Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  ekaina »  Nolakoa da Errezilgo indartsua?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita : Aimar Irigoien - Harrijasotzailea

Nolakoa da Errezilgo indartsua?

Enekoitz Esnaola

Euskal Herriko indartsu berria da, eta hementxe ondoan bizi da: Errezilen. Bera, Aimar Irigoien harri-jasotzailea da, eta maiz ibiltzen da Azpeitian

Iraurgi Ikastetxeko gelan.  (Nerea Uranga)
Ikasgelan, bere posterrari begira.  (Nerea Uranga)
Autobusaren zain, herrikoekin.  (Nerea Uranga)
 
Aimarren aitona. 
Bost urte zituela. 
Baserriko ukuiluan.  (Enekoitz Esmaola)
Aimar Irigoien harri-jasotzailea, baserrian.  (Enekoitz Esnaola)
Prentsako erreportaiei begira. 

Larunbata da eta gaur jai dauka Aimar Irigoienek. Ez eskolarik, ez harri-jasotzeko saiorik. Eta hor dator autoan, goizeko bederatzi eta erdietan, esandako orduan, Errezileko eliz atarira, autoan, bera txofer, nahiz eta oraindik karnetik ez izan —baserritik herrira jaisteko baino ez du hartzen autoa—. “Eup! Segi atzetik”. Erreziletik gora bizi da, gertu, Irura-Haundi baserrian. “Atzo oilasko-jana eduki nian Donostian, baina horrelakoetan ere garaiz jaikitzen nauk”, dio Aimarrek. Baietz dio haren amak, Maria Jesusek; “ez da geldirik egoteko mutila”.

Dagoeneko gizon itxurako mutila. Hamazazpi urte ditu (martxoaren 5ean egin zituen) eta gizon planta du bere 112 kiloekin. Baina ez horregatik bakarrik, tenplea-eta ere ez baititu mutil kozkor batenak. “Ez da ohikoa gurearena. Edozeinekin hitz egiten du, ez bere koadrilakoekin edo adinekoekin soilik. Soziedaderen baten afaria-edo baldin badu, jende zaharraren ondoan jarriko da, haiekin kontu kontari aritzeko”, dio amak. “Gerrako kontuak-eta entzutea gustatzen zaidak”. Aitaren laneko lagunekin eduki zuen atzo afaria. Berak ere laster lankide izan nahi ditu haiek. “Eskola bukatzeko egunak kontatzen ari nauk. Ekainaren 12an bukatuko diat. Nazkatu egiten nauk”. Baina orain gogoz ari da; “graduadorekin irten beharko diagu, behintzat. Dena aprobatzen ari nauk, tirriki-tarraka. Handik azkar aldegiteko”.

Hain zuzen ere, Azpeitian, Iraurgi Ikastetxean dabil Aimar, DBHko laugarren mailan, eta haren amak badaki zer diren astegunetako goizak. “Lau aldiz hotsegin behar izaten diot eskolara joateko jaikitzeko. Aitarekin lanera joaten denean, aldiz, lehenengoan jaikitzen da”. Matematika da gehien gustatzen zaion gaia; eta gutxien? “Denak”. Ingelesa kostatzen zaio izugarri. “Ulertu ez diat batere egiten eta! Irakasleak hitz egiten ziguk, ingelesez klaro, eta zer esaten ari den arrastorik ez. Baina aprobatzen diat, eta aurrera behintzat”. Gelan bideoak ikustea ere ez du gustukoa. “Hasi ikusten eta ordu laurdenera lo zapo mahai gainean”, dio, keinua eginez. Uda ondoren igeltsero hasiko da, Joxe Mari aitarekin. “Buruan sartu zaiok eskolan ez duela segituko —esaten du aitak— eta ez dik segituko. Halakoetan berak nahi duena egin behar dik”. Azkar erantzun dio semeak: “Gauza denekin egingo dut hori, eh!”.

Barre egiten du aitak, barre amak; irribarre Aimarrek. Baserriko sukaldean daude hirurak, umore onean. “Koadrilako gazteena da bera —dio Maria Jesusek— eta denak lanean dabiltza, irabazian; berak ere irabazian ibili nahi du, Aimarrek dioen bezala monigotearena egiten ibiltzerik nahi ez duelako”.

Egun gutxi falta zaizkio azken urteetako astegunetako bizimodua bukatzeko. Goizeko zazpiak pasatxo jaikitzen da, Errezilen autobusa hartu Azpeitira, Iraurgira joan, Be-tharrametan bazkaldu, asteazkenetan eta ostiraletan izan ezik arratsaldez ere klasera, eta gero baserrira, autobusean. Gurasoek normaltzat dute hark lanera hasi nahi izana.

KAFESNEA, GAILETARIK GABE.

Harrigarria benetan zera da: halako planta edukita, ez duela gehiegi jaten Aimarrek! “Jaiki eta kafesnea besterik ez diat hartzen, gailetarik gabe. Jolas-denboran, ogiarteko txiki bat. Bazkaldu, beste ikasleek bezala. Meriendatu, etxean, ogiarteko bat. Eta afaldu ere normal”. Eta 112 kilo da. Baina ez du ematen. “Karga astuneko familia da gurea”, esaten du amak. “Gure aita ere pisu handikoa zen, baina tripa handirik gabekoa”.

Aimarrek ez du, beste harri-jasotzaile batzuek bezala, dieta berezirik segitzen. “Ezta segituko ere”. Normal jaten du. Baina izaten ditu kapritxoak. Joan den martxoaren 2an 227 kiloko harriarekin errekorra jarri aurretik bezala. “Goizeko sei eta erdietan jaiki zen —dio amak—, mendi buelta txiki bat egin zuen txakurrarekin, eta gosaltzeko arrautza parea patata frijituekin jartzeko eskatu zidan. Gero, marka egin eta bazkaltzera joan ginenean, Ińaki Perurenak berak Aimarri galdetu zion ea goizean urduri egon al zen, eta gure honek esan zionean zer gosaldu zuen, zeharo harrituta gelditu zen Perurena. Haiek espagetiak-edo jango dituzte; gure Aimarrek orduan arrautza parea patatekin...”.

Gustura sentitu zen orduan mutila, Maria Jesusek kontatzen duenez. “Ikustekoa zen orduan Aimar. Goizean zehar baserri atarira irteten zuen, irrintzi batzuk botatzen zituen eta horrelaxe”. Aise igo zuen 225 jartzen baina 227 kilo dituen harria, bi aldiz gainera; aurrena hogei segundotan, bigarrena hemezortzitan. Inork ez zuen hain gazterik halako harria bizkarreratu (Inaxio Perurenak zeukan marka: 210 kilokoa). Aimarrek, aitona Ramon Jauregiren errekorra haustea ere lortu zuen orduan, 226,5ekoa baitzuen aitonak, 1957an egina, 27 urte zituela. Hain justu, aitonari esker hasi zen harri jasotzen.

PARRANDAK.

Aimar Irigoien-eta hamasei lagun dira koadrilan: hamalau errezildarrak dira, bat azpeitiarra eta beste bat azkoitiarra. Eta aste bukaeratan Azpeitian ibiltzen dira. “Baina hau hamalau urterako Hernanira, Oialumera joaten zen, eh! Igande arratsaldetan Azpeitiko Udaletxeko arkupetan jartzen zen batzuen zain eta haiekin autoan hara”. “Ama, Azpeitian igande arratsaldetan ez dagoelako ezer ere…”. Amak dio kontu handiarekin ibiltzen dela Aimar. Eta honek, behera begira: “Ito arte edaten diagu, baina hurrengo egunean erakustaldi bat-edo izaten dugunez…”. Eta dio aspaldi ez dela Oialumera joan. Donostia du gogoko orain. Hala, Realak Espainiako Liga irabaztea nahi du, “Donostiara joateagatik, ordea: parte zaharrean txakoli batzuk hartu, pintxoak…”.

Ikasketak ekainaren 12an bukatuko baditu ere, hemendik gutxira berriro estudiatzen hasi beharko du: kotxeko karneta ateratzeko. “Uste diat dezenteko aspergarria dela, ezta?”, galdetzen du, baina amak azkar erantzun dio: “Hik azkar aterako duk. Zerbait interesatzen bazaik, hori azkar ateratzen duk. Ehizakoa azkar atera huen”. Zelatunen ibiltzen da ehizan. Gosaltzera ere joaten da hara, motorrean. “Harri handiak igotzeko ez duk komeni mendian-eta ibiltzea. Niri lasterka eta mendia kendu egin zidatean, giharrak libratu egiten direlako, eta harria kolpean igotzeko ez duk ona hori”. Pilota ere kendu zioten, arrazoi horregatik. Kirola, ikusten egoteko gustatzen zaio: boxeoa, kotxe eta moto karrerak, pilota, eta “futbol txerri” hori ere ikusten du tarteka.

Euskal Herrian ezagun egin da Aimar Irigoien, harri-jasotzaile onenetakoa baitator, eta telebista programetan-eta protagonista eduki nahi dute. Baita hegazkina jarri behar badiote ere. “Trantze horretan egondakoa nauk, moteil! Eskolakoekin ikasturte bukaerako bidaia genian Kataluniako kostaldera —ez zakiat nora zen, Lloretera edo—, eta bidaia dena ordainduta neukaan; astearte batean abiatu behar genian. Baina abiatu aurretik ETBtik, Sorginen Laratza-tik deitu zidatean, ostegunean programara joateko, aurreko batean hitza emanda omen nuelako. Nik, ez nuela programara joaterik, Kataluniara nindoalako eskolakoekin. Haiek lasai egoteko esan zidatean, ez kezkatzeko, hartzeko Bartzelonan ostegunean bertan hegazkina, beraiek ordainduko zutela eta. Azkenean ez nituan batere joan bidaiara, egun bakarra pasatuko nukeelako Katalunian, ostiralean bueltatzekoak ginelako. Ikasturte bukaerako bidaiarako ordainduta nian dirua eman zidatean ETBkoek”.

Aimarren amak dio Errezilen bertan dituela jarraitzailerik handienak: “Umeek Superman balitz bezala hartzen dute. Kalean motorrean edo autoan pasatzen denean umeei bozina joz gero, ikusi egin behar da umeak nola jartzen diren, emozionatuta”.

Lasai hartu nahi ditu gauzak mutilak. “Gero eta erantzukizun handiagoa diat, baina ez zaukaat presarik, lasai hartu behar ditiat gauzak, bestela bizi osoa izorra daitekeelako. Azken batean, kapritxo bat duk hau”.

Harri-jasotzetik bizitzea zaila dela ikusten dute. Izan ere, erakustaldi bakoitzeko 180 bat euro irabazten ditu, bi laguntzaile ere joaten dira (osaba bat eta aita), gasolina beraien kontu da, bazkaltzea tokatzen bada ere bai, baita autobidea ere, entrenatzeko harriek bere kostoa dute (Bergaratik ekartzen ditu)… Beraz, igeltsero. Eta bitartean, negu partean astean gehienez ere behin entrenatu, udan erakustaldiak eman, lagunekin ondo pasatu, eta… neskatan? “Hori, zero”. Amak ezezkoa dio, “telefono mugikorrean izaten dituelako dei batzuk”. Gai horrekin hasi da Aimar sukaldeko eserlekutik pixka bat mugitzen. Baina lasai hartzen ditu broma eta trantze guztiak. Amak hala dio: “Jenioa oso bizia du, baina pazientzia handia. Iraurgiko tutoreek diotenez, eskolan sestraren bat ikusten badu, erdian sartzen da, bakea jartzeko”. Indartsua baita errezildar hau.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak