17+4
Aitor Aranguren
Ekainak 14, larunbata, 11:45. Giro beroa plazan eta zirkoa hasteko dena prest: ertzainak gala-uniformearekin, beltzez, aurrean ilegalizatutako Habea protestan eta oraindik ezin denez udaletxera sartu, beste alderdietako kideak ez dira ausartzen plazara etortzen.
Bitartean udaletxean, Udalbatza aretoan aurrez aurre 16+4 zinegotzi (PPkoa ez da etorri) 12:00etan ekitaldia hasteko zain. Eszenatokian tentsioa nabari da, aurpegi serioak. Gehienak urduri bata besteari begira eta inork hitzik ez. Batzuk dotore azaldu dira ezkontza baterako pare, pintatuta eta ileapaindegitik pasatuta, eta beste batzuk, berriz, bizarrik moztu gabe. Batek “gora Euskadi askatuta” dio, lurraldea markatzen, lehoia dirudi boterea azaldu nahian edo. Beste batek geroxeago “gora Euskal Herria askatuta” botako du. Inondik ere nazio ikuspuntu zeharo ezberdinak, ezta? Bizi dugun eskizofrenia politikoaren adierazle.
Ikuskizuna hastera doa. Bazter batean tente zirkoko zuzendaria, lasai, barrea dariola. Gozatzen ari ote? Aretora jendea sartzen hasi da, isilik, kalean iskanbila. Geroxeago Habeako kideak haserre eta oihuka sartzen dira, beste herritarrei emaniko tratu berbera eskatzen. Eta batzuen eta besteen artean sua pizten da, eta sekulako zarata. Denetik ikusi zen, zentzugabeko eztabaida amaigabeak, irainak, mehatxuak eta onar ezin daitezkeen probokazioak ere argazki-kamera bat tarteko; TVE1erako irudi ezin hobeak. Ez da posible izan PNV-EA eta PSE-EEeko kargu-hartzeak entzutea. Ondoren Habeako buruak hitza hartu eta errespetuz (edo beldurrez?) denok isilik.. Jarraian sinbolikoki lau aulki plazara ateratzen dira.
Datozen lau urtetan Azpeitiko alderdi politikoen arteko bizikidetza heriotza-zauri larriekin gelditu da. Bitartean Espainian gure espektakuluaz gozatzen. Ez dugu besterik merezi. Eta Saninaziyuek datoz.
|