Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  abuztua »  Iritzia »  kartak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

kartak

Duintasun kontua da

Konturatzerako, herriko jaiak atariko atera iritsi zaizkigu. Jaiekin batera datozen zezenketen kariaz, hausnarketarako bidea ireki nahiko nioke gai hori gustuko eta ez hain gustuko duen edonori.

Ez dut hitz egin nahi jai horren espainiartasunaz edo euskaltasunaz (Espainiako kulturak arlo askotan aberastu egin gaituela ukatzen ez dudan arren).

Ez dut aipatu nahi zezenek jasan behar duten krudelkeria. (inork ez dit ukatuko begibistakoa dena, dena den). Ez dut gaitzat hartu nahi zezenaren aurrean jartzen direnen artea edota balentria. (Zergaitik ez ote dituzte energia eta koskabilo horiek beste helburu batzuk lortzeko erabiltzen?). Ez dut iruzkinik egingo sarrera erosi eta espektakulo odoltsua ikusiz txalo zaparrada eta ole animotsuak botatzen dituztenei buruz, belarri eta buztana eskatuz. (Garbi ote dute zer txalotzen duten?).

Ez dut ezer esango Azpeitian zezenik gabe jairik egongo al litzateke? lelo leloaz.(Lelokeria deritzot beti kalaka berean aritzeari). Ez. Duintasunaz hitz egin nahi dut; duintasun kontua da eta. Denok onartzen dugu duintasunezko tratu bat pertsona eta animalientzat. Ez dugu gizalegezkotzat jotzen inori min egitea, inoretaz trufatzea, inor gutxiestea, inor mendeko hartzea. Ez dugu nahi etikoa ez den tratua ez pertsona eta ez animalientzat. Honek guztiak kezkatu egiten gaitu, eta, kontzientzia kargak edo nik ez dakit zerk eraginda, badirudi hau guztia pixkanaka aldatzen ari dela. Horra Lekeitioko antzarak (duela gutxi arte bizirik jartzen zituzten sokatik zintzilik), kanpandorretik botatzen zuten ahuntzaren kasua, eta, hurbilago etorrita, berriz, Donostiako Santo Tomasetako txerria erakusteak eragin duen polemika...

Apurka, denok ari gara konturatzen animaliekiko tratu horiek ez direla gizabidezkoak, eta etikoki defendatu ezinak direla. Animaliek ere bere duintasuna dutela ezin du inork ukatu.

Zezen-plazara doazenak, hilurren dagoen zezenaren begietara begiratuko balute (izen propioa duten animali dotoreak), begirada hori irakurriko balute...; duintasuna galduta eta zapuztuta dagoen Miura edo Vitorino horren orru etsi eta tristeek esan nahi digutena entzungo balute... Zer jai goratu eta txalotzen ari diren ohartuko lirateke.

Batzuk proba hori egin omen dute; gero eta gehiagok. Seguru nago hemendik aurrera jaietan inoiz baino azpeitiar gutxiago izango dela zezenketetan; izan ere, azpeitiarrok, gainontzeko guztiek bezalaxe, badakigu zer den bidezkoa eta zer ez, zer den etikoa eta zer ez, zer den duina eta zer ez.

Maite Garmendia

Azpeitiko ‘ironman’-ak

Azkeneko Uztarriaren zenbakian [ uztailekoan] aipatzen diren bi lagunez gainera badira beste bi azpeitiar proba hori egin dutenak. Bata, Jabier Amenabar azpeitiarra da, 40 urte ditu eta urte mordoskan Zarautzen bizi da. Nik dakidala bi Ironman eginak ditu: bat Lanzaroten eta bestea Austrian, eta ez dakit hirugarren bat ez ote duen egin (orain dela bost edo sei urte egin zitu- en).

Bestea, berriz, Alberto Alberdi. Honek ere 40 urte ditu, eta Damaso Azkue auzoan bizi da. Duela hiru urte Alemaniara joan zen Goierriko beste triatleta lagun batzuekin Roth-eko Ironman-a egitera.

Uztarriako bazkide bat

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak