Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Eraso judizialak baldintzatu duen bozketa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udal hauteskundeak

Eraso judizialak baldintzatu duen bozketa

Enekoitz Esnaola

Ez dira ohiko udal hauteskundeak izango. Batetik, Habea lehez kanpo utzi dute. Bestetik, herriak alkate berria izango du 18 urte eta gero.

Habea askatu? Habeak esan du bere botoa ematerik izango dela hilaren 25ean. Beraz, azpeitiar bakoitzak ikusiko du Espainiatik Habeari jarri dioten giltzarrapoa (kandadua) askatu edo ez. 
EAJ-EA koalizioko hautagaiak 
Habea Plataformako hautagaiak 

Demokrazia batean he-rritarrak aldian behin du bere agintariak aukeratzeko aukera eta eskubidea. Hego Euskal Herrian ez da halakorik gertatuko aurten, maiatzaren 25ean, milaka lagunek ezingo dituztelako legez —Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera; hilaren 8an hartuko du behin betiko erabakia— ezkertiar plataforma abertzaleak hautatu, ez udaletan, ez foru aldundietan edo Nafarroako Legebiltzarrean. Azpeitiko Udalean, esatera baterako; legez kanpo utzi dutelako Habea.

Heren bat

Azpeitian aurkeztuko den alderdi edo plataforma euskal abertzale ezkertiar bakarra da Habea, eta orain dela lau urte udal hauteskundeetan EH ezkerreko elkarte abertzalearen alde egin zuten azpeitiarrak %34 izan zirela oinarri hartuta, herriaren herenak ezingo du, legez, orain aukera hori eduki. Espainiaren eraso judizialak erabat baldintzatu ditu, beraz, udal hauteskunde hauek.

Botoa?

Habeak, hala ere, esan du udal bozetara aurkeztu egingo dela, berari botoa ematerik izango dela. Uste dute ehunka boto lortuko dituztela, eta balio legalik ez izan arren, “balio morala” izango dutela, eta ikusiko dela zinegotziak izateko adina boto lortzen dituen edo ez. Lortzen baditu, Udaletxean lan egiteko “prest” azalduko da eta bertara ere joango da ekain erdi aldera udal korporazio berria osatzen den egunean.

Herriko argazkia

Pilota, EAJren eta EAren teilatura botako du horrela Habeak, desobedientzia zibilaren aldeko apustua egin dezaten nahi du, baina ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Kontuak kontu, Habeak azkenean ordezkaritzarik ez baldin badu Udalean, eta pentsa EAJ-EA koalizioak hamabost zinegotzi dituela eta beste bi Espainiako alderdien ordezkarien artean banatzen dela, garbi dagoena da udal hori ez dela herriko borondatearen argazkia edo isla izango. Legezkoa izango da, baina legea eta justizia ez doaz beti bat.

Alkate berria

Udal hauteskunde hauetako beste albiste garrantzitsua alkate aldaketa izango da. Jose Mari Bastidak (EAJ) hemezortzi urte egin ditu alkate bezala, 1985ean Imanol Elias ordezkatu zuenetik, eta orain haren alderdiak beste zerrendaburu bat aurkeztu du: Julian Eizmendi. Euskal Herrian alkatetzan denboraldirik handienetakoa egin duena izan da Bastida, eta seguruenik alkate berria alderdi bertakoa izango den arren, horrek, nahi edo ez nahi, aldaketa ekarriko du herrira.

Estiloa

Bastidak estilo pertsonalizatuarekin kudeatu du Udala, eta Eizmendik, Uztarriari emandako elkarrizketan azpimarratu duenez, “taldean” egin nahi du lana. Hala, hiru areatan banatuko du Udala: bata ekonomiarekin zer ikusia duena, bestea zerbitzu orokorrekin zerikusia duena, eta hirugarrena gazteria, kultura, hezkuntza, euskara, kirola, festak… hartuko dituena. Bakoitzak edukiko lituzke bere arduradunak, eta Eizmendik koordinatuko luke dena. Eta herriarekin “talante irekia” edukiko duela esan du.

Espainol ordezkariak

Habearen botoek baliorik gabe uzten badituzte, oso-oso litekeena da Espainiako alderdien ordezkariek pare bat zinegotzi lortzea Azpeitian. PSE-EEk, IU-EBk eta PPk zerrendak aurkeztu dituzte. Ezohikoa kasua litzateke. Izan ere, 1983-1987 legegintzalditik Espainiako alderdien ordezkariek ez dute aulkirik izan Udaletxean —orduan PSEk bat izan zuen, aurrekoan bezala—. Bestetik, Aralar ez da herrian taldea aurkezteko gai izan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak