|
|
|
'Berria' eta berria
Alaitz Olaizola
Udan sartzearekin batera, etorri zaigu berria. Berria eta berria. Pozez hartu dut egunkari berria esku artean. Egunkaria dakarkit gogora eta berriak berri, poztu egiten nau horrek. Gogoko nuen Egunkaria eta saiatuko naiz hutsik ez egiten berria-ri. Orain Egunkaria Berria-ri kontatuko dizkiogu gure penak eta, pozak. Bazuen lehengoak herritar soilentzat tokia eta, izango ote du datorrenak ere...
Jaso ditzala eta izan dadila lekuko fin, lehenago zen moduan, gure gizartean eta besteenetan gertatzen denaz. Pena bakarra daukat: astearteko Berria-k esango digu, nola Realak ezin izan duen Liga lortu... Ez da hasiera makala, baina azken finean, hori hobe, beste notizia okerragoren esperoan. Hauek ez baitira, orokorrean, Euskal Herriarentzat garairik hoberenak.
Baina gatozen ari ginenera... Kultur munduko hainbati entzuna nien, Egunkaria-k zekarrela euskal kultur giroetako informaziorik eguneratu eta zabalena. Eta hala zen. Lakrikun antzerki taldeko kide bezala esan dezaket, gure taldeari buruzko erreferentzia gehien ematea ahalbideratu digun idatzizko komunikabidea izan zela.
Gay eta Lesbianen mugimendukoei entzuna diet, gai honen inguruko informazio gehien zabaldu duen egunkaria izan dela. Eta Berria-ren lehen alea horren lekuko. Ekainaren 28a bitartean ere, ez dut dudarik egiten hala izango ez denik, eta zorionez, gutxik bezala, urte guztian zehar.
Betiko egunkaria esku artean dugunaren susmo atsegina sentitzen dut, eta ez da seinale txarra.
Ez da seinale txarra ezta ere, lehenengo alearen 50.000 ale agortu izana —Azpeitian, goizeko hamaiketan, hirugarren saltokian erosi ahal izan nuen—. Baina estreinaldiak beti izaten dira horrela. Eta uste dut, badakidala zertaz ari naizen, Egunero-ri berdin gertatu zitzaion. Gero, emanaldiz emanaldi jendearen babesa mantentzea kostatu egiten da, eta horixe da gure erronkarik handiena. Azpeitiarrontzat, gure burua hain euskalduntzat dugun gehienontzat, erronka polita da esku artean duguna. Demostratzea baino ez zaigu falta. Dirua daukanak, diruarekin, ez daukanak, borondatearekin. Orain egiten ari naizen hau ere, borondatezko ariketa xume bat baino ez da, besteen merituak errekonozitu eta esku artean izandako produktua baloratzea. Bakoitzaren baitan dago erabakitzea, zer egin dezaken halako egoera bitxi eta sinestezin baten aurrean. Kanpaina egiteko, batzuk prestatu dira, eta ez da nire kasua. Bakoitzak ditu bere helburu militanteak eta ahal duenari ahal duena eskaintzea baino ez zaigu geratzen. Azken batean, patuak sartuko gaitu denok zaku berean. Bidearen bukaera, ez zaigu hain desberdina izango.
Azken finean, desberdinen arteko ariketa edo
saiakera bat baino ez da, bidearen amaieran, denok, topo egiteko. (Azken esaldi honek transzendental itxura nazkagarria hartu du, ezta?) Alegia, proposatutako helburura iritsiz gero, berdin dela zertan militante izan, zeure buru eta sineskeriekin bat badator behintzat! (Horrela argiago, ezta? Eskerrak!)
Lehenago ere nonbait idatzia utzi nuen eta gauza bera diot orain. Azpeitiarrok ederki esaten dugun moduan, kristona gertatu dela. Bata hil eta berria jaio! Duela bi mila urte ez zuten espero eta nork espero behar zuen orain? Fededunak baino ez. Asko. Bi mila urte eta gero, hura gogoan bada, zaila izango da hau ahaztea, euskaraz idatzi, hitz egin eta irakurtzea maite dugunontzat... (Badakit euskaraz beste mila gauza egin daitezkeela, baina kontestu pornografikoetan ez sartzeagatik, ondo geratzeko moduan adierazi dut).
Nork dio, zaharretik ezin dela berririk jaio? Euskaldunok ez behintzat! Ez ahaztu, guraso zaharrenetik ere, umerik berriena jaiotzea posible dela. Zer esanik ez, beraz, gazte baten eskutik!
Berri usaina nabari dezaket. Inprentatik atera berri den liburuaren orrien usaina, konparaezina da. Ederra, asko irauten ez badu ere.
Talde lanaren emaitza oparoak, erre gaitzala norbaitek hala nahi badu, infernuko garretan, baina, erre ahal ditzagula, denbora luuuzez, Berria-ren orriak, datozen neguetan, hainbat etxeetako ekonomiketan. (Ekonomikarik ez baduzu, ur-berogailua edo sukaldea piztean).
Zorionak, Berria-ren alde lanean aritu diren guztiontzat eta, bereziki, Azpeitian osatu den eta lanean ari den batzordearentzat.
|