Udalean orain, zer?
Nerea Uranga
14an osatuko da taldea: EAJ-EAk 15 zinegotzi, PPk eta PSE-EEk bana; nola hartuko du parte Habeak?
Pasatu dira udal hauteskundeak, eta orain zer? Udal talde berria ekainaren 14an osatuko da. EAJ-EAk hamabost zinegotzi izango ditu eta alkatetza berea du; Julian Eizmendi izango da alkate. Habeak 2.027 boto lortu ditu, baina ez du ordezkaririk izango, “legez” kanpo utzi dutelako. PSE-EEk eta PPk zinegotzi bana edukiko dute.
PSE-EEk, 1979-1987 artean ordezkari bat izan zuen. Baina PPk inoiz ez du izan. Habea orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak “legez” kanpo uzteak bi alderdiok Udalean ordezkaritza izatea eragin du.
Ezker abertzalea aurrenekoz 1983an aurkeztu zen udal hauteskundeetara, eta bi zinegotzi lortu zituen. Harrezkero legealdi guztietan ordezkaritza izan du. Orain ordezkaririk gabe izango da, baina Udalean lan egiteko asmoa azaldu du Habeak. Nola? Eizmendi alkategaiak “emaitzak ondo kudetu” nahi dituela azaldu du. Ikusi egin behar zer gertatuko den hilaren 14an, eta gero ere bai.
|