Festak

Drogaz jantzitako parrandak

Oihana Elduaien

Badatoz festak. Legezko nahiz legez kanpoko drogek protagonismo disimulatua hartuko dute. Ikerketa batek Azpeitiko gazte askok drogak hartzen dituela dio

San Inaziyuetan, beste festa gehienetan bezala, legezko nahiz legez kanpoko drogek leku ukaezina dute. Aurten ere, beste urteetan bezala, tabernetako kutxek, alkoholaren kontsumoa tarteko, izugarrizko betekada hartuko dute, eta komunetan ere txiza ez den beste zerbait egitera doan jendeak ilarak handitu eta makalduko ditu.

Ezaugarri fisikoak aldatzen dituen borondatez hartutako sustantzia kimiko oro da droga, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Gure artean ezagunenak alkohola eta tabakoa dira, legearen babesa dutenak. Hala ere, ezin da ukatu legez kanpoko drogek Azpeitian duten presentzia, legez kanpokoak izanagatik gutxiago hitz egiten bada ere.

Herrian dagoen droga kontsumoaz kezkatuta eta “Azpeitiko gazteek drogekiko dituzten pertzepzio eta harremanak” aztertu asmotan, datu bilketa egin du Siade-kok, Udaleko Drogen Aurrikuspenerako Mahaiak eskatuta. 13 eta 25 urte bitarteko 357 gazte azpeitiarrek betetako inkesta batzuekin egin dute ikerketa. Azpeitian kalamuak izugarrizko presentzia duela nabarmen geratu da: inkesta bete zuten gizonezkoen %34,4k nolabaiteko maiztasunarekin erretzen ditu porroak, baita emakumezkoen %26,7k ere. Aldiz, alkohola eta legez kanpoko gainontzeko drogen kontsumoa asteburuetara mugatzen da, gehienetan. Legez kanpoko beste drogek ez dute kostoak adinako tamainarik hartzen, baina gizonezkoen %5,8k anfetaminak hartzen ditu, eta emakumeen artean %3,7 dira droga horiek nolabaiteko maiztasunez kontsumitzen dituztenak.

Asteburuetan Azpeitiko gazteen %87,1ek edaten du alkohola. %25,3k gehiegizko edalea dela aitortzen du, eta %26,01ak alkoholikoa izan daitekeela dio.

Baina zergatik kontsumitzen dira drogak? N.U.B.-k —ez du izena eman nahi izan; ondorengoek ere ez— Uztarriari esan dionez, festak “drogatuta” pasatzen ditu. Ez omen du legez kanpoko drogarik hartzen, “kalamua salbu”, baina San Inaziyuek “mozkor-mozkor eginda” pasatzen dituela dio. “Ohitura izango da, agian”, dio. J.B.I.-k speed “arrastoren bat edo beste” hartzen du jaietan, “mozkor handiegia harrapatuta-edo nekeak erasotzen” dionean. “Azpeitiko gazteok ez dakigu drogatu gabe parranda egiten; batzuek arrastoak, besteek porroak eta besteek izugarrizko legatza, baina denak drogaren eraginpean. Agian, errealitate nazkagarri honetatik aldegitearren izango da, ez dakit”. A.E.Z.-k, berriz, “parranda bakoitzean” hartzen ditu arrastoak, “normalean speed-a; ketamina ere hartu izan dut batzuetan, eta orain MDMA dago modan”. Gizartea aldatu egin da A.E.Z.-ren esanetan: “Oraingoa erosoa da, eta ondo pasatzen dugu. Beraz, ez dugu aldatzeko ezer egiten”. Kontua da inork ez dakiela zergatik, baina drogatu, drogatzen direla.

Zergatik kontsumitzen duten ez dakite, baina badakite zergatik ez. N.U.B.-k arrastoekiko “kuriositatea” du, baina, “beldurra” ematen diote. “Ez dakit nire gorputzak nola erreakzionatuko lukeen, eta, nire burua ezagututa, beldur naiz gustatuz gero menpekotasunean erortzeko”. J.B.I.-k dio speed arrastoak ez direla “beste munduko gauza”, baina N.U.B-ri ez dio azalpen horrek “balio”, eta “orduan hartzen duen bakoitzak zergatik errepikatzen du ba?”, egin dio galdera. Bestea, isilik geratu da.

Gauza batean behintzat, ados daude hi-rurak: “Drogak hor daude, eta erabiltzeko dira. Kontua ondo erabiltzen jakitea da, eta hori ez da batere erraza”.

"OSO GAIZKI PASATU DUT". A.E.Z-k gaur egun merkatuan dauden droga gehi-enak probatu ditu, eta menpekotasunean ere egon dela aitortzen du. “Astero-astero hartzen nuen, gehienetan speed-a, eta kalte egin zidan. Izugarrizko beheraldiak ematen zizkidan. Zuloan nengoen, baina asteburua iritsi eta berriz ere sartu egiten nuen, hobeto jarriko nintzelakoan”. Bere buruarekin konfiantza galdu izana da, bere hitzetan, gertatu zaion gauzarik okerrena. “Nire ingurukoek nirekin ez zutela egon nahi pentsatzen nuen, dena zen txarra, ezkorra”. Hala ere, bere buruari kontra egin ziola dio, eta “gainditu” egin zuela. “Kostatu egin zitzaidan; bajoi bat baino gehiago pasatu nituen”. Orain, droga “erabiltzen” ikasi egin duela esaten du, eta “askoz hobeto” sentitzen dela. Tamaina hartu arren, beldur pixka bat ere badio “oraingo” drogei. “Izan ere, ez baitakigu oso ondo zein ondorio ekarriko dizkigun”.

“Nik ondo pasatzen dut drogaren eraginpean, bestela ez nituzke hartuko, hori gar-bi dago”, dio hark. “Baina zein droga hartu jakin egin behar da”. A.E.Z.-k ez du pastilarik hartzen. “Niri egoera kontrolatzea gustatzen zait, eta pastilekin ez dut ez egoera eta ez ezer kontrolatzen”.

Drogek une onak ekarri dizkiote, baina baita txarrak ere. “Bizitzako parrandarik onena” ketamina hartu zuen aurrenekoan egin zuela dio A.E.Z.-k, baina ondoren hartutako beste hiru alditan “onik ez” ziola egin. “Bigarren aldian mareatu egin nintzen, eta hirugarrengoan botaka jardun nuen. Hala ere, laugarren aldia izan zen okerrena, herri bateko plazan etzanda ge-ratu nintzen, eta ezin nintzen altxatu. Nahi nuen, baina ezin”.

Drogarik “txarrena” tabakoa dela dio, “inongo zalantzarik gabe. Speed-ak eta antzekoek adikzioa sortzen dute, baina ez tabakoak beste”.

**“GAZTERIA ZULO ILUNEAN”**. Azpeitiko Segi gazte erakundeak drogen erabilerari buruzko eztabaida egin zuen, eta “gazteria erabat galduta egoteko arriskuan” dagoela argi eta garbi ikusi, droga sintetikoek “epe ertainera eragiten dituzten ondorioak medio”. Hala ere, drogak ez dira “ez onak eta ezta txarrak ere”, Segiren esanetan, “drogen erabilpenean dago gakoa”. “Desfasatzeko kultura nagusitzen” ari dela dio, “kolektibitate ideia oro baztertu eta norberaren burua besteen gainetik jarrita”. Gazteriaren indarrak “banatu nahi ditu etsaiak”, Segiren aburuz, gero “bere erara maneiatzeko”.

Euskal Herrian “zabalduta dagoen droga sareak, erabilpen polizialak” dituela dio: “Indar errepresibo ezberdinek, trapitxeroak txantaia polizialerako erabiltzen dituzte, eta euskal gazteon aurkako guda tresna bilakatu dira”. Horretaz gain, interes “politiko eta ekonomikoak” ere baditu drogak. “BBVA eta Argentariak izugarrizko etekinak lortzen dituzte diru zuriketarekin, eta euskal gazteria zulo ilun batean murgilarazi eta borroka eta aldarrikapen guztietatik kanpo uztea dute helburu”.

Herrian drogek hartutako neurriaren aurrean “inork ezer ez egitea” harritzekoa ez ote den galdera egiten dute. Eta hausnarketa sakona behar dela dio Segik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak