|
|
|
Aurrera ekarrite
: 1983ko abuztuaren 26a, ostirala, Euskal Herriko lekua askotan uholdeak. Azpeitian, tartean; ura bitan atera zen ibaitik, goizez eta arratsaldez
Orain hogei urte Azpeitia ito zen egun hura
Nerea Uranga
Eurite gogorrenak goizeko ordu biak aldera hasi ziren eta hiru ordu iraun zuten”,dio 1983ko abuztuaren 28ko Deia egunkariak. Bi egun lehenagoko Euskal Herriko uholdeez ari zen. Azpeitian, 1983ko abuztuaren 26an, ostiralez, ibaiak segituan egin zuen gainezka. Azpeitiar asko oporretan ziren, beste batzuk bueltan... Euskal Herriko toki askotan izan ziren uholdeak; larrienak Bilbon, La Peńa auzoan —Bilbon, ama batek hiru seme-alaba galdu zituen—.
Azpeitian, orduan, Imanol Elias zen alkate, baina herritik kanpo harrapatu zuen uholdeak. Hain zuzen, Kutxako Gazte Klubarekin Eskoziara joana zen, *Imanol Elias* liburu biografikoan dioen bezala: “Uholdeena jakin nuenean inpresio handia egin zidala gogoratzen dut, eta zer esanik ez irudiak ikusi nituenean. (...). Ez zitzaidan egoera hura gertutik bizitzea tokatu, baina bai gero kaltetuko jendea udaletxera joaten hasi zenean”. Hark bezala, herrian jende askok ditu gogoan orduko uholdeak.
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
(Angel Rodriguez)
|
|
|
|
Izarraitz Elkarteko irudi bat uholdeen ondoren
(I.E artxiboa)
|
|
|
|
Izarraitz Elkatean ura noraino heldu zen ikusten da
(I.E. artxiboa)
|
|
|
|
(Maitere Aldalur)
|
|
|
|
(Maitere Aldalur)
|
|
Angel Rodriguez(argazkilaria)
"Arazo handieneko lekuetako argazkiak atera nituen"
Angel Rodriguezek nahiko lan izan zuen 1983ko abuztuaren 26ko egun hartan. Uholdeak zirela-eta etxean ura sartu zitzaien eta, gainera, une historiko hartako irudiak argazki makinarekin jaso nahi izan zituen. “Ni garai hartan Enparan kalean bizi nintzen, ibai aldera eta beheko solairuan. Gogoan dut nire osabak esnatu eta zer esan zuen: ‘Ura ohean sartzen ari zait!’. Guk behean bodega geneukan ardoa-eta gordetzeko, eta han ura sartu eta sartu ari zen, eta motobonba hartu behar izan genuen handik ura ateratzeko. Baina gero ura jaisten hasi zen eta dena garbitu genuen. Baina arratsaldean berriz ere ibaiak ur handitu ziren eta berriro ura sartu zitzaigun bodegan eta etxean. Tarte hori aprobetxatu nuen argazkiak ateratzeko. Egun hartan gertaera historikoa gertatzen ari zen eta argazkiak atera behar nituen”. Jo eta fuego aritu zen kamerarekin. “Argazki makina hartu nuen eta buelta bat eman nuen pasatzea posible zen lekuetatik. Enparaneko zubitik argazkiak ateratzeak izugarrizko inpresioa egiten zuen, urak indar handia baitzuen eta zubiaren arkuak ere estalita zeuden. Zubitik argazki bat atera nuen eta beste argazkiak zubi ertzetik ateratzen ibili nintzen; toki seguruagotik. Arazo handienak zeuden tokiak hartu nituen baina ez guztia. Loiola aldea, guztia, urak hartuta zegoen, baita Madalena aldea ere. Horrez gainera, Zine Klub taldean ere banebilen orduan eta, beraz, gertaera historiko hura filmatu beharra zegoen. Zorionez, Pepe Azpiazu ibili zen irudi haiek filmatzen eta gero irudiekin dokumental txiki bat egin genuen”. Egun hura ezustekoa izan zela dio, eta gaur egun horrelako zerbait gertatzea zailagoa dela. “Arratsaldeko uholdea goizekoa baino okerragoa izan zen, gainera. Uholde haien berezitasuna, Azpeitian, egunean bi alditan, goizez eta arratsaldez, ibaiak gainezka egin zuela izan zen. Oso egun mugitua izan zen niretzat”.
Jabier Merketegi (Pastorkua tabernakoa)
"Taberna garbitzen hamabost egun eman genituen"
Pastorkuko jabeek, tartean Jabierrek, abuztuaren 26an, goizaldera, telefono deia jaso zuten ura igotzen ari zela oharraraziz. Jabierrek dio “gaizki” pasatu zutela egun hartan, eta berriro taberna irekitzeko hilabete behar izan zutela. “Dena oso azkarra izan zen. Goizeko bostak al-dera deitu ziguten urak igotzen ari zirelako eta tabernaren inguruko garajeak husten ari zirela esanez. Behean, jangela eta su-kaldea ditugu. Hasieran ez genuen sinetsi, bezperan taberna itxi eta etxeratu ginenean oraindik urak bere tokian baitzeuden. Baina oso azkar igo zen ura. Ordubete beranduago udaltzainek deitu ziguten gauza bera esateko. Lasterka hona etorri eta lehendabizi autoak atera genituen. Kostatu egin zitzaigun, ura sartuta zegoelako; azkenean flotatzen atera genituen. Bezperan jangelako mahai batzuk jarrita utzi genituen, mahaiak intxaurra ziren eta asko pisatzen zuten. Nonbait, urak pixkanaka altxatu eta platerak bere tokian egon ziren. Hurrengo egunean jangelara jaitsi ginenean mahai gainak utzita bezalaxe aurkitu genituen”. Jendeak asko lagundu ziela dio. “Hamabost bat egunetan jardun genuen tabernan garbiketan. Eta ahal zen moduan eman genion buelta; guk negozioa genuen eta uholdeen ondorioz ia ezer gabe gelditu ginen. Zortea sukaldearekin izan genuen, altzairuzkoa eta erdoiltzen ez dena baitzen eta salbatu egin zen”. Dudak izan zituzten taberna ireki edo ez. “Etxean taberna berriro zabaldu edo ez planteatu genuen, kalte handiak izan genituelako. Seguroa geneukan eta handik ateratako diruarekin martxan jartzeko adina atera genuen. Horrek animatu gintuen”.
Joakin Arozena (Hogar Altzariak-eko jabea)
"Auzoko jendea oso ondo portatu zen gurekin"
Joakin Arozena, Arana kalean dagoen Hogar altzariak dendako jabea da. Orain dela hogei urteko uholdeetan denda urez bete zitzaien egun hartako oroitzapen handirik ez du, baina jendeak eta auzokoek “asko” lagundu ziela dio. “Oso egun txarra izan zen hura, katastrofikoa. Dendako beheko solairu osoa urez bete zitzaigun eta gero gora ere sartu zitzaigun, ia ateraino heldu zen ura. Baina ate ondora iristen hasi zen unean gelditu egin zen. Dendan traste asko zegoen eta hasieran komodin gaineetara igo genituen, baina urak mugitu egin zituen eta ezin ziren hala eduki. Orduan laguntzera etorri zen jendearen etxeetara igotzen hasi ginen trasteak. Gero trasteak non genituen ere ez genekien, baina zorionez, jende jatorra tokatu zitzaigun eta gure ustez behintzat, traste guztiak bueltan jaso genituen. Auzo osoa, gurekin behintzat, oso ondo portatu zen, asko lagundu ziguten”. Gero, dena garbitu, zikinkeria eta lokatza guztia kendu eta berriro denda osoa montatu behar izan zutela dio.
Kalteak
MILA MILIOI. Garai hartan prentsan agertu zenez, Azpeitian, guztira, mila milioi pezetako galerak izan ziren.
KALTE LARRIENAK. Danonan eta Obrera enpresetan bakoitzean 50 milioi pezetakoa. Marcial Ucin, Damaso Azkue, Azcue y Cia eta Espańola de Metales enpresetan, bakoitzean 25 eta 30 milioi artekoa. Pastorkuan 15 eta 20 milioi pezeta artekoa. Areso, Ganbil eta Irureta enpresetan, berriz, hamar milioi pezeten azpitik. Eta Kirurin hiru milioi pezeta ingurukoa.
KALTETUAK. Uholdeak gertatu eta hurrengo egunetan udaletxera kalteen berri emanez 170 kaltetu inguru hurbildu ziren.
|