Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  59.000 euro behar dira egunkari berrirako »  Azpeitiarrak,

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

EUSKARAZKO EGUNKARIA : Gaur egungo egoera politikoak, euskarazko egunkari berriaren sorrerak eta Azpeitia bezalako herri euskaldun eta abertzalean ‘DV’ nagusi izanak gogoetarako balio beharko luke. Edo ez?

Azpeitiarrak,

uztarria

Abertzale batek ez, baizik eta espainiar-zale batek bota zuen galdera *ABC*-ren orrialdeetan: “Euskal herritarrak —botoemaile abertzaleak barne— prentsaren kontsumitzaile handiak dira, baina zergatik egiten dute paso *Deia*-tik edo *Gara*-tik, beste egunkari batzuk erosteko?”. Eta zioen erantzuna “nabarmenegia” dela eta ez zuela idatziko artikuluan. Baina hain garbi al dago erantzuna? Azpeitian %90 abertzalea da, baina Espainiako Konstituzioaren aldeko prentsa da nagusi: *El Diario Vasco*. Zeinek dauka erantzuna? Azkeneko urteetan —batik bat Lizarra-Garazi abian jarri zenetik— EAJ deseroso jartzen ari da zenbait egunkari ez-abertzalerekin, eta orain dela aste batzuk, *ABC*-ren *informazio* baten ostean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak berak “GAL mediatikoa” dagoela esan zuen.

Prentsa kioskoa. 
Xabier Arzallus
Xabier Arzallus.  "Komunikabide batzuk Mugimenduaren prentsa bezalakoak dira”. "Manipulazioa hainbesteraino heldu da, zenbait komunikabide arerio politiko direla esan daitekeela” "Komunikabideak gerra garaiko hegazkinak baino okerrago dira, egunero bonbardatzen gaituztelako” 
Arnaldo Otegi
Arnaldo Otegi.  "Eztabaida zuzentzen eta errealitatea itxuraldatzen dute”  

Joseba Egibar eta ‘iturriak’

Maiatzean izan diren udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, bera andoaindarra izan eta Donostian bizi arren, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera, hauen kexengatik. Lizartzar batek DV-ko zerbait irakurri zion, eta hona Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste DV irakurtzea, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DV-ri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako”. Eta ironiaz bukatu zuen azalpena: “Gero [artikuluetan] fuentes aipatzen da eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena *señor Fuentes da; Fuentes*-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”. Eta Fuentes-ek eragina du, baita gero boto abertzalea ematen bada ere. Azpeitian, esaterako. Baina Egibar gutxi izan gurean!; listinean, bost baino ez.

‘DV’: sorrera eta 1978. urtea

Espainiako bigarren errepublikako garaian hasi zen El Diario Vasco argitaratzen, Donostian. 1934a zen, eta Joxean Elosegi historiagilearen artikulu batean aipatzen den bezala, “Madrilgo agintari eskuindarrek, bihurritzen hasia zen euskal lurraldeko bihotzean” sortu zuten DV, “Espainia handia, bakarra eta santua zazpi zeruetara goitituko zuen matxinada faxista eraginkorra prestatzeko”. 1936ko uztailaren 18an, ‘Gaur da eguna’ esanez zabaldu zituen bere orriak. 1978a arte, ordea, ez zen oso egunkari handia izan. *La Voz de España kazeta zuen lehiakide Gipuzkoan; hain zuzen, La Voz* zen herrialdeko egunkaririk irakurriena. Baina Espainiako Gobernuari ez zitzaion askorik gustatzen eta oraingotxe sistema bera erabili zuen: Polizia bidali egunkaria ixtera; langileen artean “iraultzaile independentistak” zeudelako. DV-ri mesede ederra egin zion itxiera hark, 30.000 aleko tiradatik 60.000kora pasatu zelako, eta publizitate guztia ere eraman zuen. Azpeitiarrak ere DV-ren erreinuan sartu ziren operazio demokratiko haren ondoren. Alegia, nolabait esanda, zilegitasuna eman ziotela ixteko erabaki hari.

‘ABC’-ren anaia lehengo urtetik

Correo Taldeko 19 egunkarietako bat da azpeitiarron kazetaDV, alegia—, eta 2002ko urtarrilaren 1etik ABC egunkariaren anaia, Correok eta ABC-ren enpresak —Prensa Española— bat egin zutelako. Zertarako? Negozioa egiten segitzeko —ABC-rekin Correo Taldeak egunkari nazionala bazuen jada—, “askatasun zibilei lotua, ezinbesteko zerbitzu publikoa” emateko, eta, nola ez, Espainiaren batasuna defenditzeko. Honatx zer zioen bat egitearen berri eman zuten eguneko DV-ren editorialak: “*Todos nuestros medios se han constituido en referencia y soporte del ordenamiento constitucional, en adalides de la conciliación de la gran y rica pluralidad autonómica con la unidad de España y en leales servidores de la Corona, verdadero símbolo y depósito de los valores morales en que se funda nuestra convivencia en paz*”. Harrezkero, Correo Prensa Españolak —lehengo astetik, Vocento— ehun milioi euro inguruko irabaziak ditu urtean. Azpeitiarrei esker, besteak beste. Izan ere, azpeitiarrek urtean 470 mila euro ematen dizkiote ABC-ren anaia DV-ri (78 milioi pezeta), egunero El Diario Vasco-ren 1.400 ale saltzen direlako gure herrian.

Intentzionalitatez jokatuz (I)

Egunkari bakoitzak ere gizartearekiko bere ikuspegia du, zilegi denez. Eta bakoitzak bere erara interpretatzen ditu albisteak eta gertaerak, intentzionalitatez jokatuz. Batzuek “manipulazioa” ikusten dute hor. Horratx lehen adibidea. Orain dela hiru urte, Xabier Arzalluz EAJko EBBren presidenteak ekitaldi publiko batean esan zuen, “1977an Francoren diktaduraren amaieran errepresioa” egon arren, indar politiko abertzaleek gehiengo osoa izan zutela EAEn, “eta inmigrazio masiboa egon izan ez balitz nazionalismoaren indarra erabat izango zen nagusi”. El Correo-k hurrengo egunean argitaratu zuen Arzalluz etorkinen kontra bezala mintzatu zela ekitaldian, eta, hori argitaratu eta gero, egunkarietan-eta areagotu egin ziren Arzalluzen aurkako isekak. Arzalluzek orduan gutun irekia idatzi zion El Correo-ko zuzendariari, Angel Arnedori, bere hitzak “manipulatu” egin zituela esanez, eta gogor egin zion eskutitzaren bukaeran: “Zuk, militar gisa, badakizu zer den indarkeria armatua, denok gaitzesten duguna. Baina egunkariko zuzendari gisa, badirudi ez duzula erreparorik indarkeria mediatikoa erabiltzeko zure arerio politikoaren kontra. Niri eta nire alderdiari, mina ematen digu erasorik gogorrenak *El Correo Español egunkariaren bidez etortzeak; izan ere, [El Correo-ren] lehen inprimaldia, gerra zibilean, EAJri manu militari* lapurtutako errotatiba eta makinariarekin egin baitzen”.

Intentzionalitatez jokatuz (II)

Orain dela bi urte, 2001eko abuztuaren 20an, leherketa arraro bat gertatu zen Donostian, alde zaharrean. Ume batek eta haren amonak auto-jostailu bat topatu zuten taberna bateko komunean, hartu egin zuten, baina taberna kanpora irten, beren autora sartu, jostailuarekin jolasean hasi eta honek eztanda egin zuen. Ondorioa: amona hil egin zen eta hamasei hilabeteko haurrak oso zauri larriak izan zituen (itsu gelditu zen). Segituan hasi ziren zurrumurruak: batzuek ETAren ekintza izan zitekeela, besteek ez zela hura ETAren jokatzeko era, beste batzuek “kale borrokaren” ekintza zela... Pasatu ziren egunak eta hilabeteak, eta ezker abertzaleko politiko ezagunak hasi ziren esaten “gerra zikina” zela hura; ETAk ez zuen bere egin hilketa eta kale borrokakoen izenean inork ez zuen ezer esan (beti aitortzen dituzte beraiek egindako ekintzak). Urtebetera, DV-k orrialde osoko erreportaia eskaini zion gaiari. Eta artikuluaren enfokea gertaera kontatzea eta haurraren egoera azaltzea zen, hilketa kasualitatez gertatu izan balitz bezala. Ez zegoen ikerketa edo interpretazio berezirik.

Prentsaren Auzitegia eskatuz

Xabier Arzalluzek berriro hautsak harrotu zituen 2001ean, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko” Prentsaren Auzitegia sortzea eskatu zuelako. PSOErentzat eskaera hura “lotsagarria” zen, PPrentzat “planteamendu faxista”. Eta Arzalluzek iritzi artikulua idatzi zuen Deia-n. “Guido Brunner enbaxadore alemaniarrak auzitegietan erabateko indefentsioa, eta presio eta jazarpen mediatikoa jaso zuen, batez ere Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik, Gobernu sozialistarekin eta Felipe Gonzalezekin zeukan harreman bikaina zela eta. Aldiz, Stern, Alemaniako astekari indartsuak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgeko prentsa delituen Salan. Salak hilabetera atera zuen epaia eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita indemnizazioa ere. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri, berriz, orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”. Egunkarietan abertzaleei buruz gezurrak eta irainak idaztea libre da. Eta guk, erosi eta irakurri.

Bake edo “gerra” hedabideak?

Ipar Irlandan, IRAk 1994an su-etena eman baino lehen, gauza bitxi eta interesgarri bat gertatu zen: Ipar Irlandan nagusi diren eta ideologikoki aurrez aurre dauden bi egunkarik editorial bateratua argitaratu zuten egun berean, ados jarrita. The Irish News egunkari errepublikarra (144.000 irakurle) eta News letter unionista (133.000) dira bi egunkari horiek. Irakurleek ondo hartu zuten ekimena. Bakearen eta demokraziaren aldekoa zen. Badira urte batzuk Ipar Irlandan konponbide demokratikoaren bidean daudela. Euskal Herrian, berriz, egoera dagoen bezala dago. ETAren su-eten garaian izan zen aukerarik pausoak aurrera emateko, baina, Txema Ramirez EHUko irakasleak orduan Bilboko jardunaldi batzuetan esan zuen bezala, “Euskal Herrian zabaltzen ari den bake prozesuaren aurrean komunikabideak oso jokaera ezkorra izaten ari dira, eta gatazka politikoa bideratu beharrean, oztopo bilakatu dira”. Ez zen ari egunkari abertzaleez. Joxe Azurmendi filosofoa ere ildo berean aritu zen su-eten garaian artikulu batean: “Urte bat pasatuta [ETAk su-etena eman zuenetik], denok daukagu kezka handi bat; informazioarena; prentsa, irrati, telebisten manipulazioarena, edo treguarik gabeko gerra mediatiko etengabearena”. Izan ere, Espainiaren batasuna arriskuan zen, eta hori saihestu beharra zuten ABC-k eta.

‘Egunkaria’-ren itxiera dela eta

Otsailaren 22an egin zen Euskal Herriko aspaldiko manifestaziorik handienetakoa: Donostian, Egunkaria-ren itxiera zela eta. Hurrengo egunean DV-k editorialean esan zuen manifestaziora joan zirenek “jarrera biktimista” zutela. Ikusten da: biktimarena egiten zein eta egunkari baten itxiera salatzen ari zirenak! Halaber, Jaurlaritzari Espainiako Justiziarekiko “errespetu” handiagoa izatea eskatzen zion DV-k. Beste bi data. 1: martxoaren 21ean argitaratu zen Euskal Herrian lan egiten duten komunikabideetako langileen Egunkaria-rekiko atxikimendu zerrenda, eta DV-tik hamaseirenak baino ez zeuden. 2: maiatzaren 23an, El Correo-k bi egunkariren itxiera salatu zuen editorialean; Marokon izandako itxierez ari zen, ez Egin-ez eta Egunkaria-z...

Euskara eta ‘Diario de Navarra’

Aurten ari da betetzen bere sorreraren mendeurrena Diario de Navarra. Nafarroako egunkari nagusia da, baina ez da egunkaria soilik. 1936an Francoren altxamenduaren aldeko jarrera garbia eduki zuen. Nafarroan bertan milaka herritar xume erail zituzten orduan, eta Diario de Navarra-k ez zuen ezer informatzen. Hala iritzi ziolako bertako zuzendariak: Garcilasok... Francoren aldeko politikaria ere bai baitzen aldi berean: Bloque de Derechas-eko diputatua. Orain ere oso-oso egunkari eskuindarra eta Espainia-zalea izaten segitzen du Diario de Navarra-k. Euskararen kontrako sutsua da, baina UPNren Gobernuak, 2002an Egunkaria-ri diru laguntza kendu zion bitartean, bere egunkariari dirua eman egin zion astean euskarazko orrialde bat egiteagatik, nahiz eta Diario de Navarra-k laguntza eskaera epez kanpo egin zuen.

‘Correo’-ri boikota eta kontraesanak

Javier Atutxak 1996an gutun berezi bat bidali zien alderdiko afiliatuei, Bizkaiko EAJren lehendakaria zenean. Eskutitzeko agindua: “*El Correo Español* ez erosi, ez kolaboratu berak antolaturiko ekitaldi edo programetan, ez sartu publizitatea, eta mezu hau helarazi gure botoemaileei, hauek ere horrela joka dezaten”. Bistan da ez ziotela kasu handirik egin, El Correo baita nagusi, eta nola!, Bizkaian. Eta bistan da EAJk berak ere ez duela betetzen agindu hori. Izan ere, Bizkaiko Diputazioak bere iragarkiak Correo Taldeko agentzia baten bitartez bideratzen ditu; alegia, Correo Taldeari dirua ematen diola horrela.

Bi esaldi

Juan Joxe Ibarretxe EAEko lehendakariak Gara-ren lehen zenbakiko iritzi artikuluan, izenburuan: “Egia baino ez da albistea”. Jose Antonio Zarzalejos, egun ABC-ren zuzendariak ETAk su-etena eman zuen urtean, 1998an, DV-n, artikulu batean, lord Northcliffe delako batek behin esan zuena gogoratuz: “Informazioa, norbaitek nonbaiten ezkutatu nahi duen zerbait da, beste dena propaganda da”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak