Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  “Gogorra zaie ‘Gara’ metrailetaz ixtea; itotzea da aukera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Komunikabideak : Imanol Amiano, Gara egunkariko langilea

“Gogorra zaie ‘Gara’ metrailetaz ixtea; itotzea da aukera

Enekoitz Esnaola

Orain 'Gara'-ri tokatu zaio. Lehen 'Egin'-i eta Egin Irratiari, gero 'Ardi Beltza'-ri, eta aurten bertan 'Egunkaria'-ri. Espainiako Estatuaren afizioa da komunikabide libreak ixtea. Gustukoak ez dituelako. Orain 'Gara' itxi nahi du, 'Egin'-en enpresa argitaratzailearen —Orain— zorra 'Gara'-renari —Baigorri— pasatuta: 5,1 milioi eurokoa da zorra. Imanol Amiano da Azpeitian bizi den 'Gara'-ko langile bakarra. Azkoitiarra da hura, eta 'Egin' itxi zutenean, Azkoitiko eta Azpeitiko kartak egiten zituen egunkarirako. 'Gara'-n, sorreratik bertatik dago: 1999tik, beti Kirola sailean; hasieran erredaktore, eta lehengo urtetik arduradun. Harekin hitz egin du Uztarriak.

 

Orain zuek...

Bai, baina beti eduki izan dugu kezka. Egin itxi zuten, Gara sortu genuen, eta beti hor egon den mehatxua orain zehaztu da.

Nola, gainera!

Legediaz ulertzen duen edozeinekin hitz egin, eta denek esaten dute Espainiako Gizarte Segurantzak egin duena lekuz kanpo dagoela; alegia, Egin-en zorra guri pasatu. Baina Espainiako Estatuak helburu bat du aspalditik, helburu argia, eta konplexurik ez dauka hori betetzeko, baita legetik kanpo ere.

Zer espero duzue?

Ez dakigu nondik eta noiz joko duten. Batetik, badu alde on bat: lanean segitzen dugu. Baina, bestetik, badauka alde txarra ere: ez dakigu noiz joko duten, eta nolabaiteko noraeza sortzen dizu horrek.

Baina asmoa nola bete dezaketen?

Baliteke ez bidaltzea Guardia Zibila, agian gogorra egingo zaielako berriro metrailetaz ixtea egunkari bat. 1998an itxi zuten horrela Egin, aurten Egunkaria. Orain nola? Ba Gara itotzea da aukera bat.

Eta orduan, zer?

Kazetal proiektu bat berriz ere pikutara bidaliko dute. Gero ez dakit zein legek, denborale batera, arrazoia emango digula? Bale, baina alferrik izango da orduan.

Zer dio kaleko jendeak?

Egin eta Egunkaria kasuetan baino zailagoa zaigu azaltzea. Orduan metrailetak erabili zituzten eta jendeak hori ikusi eta protesta egiten du. Baina orain beste modu bat ari da erabiltzen Espainia, zor kontu bat. “Baina lanean ari ez zarete ba”, dio jendeak. Eta zuk azaldu egin behar.

Baina mugitu beharra legoke, ezta?

Hala da. Baina uda dator, hor dago oraindik Egunkaria-rena, gure gai hau zaila da, eta kanpaina zehatza ere ezin dugu antolatu, ez dakigulako noiz joko duten, enbargu prozesua aurrera doan arren. Dena dela, ari gara jendearekin hizketan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak