Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  Iritziak »  Telefono dei bat

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Fernando Morillo gai librean

Telefono dei bat

Fernando Morillo

Kostaldeko herri bat, goizeko bederatziak aldera. Igandea da. Logura, oraindik. Izara arteko mugimendu laburra, nagia. Aho-zabalka luzea. Jaiki beharrik ez, ño. Poza.

Ezkerreko begia milimetro bat zabaldu. Argi izpi bat ikusteko adina bakarrik. Eguna eguzkitsu jaio dela dirudi. Itsas brisa fresko apur batekin, ziurrenik. Ederra. Burua izarekin estali berriro. Gorputzeko epeltasunaz gozatuz.

Telefono dei bat. Sustoa. Kaguenlaletxe. Bihotza azkartu egiten da. Jaikiko da beste norbait. Baina ez, ez da inor jaikitzen. Eta telefonoak hor jarraitzen du, zirikatzen. Xaxatzen. Arnasa ere bizkortu egiten da. Kaguenlaletxe. Mamu gisa altxatu. Begi bat ireki. Telefonoa hartu. Hobe du zer edo zer larria izatea. Istripuren bat gutxienez.

—Bai?

—Aizu, barkatu. Zer eguraldi dago hor? Esatea bai? Joan ez joan gaude eta…

Kaguenlaletxe.

—Zer, azpeitiarra?

—Joño, ba bai. Nola asmatu duzu?

Eguzkia irteten hasi orduko telefonoa hartzeko joera dugu, nonbait, eta itsasoa daukan edozein herritara deitzeko eta eguraldiaz galdetzeko. Kostaldeko ezagun batek aipatu zuen kontua, eta segituan gehitu ziren gainontzeko itsaskide guztiak. Gehiegikeria iruditu zitzaigun azpeitiarroi, zer esanik ez, eta hala adierazi genien. Noiz edo noiz gertatuko dela, baina ez zela hainbesterako izango.

Ia jan egin gintuzten.

Kostaldeko lagun bakoitzak jasan omen zuen, itxura zenez, dei sorta bat. Aurpegiratu ere egin ziguten: seguru geuk ere egin genuela inoiz holako deiren bat. Isilik geratu nintzen, ezin bainuen salaketa ukatu. Gainontzeko azpeitiarrek ere antzera: irribarre egin nahian, baina mutu. Guztiok genekien ez zela gezurra.

—Azpeitiarrak gure hondartzak eta kaleak konkistatzen dituzue udara batean eta hurrengoan ere, eta nahikoa izango ez bazenute bezala, gainera, geure etxe barruko bakea ere hondatu nahi duzue. Inperialista batzuk zarete!

Beste guztiak barrez, azpeitiarrok kexu; baina uste gehiegirik gabe. Horrela hartzen al gintuzten?

—Oso majoak zarete, bale. Eta parrandarako lagun apartak... Baina mundua zeuena dela pentsatzen duzue. Egunen batean debekatu egingo dizuegu kostaldera etortzea.

Jesus. Azpeitiarrok nahiko harrituta geratu ginen. Txantxetan ari zirela ematen zuen, edo hori sinetsi nahi genuen. Besteak barrez, baina guztiak zetozen bat.

Agindu genuen ez geniela gehiago telefonoz deituko. Edo ahaleginduko ginela, behintzat. Eta aipatu behinik behin egingo genuela herrian. Eta hona lerro hauek, adibide gisa edo.

—Egia esan —azaldu zuen haietako batek—, agian nahiago deitzen jarraitzen baduzue. Izan ere, horrela gutxiago etorriko zineten.

Ez genion ulertu lehenengoan. Zertan geratzen ginen? Deitu edo ez?

—Niri behintzat deitzen didazuenean, erantzun automatikoa daukat: “Buf, ikaragarrizko lainoa sartzen ari da. Egundoko ekaitza dator. Zu izanda ez nintzateke hurbildu ere egingo”. Azpeitiar bat gutxiago herrian.

Ez omen dugu besterik merezi.

Badakizue, hortaz. Ez sinetsi kostaldekoek eguraldiaz esaten dizuetena. Eta, ahal izanez gero, deitu gutxiagotan. Eskertuko omen dute. Horrela, beharbada, ez digute egunen batean hara joatea debekatuko.

Morroia.(‘Matrix’ filma ikusi ondoren) Morroia dela ez dakien morroia morroia al da?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak