Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  Iritziak »  dantza eskolaren hogei urteko ibilbide gazi-gozoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Zer diyo?

dantza eskolaren hogei urteko ibilbide gazi-gozoa

Dantza eskolako batzuk

Hogei urte euskal dantzak irakasten eta hogei urte Azpeitiaren izena Euskal Herrian barrena zabaltzen. Luis Alberdi azpeitiarrak azken bi hamarkadetan euskal kulturaren alde egindakoa ez da nolanahikoa. Ibilbide luzea, polita, baina neketsua: haurrek eta dantzek berekin dakarten pozari, erakundeen babesik ezaren gazitasuna gehitu behar zaio.

Betidanik izan ditu gogoko Luis Alberdik euskal dantzak, eta gazte gaztetatik dantzaren munduan murgilduta bizi da. Bera izan zen Euskal Herriko Dantza Solteko herriz herriko txapelketetan parte hartu zuen lehen azpeitiarra. Garai haietan ez zegoen haurrak fandango eta arin-arin txapelketetarako prestatzen zituen dantza eskolarik Azpeitian, eta, horregatik, eskola bat abian jarri zuen.

Hiruzpalau ikaslerekin hasi eta, hogei urteren buruan, 1.300 ikasle baino gehiago pasa dira dantza eskola horretatik; 4 urtetik 16 urtera bitartekoak gehienbat, baina helduek ere izan dute lekua. Lehendabiziko urteetan fandangoa eta arin-arina irakasten hasi zen, baina berehala zabaldu zuen esparrua, eta Euskal Herri osoko dantzak irakasten ditu gaur egun. Dantza solteko txapelketak dira, hala ere, bere lehentasunetako bat, eta, egun, Euskal Herri mailako lehiaketatan parte-hartze handiena Azpeitiko dantzariena da; maila oneko dantzariak, eta txapelketatan punta-puntan dabiltzanak.

Gainerakoan, urtean zehar hainbat emanaldi eskaintzen dituzte eskola honetako gazteek. Nagusiena, Sanjuandegiko jaietan: hemen, Iparraldeko eta Hegoaldeko folklorea plazaratzen dute ehunka lagunen aurrean. Dudarik gabe, lana erruz egin behar da aipatu txapelketa, jaialdi eta bestelako emanaldiak ondo prestatu eta kaleratzeko. Hogei urteko lana dago horren denaren atzean. Lana eta borroka. Kalitatezko ikuskizunak plazaratzeko materiala, jantziak eta beste hainbat azpiegitura ezinbestekoak baitira. Azken batean, laguntza ekonomikoa funtsezkoa da horrelako eskola bat aurrera eramateko. Baina, gezurra badirudi ere, Luis Alberdik ez du apenas laguntzarik izan ibilbide honetan guztian. Lehen hamazortzi urteetan udalak ez dio sosik eman, eta duela bi urtetik hona diru laguntza txiki bat jasotzen ari da. Lokalaren errenta ere bere poltsikotik ordaintzen du.

Diru laguntzarik ezean, inguruko herrietako dantza taldeek utzitako material eta jantziei esker eskaini dituzte orain arteko emanaldiak. Hogei urtetako ibilbidea, beraz, ez da batere samurra izan. Etenik gabe, borrokan, diru laguntza eske... eta tamalez, udalaren erantzuna ez da tamaina horretako dantza eskola batek merezi duena izan. Baina, Luis Alberdik aurrera jarraitu du beti, eta indarra haurren ilusioak ematen dio. Hutsetik hasi eta dantza eskola sendo bat eraiki du. Duela bi hamarkada landatutako haziak fruitu oparoak eman ditu eta emango ditu. Dantza eskolak zutik iraungo du-eta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak