|
|
|
Manex Beristain hariari tiraka
Azpeitia City
Manex Beristain
Erdi kaletik barrena plaza aldera noa denborarik galdu gabe. Ez daukat ezer berezirik egiteko, baina ohiturak erritmo jarraitu hau oparitu dit. Goiza da, erosketa usaina darie eskaparate ixkinei eta dagoeneko beroak gogor astintzen ditu bazter guztiak. Musuzapiak maiz ateratzen dira patriketatik kopetako izerdia lehortzeko intentziotan, eta itzal guneak Azpeitiko etxebizitzen antzera eskuraezinak bihurtzen dira. Gauza da eguraldiak laguntzen duela, hondartzara joateko behintzat, baina jendea erruz dabil kalean gora eta behera, Zelai Luzeko berdegunean botata, iturri desberdinetan aurpegia freskatzen, bainuak hartzeko lekuak garaiz eskuratzen edo freskagarrien lagun izan ohi diren izotz blokeekin lepo atzeak igurtzitzen. Edozein trikimailu, egiten duen bero jasanezinari aurre egiteko. Kalean herritarren aurpegiak nagusi dira momentuz, San Inazioak igaro artean behintzat, baina kanpotarrik ere antzematen da, eta ez gutxi, aurreko udako garai hauekin alderatuz gehiago; hobeto esanda, askoz gehiago; edo benetan hitz eginda, kontatzerik ere ez dago zenbat kanpotar dabilen egunotan Azpeitian.
Igerileku irekia txiki gelditu da, ura ere berotuta omen dago, hainbeste jende uretan egon izanagatik, eta zer esanik ez: aspaldian ezin izan dugu ikusi bertako belarrak duen kolorea. Hau horrela izanik, nahiz eta Urola ibaiko urak edateko moduan ez egon, igerileku parean eta Loiolako sarreran hondartza artifizialak egin behar izan dituzte, jendearen bainu egarria asetzeko. Beraz hemendik aurrera Urola ibaiko arrain nahiz ahateek konpainia berezia izango dute euren uretan. Aipatu dutenez, bi hondartza hauek presazkoak izan omen dira, baina ez omen dute kalte handirik eragingo, ura bertako hondartzetara garbi iristea omen da inportanteena, eta hori kontrolatzen saiatuko omen dira; aitzitik, bertan zikintzen den ura itsasora doala-eta, ez dira hain kezkatuta agertu.
Loiolari, hondartza bertako ibai ertz batean egin izanak ekarri dio aldaketarik. Bertan eraikitako lau hotelak guztiz beterik agertzen dira egun hauetan, eta jendearen etorria dela-eta bertako zelaiak kanpinez josita daude.
Berriro kalean jartzen dut arreta eta ez dira gutxi eskuetan herriko mapa, Azpeitiko tabernetako ibilbide kulturaleko gida eta nola ez, igerileku ondoko hondartzan astean behin ospatzen den surf txapelketako informazio orriaz ibiltzen diren turistak. Bakoitzak ikusiko du zer bisitatu edo zertaz gozatzen duen, baina aukerak eta eskaintzak ez zaizkio falta. Eskaintza hauetako bat eta azken urtean izar bihurtu dena, aurreko udan herritik Xoxotera estreinatu zuten teleaulki horietako bat dugu; zoritxarrez diot, zeren orduan hainbat mobilizazio eta protesta izan ondoren, gehienbat bertako jendeak erabiltzen baitu, eta azkeneko Xoxoteko egunean itzelezko arrakasta izan omen zuen. Honek denak herriari aldaketa nabarmenak ekarri dizkio, bai diru aldetik, bai...beno agian aldaketak hain onerako ez dira izan. Baina hori bai, azkenean autobidearen proiektua bertan behera utzi dute agintari gorenek. Orain Azpeititik ia inork ez du igaro behar izaten, bertan gelditzea erabakitzen dute eta honek sortu duen arazotxoari laster eman diote irtenbidea. Azkoitia, Beasain, Errezil edo Zestoa aldetik datozen bisitarientzat aparkalekuak egin dituzte euren sarreretan, eta gainera doan. Ondoren, aparkaleku hauetatik uneoro autobusak jarri dituzte. Ia, ia Kilometrotan bezala.
Azken finean, Azpeitia beti izan da kanpotarrentzat itsasorik gabeko kostako herri bat, eta hondartzak itxi dituzten horrekin orain Azpeitia itsasorik gabeko kostako herri bisitatu bat bihurtu da; edo hobeto esanda, bihurtzeko arriskuan egon daiteke. Eta hau gutxi balitz herri sarreretan honako kartelak jartzeko asmoa omen da. “Tenporek esana, Bero handia eta hondartzak itxita, beraz.....”.
|