|
|
|
2003-05-25
EAJ-EA koalizioak 15 zinegotzi lortu ditu, eta Habeak 2.027 boto
5.459 herritarrek eman zioten atzo botoa EAJ-EA koalizioari, eta, horrenbestez, Julian Eizmendi izango da alkate datozen urteetan. Zailtasunak zailtasun, Habeak boto asko lortu ditu herrian.
Espero zitekeen moduan, EAJ-EA koalizioak erraz, oso erraz irabazi zituen atzo Azpeitiko udal hauteskundeak. 5.459 azpeitiarrek eman zioten atzo botoa koalizioari, eta, horrenbestez, 15 zinegotzi izango ditu udalean —PPk eta PSOEk zinegotzi bana izango dute—.
Boto kopuru handia da lortu duena, orain arteko Azpeitiko udal hauteskundeetan inoiz EAJk eta EAK lortu duten kopururik handiena —1999ko udal hauteskundeetan, Lizarra-Garazi garaian 4.885 boto lortu zituzten bien artean—, baina izan du beste hauteskundeetan koalizioak emaitza hoberik ere; 2001eko Eusko Legebil-tzarreko hauteskundeetan baino 789 boto gutxiago lortu dituelako EAJ-EAk. “Gustura” agertu ziren, dena dela, atzo koalizioko kideak, emaitzak jakin eta berehala.
HABEAK 2.027 BOTO
Habeak 2.027 boto lortu zituen atzo, Lizarra-Garazi garaiko 1999ko hauteskundeetan baino 902 gutxiago, eta 2001eko hauteskundeetan baino 75 gehiago. Boto-kopuru handia da Habeak lortu duena, ez delako baldintza berdinetan aurkeztu: Habearen botoa baliogabea da, ez da baliogarria udala osatzeko; boto-paperak banatzeko zailtasunak izan dituzte Habeako kideek, boto-paperak banatzea terrorismo delitutzat jo izan delako, eta Guardia Zibilak eta Ertzaintzak gogor jazarri dituztelako ezker abertzalearen boto-paperak, baita atzo bertan ere Azpeitian ere. Eta abar.
PPk ETA PSOEk ZINEGOTZI BANA
2003-2007 legegintzaldian udalbatzaren osaera ez da ohikoa izango Azpeitian. Ezker abertzaleak ez du ordezkaririk izango, HB sortu zenetik lehenengo aldiz, Azpeitiko Udalak Habearen boto kopurua kontuan hartzen ez badu behintzat. Bestalde, aspaldiko partez Espainiako alderdien ordezkariak izango ditugu udalean, PPk eta PSOEk zinegotzi bana lortu dutelako.
EAJ NAGUSI PLENOETAN
EAJ-EA koalizioak, emaitza horiekin, inoiz baino bide samurragoa izango du udala kudeatzeko, hala dirudi behintzat, 17 zinegotzitik 15 lortuta. Ez da ahaztu behar, bestalde, EAJk eta EAk udal-talde bana izango dutela 2003-2007 legegintzaldian, eta, horrenbestez, EAJren udal-taldeak gehiengo osoa izango duela, 10 zinegotzirekin. Azkenekoz 1991-1995 legegintzaldian izan zuen gehiengo osoa EAJk, 9 zinegotzirekin —EAk 5 zituen orduan, eta HBk 3—.
Ikusi egin beharko da, bestalde, Habeak lortu dituen botoekin zer egiten duen udal-gobernuak. Habea legezkoa balitz 4 zinegotzi lortu izango zituen atzoko 2.027 botoekin, eta ikusteko dago EAJ-EA koalizioak kontuan hartuko dituen herritar horiek. Julian Eizmendi izango da datozen lau urteetan Azpeitiko alkatea, Jose Mari Bastidaren lekukoa hartuz.
|