Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  Iritziak »  Igandeak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Manex Beristain hariari tiraka

Igandeak

Manex Beristain

Azpeitiko igande arratsaldeak, ez dira merezi bezain koloretsuak edo ez dira nahi bezain mugituak. Kale bueltak eta izotzik gabeko pinazko zukuak behin behineko protagonista bihurtzen dira, landu gabeko eztabaida mingotsen inguruan. Aurreko gauean egindako bekatuak elkarri gogoratzen lagunduz igarotzen dira lagunarteko aurreneko minutuak, irribarre behartuak damu seinale disimulatuekin nahasten direla. Batek dio ez dakit zer egin zuela eta besteak; hori ez omen zen horrela izan, baina berdin dio, oroimen faltak ez dio batere laguntzen bere burua defendatzen, eta isildu egiten da.

Bost minutuko isiltasunaren ondoren ironiaz jositako irribarre batek pipa azalen doinu monotonoa hautsi du. Oroimenetik erreskatatutako pasarte batek sortu dio irribarre ironikoa. Berari kontaturiko pasarte baten inguruan arituko dira ondorengo minutuetan.

Goizean goiz Exkerretegitik bueltan Napolitana bat eskuan zuela, irribarrea zakarrontzian aparkatu ondoren begiak igurtzi zituen, eguzkiak ziztadaka laztantzen baitzizkion. Pausaje erabat motelarekin hutsuneak betez espaloi ertzak zauritzen zituen zapatila lokaztuekin. Etxerako bidea luze egingo zitzaion oraindik, aurpegi edo ahots ezagun asko inguratu nahi izango baitzituen bere besoetan.

Gaua luze joan zen denboran, baina motz bizipenetan. Laudorio narratsen bat edo beste galdu zen bien arteko distantzian, baina gehiagorik ez. Beraz, edukiak ez zuen garrantzirik, ia larunbat gau guztietan bezala, garrantzi handiagoa hartzen zuten ukituek, ferekek eta begiradek. Ukitu bakoitza aurrerapauso bat zen bihotz taupaden lasterketa zail hartan. Begiraden arteko borrokan galtzea zen bere asmoa, zaplaztekoak jaso eta batekin edo bestearekin zirri batzuk egin. Hori esan omen zuen kubata amaitzen zuen bitartean.

Napolitana dastatzen zuen bitartean banku batean eseri zen, inoren zain, goizari egunona behar den moduan eman ohi dioten goiztiarrak buruarekin nola edo hala agurtuz, ordainetan berak bidalitako agurraren antzeko keinu moduko bat eta ziurrenik ezer onik izango ez zuten barne komentarioak jasoko zituen. “Orain ere itxura ederrarekin bueltatuko da etxera, kokoteraino alkoholez bustita eta gainera besapen dituen egunkaria eta ogia ordaindu gabe, a ze gazteria, a ze pena”. Baina ez zion axola, ziurrenik bere buruarekin gustura aurkitzen ez zen goiztiarrak lo ezin hartuta jaiki beharra izan zuen. Hori pentsatu zuen bere burua nolabait kontsolatzeko.

Napolitana amaitu zuen, beno guztia ez zuen barneratu, azkeneko zatia eta normalean zatirik goxoena izan ohi dena lurrera erori zitzaion eta birao batean ibaira bota zuen. Bankuan eserita jarraitzen zuen, begiak itxita, Exkerretegin agurtu gabe utzi zuen neska morenaren erliebea irudikatu nahian. Irribarre txikia sortzen zion egoera hark eta irribarrea areagotuko zitzaion begiak ireki eta neska morena metro erdira sumatu zuenean.

Hirugarren pipa zorroa irekitzearekin batera, lagunen irri eta adarjotzeak areagotzen zihoazen. Bizkarrean jasotzen zituen zorion kolpeak, hauen harridurarekin nahasten ziren.

Nola edo hala agurtu eta izerdi tantak lehortu ondoren, egoeraren kontrola bereganatzen saiatu zen eta neska morena etxerako bidean ote zihoan edo intentzioz gerturatu zitzaion ziurtatu nahian zera galdetu zion; ze, mozkorra pasatzen?. Azken hitza esan bezain azkar damutu zen bota zuenaz, eta nola edo hala konpontzeko intentziotan jarraitu zuen; esan nahi nuen ez zaudela hain mozkorra, etxera joateko moduan zaudela, ez, ez!! esan nahi nuen... Eta noski, neska morena azkar asko joan zen etxera, horrelako hitz goxoak entzun ondoren. Ez zuen espero horrelako irteerarik, Exkerretegin ez baitzuen horrelakorik entzun, beno, egia esan, musika gailentzen zen beste guztiaren gainetik eta onerako nahiz txarrerako komentario guztiak ke artean galtzen ziren.

Egia esan, horrelako pasarteak eta egoerak asko dira gure herrian eta agian ez da guztiz egia igande arratsaldeak motelak eta monotonoak direla Azpeitian. Igande arratsaldeak askotan Larunbat gauen jarraipenak izan ohi dira, modu narratiboan eta elkarri oroimena lapurtuz. Bizi egunak eta noski, gauak.

Hileko galdera. Hauteskundeak obrak egiteko burutzen al dira? Beraz, obrak egin behar diren bakoitzean hautestontziak ‘ilusi-hotzez’ bete beharko al ditugu?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak