|
|
|
EUSKARAZKO EGUNKARIA
Azpeitian 59.000 euro behar dira egunkari berrirako.
Ekainaren bigarren hamabostaldian kalean izango da euskarazko egunkari nazional berria. ‘Egunkaria’-ko langileek abiatu dute proiektua, eta herritarren eskura akzioak jarri dituzte salgai
|
|
Dendatan, tabernatan....
Kontzientziazioa pizte aldera, 'Hemen akziodunak gara' pegatinak jarriko dira akzioak erosi dituzten dendatan, tabernatan... Akzioak, Sarea Informatikan, Luba Aholkularitzan, Urbistondo Margoak-en eta Uztarrian eros daitezke (943 150358).
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
|
Ekainaren bigarren hamabostaldian euskarazko egunkari berria kalean izango da, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera. Horretarako, baina, dirua behar da; horregatik, herritarrei egunkari berria argitaratuko duen enpresan parte hartzeko aukera zabaldu zaie, 50 eta 300 euroko akzioen bitartez. Euskal Herrian diru bilketari jarri zaion helburua: bost milioi euro. Azpeitian, 59.000.
Duela hilabete abiatu zen diru bilketa kanpaina, Berria berri lemapean, Egunkaria-ko 151 langileren ekarpenarekin (60.350 euroko kapitalarekin abiatu zen Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. enpresa), eta ordutik dirua biltzen ari da Azpeitiko Herri Batzordea ere.
Koadrilaz koadrila, familiaz familia, dendaz denda, enpresaz enpresa ari dira akzioak saltzen, egunkari berrirako dirua biltzen; eta, jendea akzioak erosten ari bada ere, “oraindik nahikoa motel” doazela diote. Egunotan jarri dituzte martxan Koadrila bat akzio bat edota Familia bat akzio bat bezalako kanpainatxoak Azpeitian ere.
LEHENGO BIDETIK.
Egunkari berriak Euskaldunon Egunkaria-ren ildo nagusiei jarraituko die. Lehengo lan taldearekin jarraitzea da asmoa, eta egunkari berriaren egoitza nagusia ere Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egongo da, justu prezintatua dagoen egoitzaren pare-parean.
Administrazio Kontseilua osatzeko bidean da. Lehengoarekin kontatzen dute, eta haietako batzuk izango dira enpresa berriko zuzendaritza organoan ere, baita jende berria ere.
Herritarrei ez ezik, egunkari berriaren bultzatzaileak zuzendu dira instituzio publikoengana ere, diru bila. Hala, instituzioei —udalei, Eusko Jaurlaritzari, diputazioei— diru laguntza bidez laguntzeko proposatu zaie, baina kapitalean parte hartzeko bide bat ere zabaldu zaie, botorik gabeko akzioen bitartez.
Azpeitiko Udalari ere eskatu zaio Egunkaria diruz laguntzeko; oraindik ez du erantzun.
|