Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  uztaila »  Iritzia »  Oinezkoen, etxekoandreen eta langileen eguna

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Oinezkoen, etxekoandreen eta langileen eguna

Ainhoa Odriozola

Bada zerbezaren iragarki bat zeinek berdez pentsatzea gomendatzen digun; Azpeititik bazoaz ordea, gauza aldatu egiten da, ez pentsau koloretan, ez berde ta ez gorri, formetan baizik. Berehala ulertuko didazu irakurle: oraintxe dauzkagun errotonda mordoarekin, pentsau borobillien, pentsau borobilean gidari koittau hori, bestela bazterra joko duzu eta!

Ez al da ba hola? Damason bueeelta, hartzubian bueeelta, Loiolabiden bueeelta, eta laster Sanjuandegirako ere buelta. Nire 4 urteko hiloba konturatuta dago; bere hitzetan, txupa-txusa bezala da: lehenengo makila luze luzea, gero buelta dena borobilean eta gero berriz ere makilatik behera. Horrela azaltzen du Jose de Artetxetik ikastola berrira egiten dugun bidea, Loiolabideko errotondatik pasatuz.

Ba hori: borobilean pentsatu, zirkunferentzia ondo trazatu, bestela errotonda barruan bukatuko duzu eta. Eta nork nahi du horrelakorik, erdi-erdian jartzen dituzten lora politekin, inork usaitu, ikutu, edo zapaldu ezin dituen gune berde zoragarri horiekin. Aizu! ez da ideia txarra, bero hauekin eta piszinako betekada ikusita, tortilla hartu eta rotonda erdian mantela atera. Aspersore eta guzti, freskatzeko primeran! Hori ere gero eta zailago, ordea, eskulturak jartzen badituzte erdian. Landetako errotondan, langileei eskeinia. Barregura ederra ematen du astelehen goizetan hortik pasatzea! Lehen gogo gutxi, eta gogoratu egin behar nora goazen!

Proposamen bat dut Sanjuandegiko errotondaren erdirako: ez emakumearen irudirik, ez zezenik: automobilari monumentua. Berdin dit zein materialetan, baina ondo goian eta ondo disdiratsu. Bitartean, oinezkoen estatua jar dezatela lurrazpiko pasabidean; edo bestela, bakoitzek ospa dezala etxean, egunero da-eta oinezkoen, etxekoandreen eta langileen egune.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak