Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  Iritziak »  Mikel Arregi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Amuko zubitik

politikaren iraulia

Espainiako estatuak azpeitiarren heren bat boto eskubiderik gabe utzi nahi izan du, azpeitiarron oinarrizko eskubide zibilak ukatuz. Ondorioz, ekainean sortuko den udal gobernua ez da herriaren erreflexua, baldin eta azpeitiarrok ez badugu bestelakorik erabakitzen. Izan ere, Habeak botoak jaso, jaso ditu, nahiz eta legalak ez izan, eta nahiz eta zenbaitek boto-paper horiek etxeetara ez iristeko ikaragarrizko ahaleginak egin.

Motzean esanda, azpeitiarrok Espainiako legeari men egiten badiogu, Azpeitiko Udalak ez du herria bere osoan ordezkatuko. Garbi izan behar dugu aukera bat falta den heinean, beste aukerek lortzen duten ordezkaritza guztiak ez duela legitimitaterik; ordezkaritza horren zati bat Habeari dagokio.

Noiz egin behar zaio demokrazia falta horri aurre? Udala legez kanpo utzitakoan? Euskara galdutakoan? Ez ahaztu Espainiako estatuak martxan jarri duen bideak, besteak beste, euskara, ikastolak, euskal kultura, Uztarria bera zapaltzea duela helburu. Eta azpeitiarrok honi erantzuten hasi beharko ginateke.

Eta zer egin dezakegu? Gure nortasuna defendatzeko biolentzia erabiltzearen ezegokitasunaz asko hitz egin da. Horretarako, ordea, beste bide batzuk landu beharra dago. Eta iritsi da garaia; baina jada hitzak ez dira nahikoak. Azpeitiak oraintxe dauka estatuari aurre egin eta desobedientzia gauzatzeko aukera.

Politikagintza berri baterako garaia iritsi zaigu, desobedientzia zibilean oinarrituko den politikagintza ausartago baterako garaia. Udalean herri osoa ordezkatuta egon dadin neurriak hartu behar dira; eta horretarako herri mailako beste marko bat sortu behar bada, sortu egin beharko da. Ezin baitugu onartu Espainiako estatuak esatea azpeitiarron ordezkari nor izango den eta nor ez. Ez behintzat euskara, ikastolak, euskal kultura, eta finean gure nortasuna mantentzea nahi badugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak