Manex Beristain hariari tiraka
Festak
Manex Beristain
Urtean zehar askotan hitz egiten dugu hilabete baten bukaeraz eta bestearen hasieraz. Bukatu zaigu hilabete honetako egun sorta, egutegiko paisaiarekin aspertuta gustura kentzen dugu bertako orritxoa, eta egun sorta berria asmo, proposamen eta ametsez josten dugu. Azken finean, segundo batzuez bada ere, hil aldaketak badu gure eguneroko elkarrizketetan tartetxorik.
Azpeitian, aldiz, hilabete baten bukaerak ez du bukaerarik, eta bestearen hasierak denboraren nozioa galtzen du edalontzi, garagardo, balantza eta morreo giroen artean. Uztail bukaera eta abuztuaren hasiera poltsa berean sar ditzakegu, festa usainean. Batak besteari inor konturatu gabe pasatzen dio lekukoa; agian lanean harrapatuko gaitu, edo bestela kale buelta bat ematen, edo agian disimulurik gabeko begiradak jaurtikitzen .
Gure herriko festek ez diote hilabeteari amaiera ematen, ez dute hil berri baten jaiotza ospatzen. Gure herriko festak opor usainez mozkortuta etortzen dira, eta oporrak dira gure herriko festen denbora erreferentzia bakarrak. Herritarron artean eguzkiari begira tripaz gora etzanda egoteko, abuztua izan ohi da hilabeterik desiratuena. Beraz, oporretara abiatu aurretik festak ezin galdu azpeitiar batek, nahiz eta burrunba hotsa belarrietan sumatu aurretik kanpora joaten denik ere badagoen.
Modu batera edo bestera, modu bateko edo besteko programazioak irentsi aurretik, festei begira, aurrena egiten den hausnarketa kaleratuko dut: zenbat parranda egun posible dauden festetan, eta horietatik zenbat aprobetxatuko ote ditugun. Horrelako uneetan hasten dira gure parranda iraupen eta sasoiaren inguruko zalantzak agertzen.
Ondoren, festetako edukietan jarriko dut arreta: batetik, kolorez jositako argazkiz hornituriko liburuak denbora pixka bat lapurtuko dit, aurpegi ezagunik ikusten ote dudan edo ez tentuz begiratuz. Zalantzak sortzen zaizkit bertan azaltzen diren argazki eder horiek beste libururen batean ikusi ez ote ditudan, baina tira. Argazkietatik edukietara pasatzen naiz, zerbait berria aurkitzeko asmoz, eta bertako testuek loaren bidean jarri naute. Egunez eguneko ekitaldiak errepasatu ditut, eta ez dut nire lagunengan pentsatu, ezta nire buruarengan ere. Segituan telefonoa hartu eta Irunen bizi den izebari deitu diot, aurtengo festetan egingo diren ekitaldien berri emateko. Hura oso gustura etortzen da Azpeitiko festetara.
Arratsaldean, etxera bidean, eta ohiturari jarraituz, postontzira gerturatu naiz eta iragarki orrien tankerako idazki batzuk aurkitu ditut. “San Inaziyuetako programaziyue”. Igogailua hartu eta begiradatxo bat bota gabe ezin egon. Aurkezpen, jarraipen eta amaierako testuen bila hasi naiz orriotan, baina ezin aurkitu. Arreta gehiagoz begiratu ondoren bertan irakur nitzakeen ekitaldiei begira denbora gehiago pasa dut, noiz parte hartu, nola parte hartu, norekin parte hartu. Gertuago sentitu ditut iragarki tankerako orri haiek, liburu koloreztatua baino, ez dakit zergatik, baina hala sentitu dut.
Kanpotarrek kalean irribarrea paseatzen duten bitartean, herritarrak atera ezineko esfera batean murgiltzen gara, parrandetatik ametsetarako bidea behin eta berriro errepikatuz. Kanpotarrak saltzaile bakartien egonaldi amaigabeen lekuko diren bitartean, herritarrak goizeko orduetan tripako zaratak isiltzeko, hanburgesa eta pataten morroi gara. Edo agian hobeto legoke hauxe esatea: kanpotar asko argazki koloreztatuz hornituriko programen jarraitzaile diren bitartean, herritar batzuk etxeko produktuen dastatzaile izaten jarraituko dugu.
Hileko galdera. Norbait ba ote doa oporretan Altzürüküra?
|