Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 22,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  Iritzia »  Cinema Paradiso

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Cinema Paradiso

Fernando Murillo

Non gorde daitezke ametsak? Ezin dira edozein ontzitan sartu, gero, beharrezkoen bihurtzen direnean, berreskuratzeko. Ametsak helezinak direlako baitira amets. Zeruko izarrak bezala. Haizearen xuxurlen moduan.

Hala ere bada ametsak non sortu. Non sartu. Ametsen kutxa, ametsen fabrika… Zinema jaio zenetik bertatik eskuratu zuen halako sorgintasun ukitua. Zeluloide-istorioak ez ziren narrazio antzuak. Hainbaten eta hainbaten ametsak erein zituzten urteetan. Oraingoak ez diren beste urte batzuetan.

Ikusi duzue Cinema Paradiso filma? Batzuek gogoratuko duzue, seguru. Duela 15 urte ingurukoa da. Cinema Paradiso-k geure ametsen sorkuntzaren inguruan dihardu. Bigarren Mundu Gerra amaitu berri da, eta bizimodua ez da batere erraza. Filmak mutiko gazte bat dauka protagonista nagusia: herriko zinemak erabat liluratuta dago. Beste protagonista ogi-puska bat da: herriko zinema-aretoan film-proiektagailuaz arduratzen den gizona (Philippe Noiret-en antzezpena ezin biribilagoa da; ikaragarria). Mutikoak proiektagailuaren alboan igaroko ditu orduak eta ametsak, hamaika filmen arnasa ezkutua entzunez.

Film osoari xarma izugarria dario, zinismo edo maltzurkeriarik gabea. Gizakion itsukeriez hitz egin behar duenean ere, samurtasunez egiten du: herriko apaizak, adibidez, filmak herritarrentzako igorri aurretik, ikusi eta epaitu egiten zituen, zentsura la-netan aritzeko. Musu oro debekatzen du, esaterako, gainontzekoen desilusiorako. Ezin omen baitu, apaizak, horrelako pornografia onartu. Hala ere, esan bezala, film alaia da… ia. Ia, aurrera doan heinean herriko zinemaren galtzea ikusten baita.

Zinemak liluratutako mutikoak herritik alde egingo du urte askoan, eta zine-zuzendari ospetsua bihurtuko da. Txikitako lekura itzultzen denean, proiektagailuko lagun-minaren ehorzketara joateko, Cinema Paradiso-ren gorpuzkia ere aurkituko du han, modernitatearen presioak akabatua. Mutikoa zenak ezingo du ezkutatu nostalgia, beste garai bateko amets bizia.

Gurean ere, antzekoa gertatu da, itxura denez. Zelaitxo bota zuten jada. Soreasu ere, jende falta zela-edo, itxi egin da. Badira zurrumurruak zinema-areto berriak zabalduko dituztela, txikiak eta modernoak (egia izango da, espero; Azpeitia bezalako herri bat zinemarik gabe…). Nostalgiak nostalgia, hori bai, ezingo dugu ahaztu zein deserosoak ziren Azpeitiko bi zinema-aretoen aulkiak, zein kaskarra bozgorailuen kalitatea! Baina hala ere, hala ere, galdutako ametsen zaporea gelditu zitzaidan jakitean bi aretoak, betikoak, itxita zeudela. Gu ere, gutako asko, Cinema Paradiso-ko mutikoa bezala, horma pitzatu haien azpian hazi baikinen hein batean.

Zergatik nago nostalgiak hain jota? Beharbada, agurtzeko ordua ere iritsi zaidalako. Lau urte dira jada (hainbeste?) Uztarria aldizkariko itsasertzean porturatzen, eta orain, denboraldi baterako behintzat, agur esateko unea etorri da. Urrutira joateko garaia ere iritsi zait gainera, bolada luze baterako. Ez ote zait filmeko mutikoari bezala gertatuko, alegia bueltatzean dena ezezaguna egitea? Litekeena da, hainbeste obra, saihesbide edo errotonda berrirekin… Azkoitiko kiroldegi aurrekoa bezalakoak ez dira izango, behintzat! Zaindu herria. Eta hurrengora arte, hortaz. Ez adiorik.

Nostalgia. Denboraren hegoen gainean, nostalgia hegan

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak