|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
Festen hasierako suziria
Leire Ostolaza
Orain bi aste jakin nuen aurten suziria ez duela alkateak bakarrik botako; herriko hiruk izango dute ohore hori, eta pozten naiz. San Inaziyuek ez dira famatuak festa herrikoiengatik, handiki itxura neurrigabekoarengatik baizik. Jaien hasierako suziriari txaloekin erantzuten dio jendeak, trajerik onenarekin, eta gazteak ez gara txanpainez zipriztindu eta salto eta dantzan festarako prestatzen. Poteak hartu eta festa herrikoi ez ofiziala gozatzen dugu. Jaiak aurrera egin ahala, gauzak ez dira gehiegi aldatzen, orkestra estraren bat beti izaten da haurrak dantzan jartzen dituena, eta gurasoak atzetik begira, trajerik onenarekin. Arratsaldetan, zezenaren zigorrari barre egitera doaz, trajerik onenarekin, eta inguruetako aberatskiloak azalduko dira, lepoa tente. Hitz egingo da, berriz, gure harrokeriaz, hori baita herri honen azala; mamia, batzutan, ikuilatxurra bera baino baserritarragoa bada ere.
Suziriarena festak herrikoitzen hasteko ikutua izan daiteke, baina oraindik bada zereginik, festak ondo pasatzeko izan daitezen, eta ez zein dotore eta aberatsak garen erakusteko. Galtza bakero zaharrak prestatu, eta animo parrandarako; jan, edan, dantzatu eta lagunez gozatu!
|