Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 21,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  uztaila »  Iritzia »  kartak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

kartak

KAMIOIAK HERRI ERDITIK Gidatzeko nahiko aldrebesa da herria, batez ere erdigunea. Askotan Marcial Ucin enpresako keei begira egoten gara. Ez da hori ia herriaren erdian dugun industrigune bakarra. Mada-lena aldeko hormigonera ere ez da gutxiagorako, eta harat-honat ibiltzen diren kamioiak ere ez. Madalenan eta Damaso Az-kuen eguneroko pasabidea dute harako kamioiek. A. Agirre 

Soreasu ixildu egin digute

Astean hirutan bere ateak ireki eta mila istorio eder, ez hain eder, eta nahiko txarrak ere pantailaratzen zizkigun aretoa, ilunpetan dago. Bere jesarleku gorriak tolestuta daude; eta, itxura denez, halaxe jarraituko dute denboraldi baterako. (Mihi gaiztoak betirako itxi dutela ere hasi dira dagoeneko esaka).

Gutxi omen ginen bezeroak. Ez ginen asko, ez. Igande gaueko azken txandakoak behintzat, kuadrilatxoa: han-hemenka buru bat edo beste; haruntzaxeago, hiru edo lauko taldetxoa. Bezero finak. Baldintzak ez zirela egokienak jende-andanak erakartzeko?, bale; Donostiako zine areto lustrosoak probatu eta gero tertzermundista zela?, enfin; Azkoitikoak irabazi egiten ziola puntu askorengatik?...(derradan bidebatez, handikaldekoek , zinema bakarrik ez, espektakulo ugari eta onak antolatu dizkigutela urtean zehar —segi horrela!—. Baina azpeitiarron zinema aretoa izan da beti Soreasu, —Zelaitxorekin ez dakigu zer gertatuko den—, eta hala jarrai dezan nahi dugu. Udalak kanpainak egin ditu, herrian bertan kontsumitu behar dela-eta, herria bizirik egongo bada azpeitiarrak Azpeitiari lagundu behar diola aldarrikatuz. Ederra bidea! Urola trenaren kasuan ere, han ere jende gutxi ibiltzen omen ginela-eta, pasa zuten hura ere historiara. Nora joan behar dugu? Nora bidali nahi gaituzte kontsumitzera? Zer espero behar dugu etorkizunean? Entzun behar duenak, entzun dezala! Soreasu antzokian bagenituen arazo txiki batzuk zinemako pertsonaiek esaten zutena ongi aditzeko. Ez zen oso ongi entzuten, ez, baina orain ez da ezertxo ere entzuten. Soreasu ixilik dago. Soreasu ixildu egin digute.

Maite Garmendia

Etxean jaso ditugun liburu potoloak

Oraindik ez dira saninazioak iritsi, baina etxe guztietan jaso dugu halako liburu potolo bat. Aurten hirugarrena bada. Azpeitia berria izenarekin dator. Herrian azken 24 urteetan zer egin den azaltzen du, baina ez al dugu hori kalean ikusten? Guk ez dugu eskatu gure zergak horretan gastatzeko. Ez al da gehiegikeria hainbeste diru horretan gastatzea? Informazioa beharrezkoa da herriarentzat, ados, baina... Oraingoan, alkatez aldatzen delako, bestean aurrekontuaren berri emateko... Dirutza handiegia gastatzen da horrelakoetan. Diru hori beste zerbaitetan erabiltzeko ezin ote da gorde?

Maialen

Noiz arte horrela?

Udalak etxebizitza arloan pro-iektu bat darama aurrera. Udalak sustatutako 75 etxebizitza ziren zozketatzekoak, teorian. Azpeitiar ugarik eman genuen izena zozketan parte hartzeko, 500dik gorak hain zuzen.

Ikusirik udalak etxebizitza arloan eraman duen politika, aukera paregabea zirudien etxebizitza duin eta eskuragarri bat lortzeko. Ilusio eta itxaropen guztia jarri genuen proiektu honetan, beste hainbatek bezala. Inozoak gu! Hartu dugu astindu ederra! Batetik, gure ezustea, 70 edo 75 izan beharrean soilik 57 direla zozketatzekoak jakitean. Norentzat ote dira falta direnak? (Enparan kalean, hasieran esan zen kopuruaren erdia ez da zozketatuko). Bestetik, udalak babestutako etxebizitzen prezioa salatu nahi genuke: Enparanen etxebizitza merkeenak 27 milioi pezeta balio ditu, eta besteek antzera. Ezin da azpeitiarren beharrizanekin horrela jokatu! Azpeitia Lantzen SAren helburuetako bat azpeitiarroi etxebizitza eskuratzeko orduan erraztasunak ematea da. Zer erraztasun? Nork irten du irabazten? Herritarrok? Zer egingo da zozketatuko ez diren etxeekin? Noiz arte horrela?

Igor Aramendi, Joseba Galarraga eta Mikel Ruiz de Argandoña

Etxebizitza eskubidea guztiontzat!

Ekainak 19, osteguna. Azpeitian udalak sustaturik etxebizitzen zozketa egiteko eguna. Baina iruzurra egiten ari dira, iruzurra azpeitiarroi eta hori esateko adibideak baditugu:

Udalak (PNV-EAren eskutik) proiektu zoragarri bat aurkezten digu non herrian daukagun arazo larri baten aurrean (etxebizitzarena) udalak sustatutako 70 bat etxebizitza aurkezten dituen. Horiek zer dira, egin beharra dauden eta urte luzeetan egin ez diren etxebizitza sozial eta babes ofizialekoen ordezkoak?

Azpeitian hamar urte baino gehiago dira legez derrigorrez egin behar ziren babeseko etxebizitzarik ez dela egin. Eta horrela izan da udala gestionatu duten PNV-EA ko ordezkariek hala nahi izan dutelako; etxebizitzaren kontura izugarrizko negozioa egiten dutenak babesten egon dira.

Ekainak 19an zozketatu ziren etxebizitzek 25 eta 30 milioi pezeta artean balio dute gehienek. Bai, pezetatan diogu, ondo ulertzeko denok. Zein herritarren beharretara egokitzen dira prezio horiek? l Etxebizitza hauen zozketan sartu ahal izateko baldintzetako bat 9.015,18 euro eta 45.075,19 euro arteko irabaziak izatea da urtean. Errekurtso gutxien duten pertsonek ezingo dute aukerarik izan, eta urtean ia zortzi milioi irabazen dituenak bai. Nori zuzenduak daude etxebizitza horiek?

Etxebizitza horietatik ez dago batere alokairuan. Jakina da, jende askok etxebizitza batean sartzeko aukera bakarra alokairuan sartzea dela. Zergatik ez dira jarri alokairuan hainbat etxebizitza? l 57 etxebizitza daude zozketarako, eta 525 pertsonek eman dute izena. Esan nahi du eskaera handia dagoela, eta lagun gutxiri emango zaio irtenbidea. Zer egin behar dute besteek?

Hauek eta beste hainbat adibidek garbi erakusten digute egin nahi dituzten partxeo hauek ez dutela arazorik konpontzen. Denak berdin jarraitu dezan herrian egindako presioari ematen dioten irtenbide faltsua da. Guk, Habea-tik, arazoaren irtenbiderako proposamenak egiten jarraituko dugu, eta horiek aurrera ateratzeko lan egiten, eta iruzurra dagoenean iruzurra salatzem. Etxebizitza eskubidea da, eta ezin du merkatuaren logikan jarraitu. Azpeitian 180 graduko bira eman beharra dago etxebizitzaren politikan. Denon indar eta kemenez lortuko dugu.

Habea

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak