Ekonomia
: Iñaki Iribar
“Industriak dirua kanpotik ekarri behar du
Ibilbide profesionalagatik, 2003ko Joxe Mari Korta saria jaso du Iñaki Iribarrek. Glualen gerente bezala 28 urte inguru egin ditu. Izatez getariarra da, baina urte askoan Azpeitian bizi da
|
|
(Nerea Uranga)
|
|
Iñaki Iribarrek, Glualen urte askoan zuzendari izan denak 2003ko Joxe Mari Korta saria jaso du beste bost enpresarirekin batera. Iribar “pozik” dago saria jasota. Orain aurrejubilazioa hartuta dago, baina noizik eta behin Glualera lanera joaten da. Glualen bertan egin genuen hitzordua Iribarrekin.
-Zuretzat sari berezia izango da, Korta bera laguna zenuen eta.
Gaztetatik Joxe Mari Korta laguna nuen. Elkarrekin lan asko egin genuen. 1992an krisi handi bat izan zen eta Korta enpresarekin eta beste batekin kontsorzio txiki bat egin genuen, Alemaniako merkatua irekitzeko, eta feria beretara mugitzen ginen.
-Nola gogoratzen duzu hil zuten 2000. urteko abuztuko egun hura?
Heriotza horrek asko hunkitu ninduen, adiskide handia bainuen.
-Joxe Mari Korta bera “fenomenoa” zela esan duzu.
Jatorra eta zuzena zen pertsona bezala, baserri-baserrikoa. Lehen torno-lanak baserrian egin zituzten anaien artean. Zumaiako ikastolan lehendakari izana, txirrindulari taldearekin ibilia, euskara kontuetan oso zaletua, lanbide heziketako ikasketen bultzatzailea…, herriko aktibitateetarako izugarria zen. Enpresari ona, baina herri mailan ere oso estimatua zen.
-Saria enpresa ertain eta txikiei eta langileei eskaini diezu. Zergatik?
Ni 27 urtean ari naiz Glualen. Denok ezagunak gara, elkarrekin jardun dugu lanean. Teknikoki jende ona dago, eta langile piloa, 25-30 urtean bertan lanean ari dena. Lan iraunkorra dago, ez bat-batekoa. Ibilbide profesionalaren saria da, eta nirea Gluali dagokio. Enpresa gaizki edo erdizka ibili bazen, ez genuen saririk jasoko.
-Saria ematean, ibilbide oso bat saritu dute. Azalduiguzu ibilbide hori.
Zarauzko Antonianon merkantileko ikasketak bukatu eta jarraian, 16 urterekin, Zarauzko banka batean aritu nintzen. Gero, Azpeitira bidali ninduten lanera, emaztea azpeitiarra nuelako. Orduan Getarian bizi ginen, neu getariarra bainaiz. Azpeitian Banco San Sebastian-eko zuzendaria izan nintzen 1974an. Gero, Glualen gerentea behar zutela-eta, bertan hasi nintzen.
-Zure ibilbideko unerik onena?
Asko izan ditut. Batez ere, enpresa hobetzen doala ikustean.
-Eta txarrena, gogorrena?
Bi aipatuko nituzke. Gure tailerrean istripuz hil zen Joxe Antonio Etxeberriaren eta Joxe Mari Kortaren heriotzako egunak. Bestela, barreneko eztabaidak..., baina hori postuak dakar.
-Orain jubilatuta edo jubilatzear zaude?
Aurrejubilazioa hartuta nago, 65 urte laster beteko ditut. Batzutan enpresara etortzen naiz aholkuak eman nahian. Zorionez, gazte berri asko dago eta kolpetik dena ez uztearren joaten naiz.
-Adegin Urolaldeko enpresa txiki eta ertainen ordezkari ere ibili zara.
Eta banabil; aurten dira ordezkariak aldatzeko hauteskundeak. Hasieratik nago Adegin eta batzutan zuzendaritza batzordean ere egon naiz.
-Zer da zuretzat enpresaria izatea?
Ondasunak sortzeko lana egin behar da, eta enpresa gizartearentzat eta ondasunarentzat beharrezkoa da. Eta partaide direnek bere zatia jaso behar dute: langileek, ondoren hornitzaileek, gero hogasunak eta laugarren bazkideek. Irabaziak behar dituzte enpresek inbertitzeko, eta urte txarretan hobeto mantentzeko. Horrela, nahiz eta 1996an sute batek gure enpresako pabiloiaren zati handi bat erre, aurrera jarraitu genuen modu egokian. Azken 20 urtean krisialdi gogorrak izan dira industrian, eta enpresak murriztu eta itxi ere bai.
-Baina, ez dirudi enpresariaren figura modan dagoenik: gure herrian enpresa gutxi sortu dira azken urteotan. Zergatik?
Arrazoi ezberdinak daude. Gaur egun enpresa berria sortu eta aurrera ateratzea ez da erraza. Eta gazte askok nahiago dute edo errazago saiatzen dira lanpostu on bat lortzen, enpresa bat sortzen baino.
-Oraindik liskar ugari sortzen da, bada, langile eta enpresarien artean? (Metaleko arloan urte honetakoa kasu).
Uste dut ahalegindu naizela hitz egin eta gauzak konpontzen, bidea hori dela uste baitut. Nik Glualeko langileekin kexatzeko ez daukat motiborik.
-Azpeitia herri industriala izan da batik bat, baina azken urteetan zerbitzuek hartu dute indarra. Zer irakurketa egin liteke honen inguruan?
Mundu guztian dago joera hori. Baina aurrena industria behar da, kanpora lanak saltzeko; dirua kanpotik ekarri behar da. Oinarria industria ona izatea da, gero zerbitzuak sortzeko aukera ematen duelako.
-Enpresa eta ekonomia aldatu egin da izugarri. Globalizazioa, informazio teknologia berriak... Nola ikusten duzu Azpeitiko enpresa mundua parametro hauetan?
Azpeitian enpresak eta enpresako langileak asko hobetu dira. Jendea lanera gero eta gehiago ikasita dator, segurtasunean, teknikoki…, eta horrek ondorio onak dakartza. I+G eta heziketa profesionala ere bultzatu egin behar dira. Zergatik esportatzen da mundu osora? Hemen gai garelako; mundu globalizatu honetan saltzeko maila onean egon behar da, hor kanpoan ez dute ezer doan ematen. Informatikari esker lanerako sistemak aldatzen ari dira. Horrekin, lan mundura emakume gehiago sartu da, eta horrela jarraitzea espero dut.
-Herri bezala, zer gabezia ditu Azpeitiak industria mailan? Zer egiteko bete behar dute erakunde publikoek industriagintzan?
Industria aldetik industria lurrak gehiago sustatu behar dira. Saihesbidea eta errepideak egitea ere beharrezkoa da, horrek eragin ditzazkeen kalte ekologikoak ahal den neurrian gutxituta. Erakunde publikoek laguntzak eman eta enpresa berrien sorrera bultzatu behar dute. Uste dut Eusko Jaurlaritza ahalegin hori egiten ari dela SPRI bitartez. Baina beti gehiago egin dezakegu.
-Langabezia tasa baxua du Azpeitian. Baina lan baldintza txarrak salatzen dituzte behin eta berriz sindikatuek.
Sindikatuek hori esaten dute, baina hemen lanpostuak sortu egin behar dira eta nork sortzen ditu? Sortzen dituenari aitzakiak jartzea ez da zaila. Sortzen ez dituenari ez dizkio inork aitzakiarik jartzen… Kontratu-en kontua aldatu egin da, baina mundua ere asko aldatu da. Hasieran, langile be-rriak nahiko eskasean dira; baina denbora aurrera joan ahala bere neurrira etortzen dira iraunkortasuna eta lansariak.
|