Osasuna
Bizi berri bat aukeran
Marcos Gorostiagak eta Joxe Mari Ibargurenek organu transplantea izan dute, eta orain beste gaixoei laguntzeko lanean ari dira
|
|
Marcos Gorostiaga eta Joxe Mari Ibarguren 'Magua', Euskadiko Gaixo eta Bihotz eta Birika Transplantatuen Elkarteko kideak.
(Nerea Uranga)
|
|
B izitzeko gogoak, neurri handi batean, bizi berri baterako bidea ireki die Marcos Gorostiagari eta Joxe Mari Ibarguren Magua-ri. Izan ere, bi mutil gazteri esker bizitzarekin aurrera jarraitzeko aukera izan dute biek. Gorostiagak gazte baten birika du transplantatuta eta Ibargurenek beste gazte baten bihotza. Biei Santanderren (Espainia) egin zieten transplantea, eta oraindik ere sarritan joan behar izaten dute hango ospitalera, medikuek jarraipena egiteko.
Bost urte besterik ez dira Espainian biriken transplantea egiten hasi zirela. Euskal Herrian zortzi-hamar lagun besterik ez dira birika transplantatuta dutenak. Bihotzarena 1980ko hamarkadatik egiten da, eta Euskal Herrian 150 transplantatu inguru daude.
Gorostiagak hamar urte egin zituen biriketako gaixotasunarekin, egunez egun arnasa hartzeko gero eta zailtasun handiagoak zituelako. “Bostehun metro oinez egiteko goiz osoa behar nuen eta eguneko 24 orduak oxigenoarekin eta aerosolarekin egiten nituen. Ondoan laguntzeko baten bat behar nuen uneoro. Asko sufritzen da, baina transplantea egin eta orain oso ondo nabil”, dio Gorostiagak.
Maguak “izugarrizko zorte ona” izan du. Gaixo zegoela ohartu eta bi urteren buruan bihotz berria du. “Aurretik ez nuen sufrimendurik izan. Bihotza %25-30ean nuen lanean eta bihotza transplantatzeko unean %12an. Orain, berriz, edozein pertsona bezala egiten dit lan, %65-70ean. Bizimodu normala egiten dut, baina oso garrantzitsua da orain guretzat osasuna ondo zaintzea”, dio Maguak.
Organu emaile izateak ere garrantzia du. “Niri birikak eman zizkidanak bost pertsonen bizia salbatu zuen”, dio Gorostiagak.
Laguntzeko batuta.
Biak Atcore (Euskadiko Gaixo eta Bihotz eta Birika Transplantatuen Elkartea) elkarteko kide dira. “Medikuak transplante baten beharrean zaudela esaten dizunean, izugarrizko kolpea izaten da; informaziorik ez duzu inondik, jendea ez duzu ezagutzen eta galdera asko duzu buruan. Elkarteko kideok zain, gaixo dagoen jendeari eta elkarri laguntzeko eta informatzeko gaude”, diote.
|