Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  Drogaz jantzitako parrandak »  “Pertsona bakoitzak izaera bat du, eta droga gehienek izaera hori azpimarratzen dute”

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Festak : M.T.S. - Trapitxeroa

“Pertsona bakoitzak izaera bat du, eta droga gehienek izaera hori azpimarratzen dute”

M.T.S. trapitxeroa da, baina Uztarriari esan dionez, ez du droga askorik mugitzen, Orain, adibidez, lanean ari denez, ia ez omen du mugitzen.

 
  • Zein droga mugitzen duzu?

    Nik, kostua besterik ez.

  • Zein adinetako jendeak erosten dizu?

    Adin guztietako jendea etortzen zait eskean, baina gaztetxoei ez emateko joera dut. Erreparoa ematen dit gazteei kalamua saltzeak, eta ez daukadala esan ohi diet. Hortik aurrera, edozein adineko jendea dago. Hemezortzi bat urtetik hasi, eta mugarik gabe. 50 bat urteko jendeari ere saldu izan diot.

  • Droga saltzetik bizi al daiteke bat Azpeitian?

    Bai, bizi daiteke. Nik neuk ez dut asko mugitzen, eta lanik egiten ez dudanean nahiko larri ibiltzen naiz. Denbora asko izaten dut libre, eta gastatu ere gehiago egiten dut. Hala ere, badago diru pila handia egiten duenik, eta horiek diruz erraz ibiltzen dira.

  • www.uztarria.com-en drogei buruzko eztabaida egon zen iaz. Han honakoa esaten zen, besteak beste: “Azpeitian edonork daki zein diren trapitxeroak, baina, hala ere, lasai bizi dira”.

    Arrazoi puntua badago, baina beti ez da horrela. Ni lasai ibiltzen naiz, gutxi mugitzen dudalako. Poliziari, agian, ez zaio interesatuko nik bezalako kopurua mugitzen duen bat. Baina badago Azpeitia inguruan asko mugitzen zuen jendea, eta orain kartzelan dagoena. Asko mugitzen duena ez da hain lasai ibiltzen.

  • Drogak legeztatzearen alde al zaude?

    Bai. Informazioa baldin badago, bai. Ka-lamutik haratago beldurra ere ematen dit, informazioa behar da. Alkohola legezkoa da, baina horrek ere barruak usteltzen ditu, eta nahi duenak du eskura. Informazioa da garrantzizkoena.

  • Azpeitian mugitzen den drogak nolako kalitatea du?

    Denetik dago. Ni neu onena edukitzen saiatzen naiz. Argi dagoena zera da, kalitatea nahi duenak ordaindu egin behar duela. Merke saltzen dutena kaskarra izaten da normalean. Zerbaitekin nahasten dute, eta kantitate gehiago lortzen dute; horrela gehiago dute saltzeko.

  • Festetan gehiago saltzen al duzu?

    Ni ezer gabe ateratzen naiz jaietan, egia esan behar bada. Nik parranda egiten dut festetan, eta aldrebes samarra naizenez, dena galtzen dut. Ez galtzearren etxean laga ohi dut. Arratsaldeetan-eta bai, gehiago saltzea litekeena da. Hori pitxu-arekin (speed) eta antzekoekin gehiago gertatzen da. Hori parrandarako droga da, eta ziur nago horrekin ibiltzen direnak gehiago salduko dutela.

  • Beti jende bera etortzen al zaizu?

    Normalean bai. Ezezagunak ere etortzen dira, baina nik ezer ez dudala esaten diet eduki arren. Lagunen baten ezaguna bada eta ezagutzen duela esaten badu, ematen diot, baina bestela ez.

  • Segik zera dio: “Txakurradak trapitxeroak kolaborazio polizialerako erabiltzen ditu”.

    Ez da nire kasua. Nik Guardia Zibila ez dut begibistan ikusi ere egin nahi. Ba-liteke kolaboratzen duen jendea egotea, baina ez nuke politikarekin lotuko. Nik uste dut Poliziak trapitxero txikiari zerbait galdetzen badio, trapitxero handiaren inguruan izango dela. Ez dut uste Azpeitian gisa horretako kolaboratzailerik dagoenik.

  • www.uztarria.com-eko eztabaidan: “Nik ez nuke nahi nire tabernan, taldean, koadrilan, trapitxerorik egoterik”.

    Nik ez dut horrelako ezer nabaritu. Nire inguruan denek erretzen dute. Gainera, porrua edonork erretzen du gaur egun. Niri ez zait gustatzen jendeak ketamina saltzea. Hori elefanteentzako anestesia da, eta kalte handia egiten du. Tripiek eta pastillek ere beldurra ematen didate. Lepoan haizkorakada bat bezala dira. Eta kostua, berriz, zerra batekin pixkanaka-pixkanaka mozten joatea bezala da.

  • Drogek gazteen konformismoa, indibidualismoa omen dakarte.

    Norberak izaera bat du, eta drogek izaera hori azpimarratzen dute, nire ustez. Ni triste nagoela mozkortzen banaiz, negarrez has ninteke, eta alai banago, oraindik eta alaiago jarriko naiz. Nik uste dut hori droga gehienekin gertatzen dela. Aingerua ez da infernuko txikito bihurtuko, eta ezta alderantziz ere.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak