Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Eraso judizialak baldintzatu duen bozketa »  Manoli Uranga

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

hauteskundeak : Manoli Uranga - PSE-EEko hautagaia alkatetzarako

"Inork ez genuke aurkeztu behar oraingoan"

Irratia jarria du etxean, “ia beti bezala”, eta Fidel Castroren kontra Madrilen egin duten kontzentrazioaren berri jakin nahi du oraingoan. Besteetan beste gauza batzuk dira, gertuagokoak, latzagoak. Askotan egiten du hasperen.

 

-Animatuta?

Ahal den neurrian.

-Zerrendan zeu zara azpeitiar bakarra.

Ez dudalako nahi beste azpeitiarrik izaterik. Batzuk azkoitiarrak dira.

-Herrian babes sozialik ez izateak zer babes ematen dizu erabakiak hartzeko garaian eta?

Gauzak kontsultatzeko-eta badut jende zehatz bat, ofizialki Azpeitian alderdi antolatua ez dagoen arren. Eta gero Azkoitiko egoitza ere joaten naiz.

-Eta zer helbururekin aurkeztuko zarete?

Helburua bakarra da: guk pentsatzen dugun bezala pentsatzeko eskubidea daukagu, eta horrela pentsatzen duten herritarrei gure aukera hori ematea bozkatzeko orduan.

-Herritar denek izan beharko al lukete bozkatzeko aukera hori?

Denek.

-Eta emaitza aldetik zein da Azpeitian PSE-EEren helburua?

Azpeitian garenak gara eta hauteskundeetan ditugun botoak mantentzearekin gustura.

-Baina zein hauteskundeez ari zara? Espainiakoak lortuz gero, izango zenukete Udalean zinegotzi bat...

Ez du zerikusirik hauteskunde batek edo besteak. Espainiakoan PSOEri ematen dionak, gero eman izan dio Udalekoetan EAJri, hor goi mailan egon izan diren akordioak tarteko.

-Orain lau urte, ordea, EAEn ez zegoen akordiorik EAJren eta PSE-EEren artean, Lizarra-Garazi garaia zelako, eta, hala ere, badirudi PSE-EEtik EAJra boto batzuk joan zirela, EAJ berriz ere igo egin zelako eta PSE-EE jaitsi.

Ez dago batetik bestera joan zirela esaterik, baina gertatu izan da, bai, boto aldaketa hori.

-Baina zergatik?

Ohitura pertsonalak daudelako.

-Eta zuek zer egingo duzue boto horiei eusteko?

Ezer ez. Ezta ezer egiteko nahirik ere, gainera. Jendea libre da. Botoa, norberaren borondatea da.

-Baina nola komentzitu jende hori Espainiako hauteskundeetako boto bera emateko?

Nik Espainiarekin zerikusirik ez dut.

-Beraz, ez al daukazue anbiziorik zinegotzi bat lortzeko ere?

Ni, lehengo botoei helduta, gustura.

-Ez al duzu zinegotzi izateko gogorik? Ez al luke zuentzat garrantzirik?

Gogoa, beti daukazu, baina anbizio hori ez dut.

-Orduan zergatik aurkeztu zara zerrendaburu?

Lehen esan dut: jende bati botoa emateko aukera emateko.

-Ez al dago beste inor anbiziorik duenik?

Neu naiz zerrendako azpeitiar bakarra, eta ni neu naizen bezalakoa naizelako aurkeztu naiz: inork ez dit aurkezteko asmo hori kenduko. Eta goitik ez didate batere presionatu neu berriro aurkez nadin.

-Herriari zer proiektu eskaintzeko aurkeztu zara?

Herriak ondo ezagutzen nau eta badakite nolakoa naizen.

-Baina programa aldetik zer proposatzen duzu?

Erreperatu alderdi denen hautes programei, eta nik uste denak ere berdinak direla.

-?

Alderdiak oso gauza gutxitan desberdintzen dira udal hauteskundeetan.

-Ez da horrela ere. Orain dela lau urte, adibidez, Azpeitiko PSE-EEk, denek ez bezala, Kultur Etxea irekitzea proposatzen zuen.

Behar delako, azpeitiar denentzat. Orain ere hala pentsatzen dugu.

-Zer gehiago proposatzen duzue?

Askoz gehiago ez. Elkarbizitza lortzea da gure helburu nagusia.

-Baina zuek, alderdi sozialista bezala, politika sozialari ere garrantzia emango diozue, ezta? Egiten al da politika sozialik herrian?

Nik uste arlo batzuk alderdi batera utzita egon direla: gazteria –orain Zapo Txiki badago baina...-, kultura...

-Bastidaren balorazioa...

Alkate bezala oso pertsonalizatuta eraman du kontua. Gauzak ondo egin ditu, baina bere erara, indibidualki jendeari lagunduz, baina lehen esan bezala, arlo batzuk albo batera utzita.

-Hauteskunde hauek ba al dute zilegitasunik?

Neure zalantzak ditut. Egoera, oso beltza ikusten dut, denontzako. Politikoki, denok formak galdu ditugu. Pertsona bezala aldatzen ez bagara, egoerak oso beltza izaten segituko du.

-Azpeitian ezker abertzaleak (EHk) azkeneko udal hauteskundeetan botoen %34 lortu zuen. Orain legez kanpo utzi dute Habea eta…

PSOEk eta PPk bezala, Habeak ez luke aurkezteko arazorik inolako izan behar. Nik uste dut inork ez genukeela aurkeztu behar.

-PSOEk, PPrekin batera, sortu duten Espainiako Alderdien Legeagatik utzi dute legez kanpo Habea...

Ez nengoen han Alderdien Legea sortu zutenean...

-Baina zu zara lege hori sortu duen alderdi baten ordezkarietakoa herrian...

Nik ez ditut PSOEren ideia guztiak defenditzen. Uste dut inork ez dituela bere alderdiko ideia guztiak defenditzen. Hortik doa, beraz, nire erantzuna.

-Zer esan nahi du horrek, ez duzula bat egiten Alderdien Legearekin?

Egia esanda, ez dut askorik begiratu lege hori, baina gauza askorekin ez dut bat egiten. Baina galdera bat: ezker abertzaleak ba al zeukan denok berdintasunen aurkezteko proposamenik? Gauza bat: askok etxetik irteterik ez dugu.

-Beste batzuek diote denek ez dutela aukerarik beren ideiak gauzatzeko.

Baina besteari, izateko aukera kenduz? Hauteskundeetan gaude, orain lau urte bezala, eta nik badakit Azpeitian zenbat lagun ditudan urte hauetan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak