Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Irakeko injustizia, bertatik bertara

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kazetaritza

Irakeko injustizia, bertatik bertara

Iban Arregi

Ia bi hilabete egin ditu Bagdad hiriburuan Joseba Iriondo kazetari azpeitiarrak, ETBrentzat lanean, AEBen erasoetatik gertu

 

"Banuen itsasoa ikusteko gogoa", esan digu azpeitiar hizkera garbian Joseba Iriondok, 1969an Azpeitiko Sanjuandegi auzoan jaio eta 12 urte zituenetik zarauztartua dugun kazetari ezagunak. Zarauzko hondartzan bertan jarri dugu hitzordua, eta han elkartu gara, itsasoa parez pare dugula. Burua oraindik Bagdaden (Irak) dauka, nabarmena da. “Zentratu gabe” dago, oraindik denbora gutxitxo delako Bagdaden bizitakoa eta ezagututakoa, han ikusitakoa eta ikasitakoa ahazteko.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Iraki egin dioten erasotik gertu izan da Joseba, beste hainbat kazetari, brigadista eta irakiarrekin batera, arriskutik gertu. Ia bi hilabete egin ditu Bagdaden —otsailaren 23an joan zen, eta apirilaren 13an itzuli—, Euskal Telebistarentzat lanean, eta “egindako lanaren emaitzak” betetzen duela esan digu Josebak, “oso-oso lan garrantzitsua delako halako lekuetan kazetariok egin dezakeguna”. 1991ko Golkoko Gerran eman ez ziren irudiak eman dituzte Europako eta mundu osoko telebista kateek —ospitaletako irudiak, erasoen irudiak, gertuko testigantzak...—, AEBetako telebista kateek orain ere eman ez dituzten irudiak. Begidun gerra izan dela diote adituek, inoiz baino begi gehiagok segitu dutelako AEBen erasoa. “Horregatik da garrantzitsua gu kazetariok han egotea, hangoari buruz informatzea. Badakigu jendearengan eragin handia daukan informazioa bildu dugula, eta hori izugarria da ka-zetari batentzat”. Josebak badaki, bestalde, bera bezalako kazetarien lana “deserosoa” izan dela AEBentzat, Aznarrentzat eta beste hainbatentzat, “eta handik alde egiteko presioak ere jaso genituen, kazetariontzat arriskutsua izan zitekeela eta abar esanez”.

Irakiarren artean

Brigadistekin joan zen Joseba Bagdadera, eta horrek lana erraztu egin diola dio. “Haiek ez zituen etsai moduan ikusten Irakeko erregimenak, eta kazetariok bai, neurri batean. Horregatik, brigadistei esker, haien joan-etorriari segituz, bestela ezagutu ere egingo ez genituen leku eta egoerak ezagutu ditugu”. Irakiarra “jende atsegina” dela dio: “musulmanengan ohikoa denez, beti laguntzeko prest dagoen horietakoa”. Alde horretatik, beraz, eroso sentitu dira, hala dio Josebak, arrisku berezirik ez dutela sentitu, “denak armaz josita zeuden arren”. Azam izeneko taxi-gidariarekin mugitu izan dira Bagdaden batetik bestera, eta Irakeko Atzerri Ministerioko funtzionari bat ere gainean izan dute beti, “zer irudi hartzen genituen zaintzen” —kazetari bakoitzak zaindari edo anakleto bana zuen—. Hain justu, ezin zutelako nahi adina irudi hartu, ezta nahiko luketen hura ere beti: Irakeko soldaduak, koartelak, kale nagusiak, zubiak... Erabat debekatua zuten hori dena grabatzea, eta horretaz arduratzen ziren anakletoak. “Gurea ez zen, hala ere, gogorregia”.

Beldurrik ez, baina...

“Beldurrik ez” duela pasatu dio Josebak, “ezin zarelako horrelakoetan pentsatzen hasi”, baina tentsioa izugarria izan dela onartzen du: “Lehenengo egunetan aluzinatuta zaude, seko harrituta. Hasieran hoteletik irten ere ez ginen egiten, baina gero ohitu-edo egiten zara, eta hori da txarrena, halako egoerara ohitzea. Bonbardaketan ari ziren nonnahi eta noiznahi, eta zu hor zenbiltzan, batetik bestera, helburu militarrengandik ahalik eta urrunen”.

Baina hori ere ez nahikoa, nonbait, arriskutik urrun ibiltzeko. AEBen erasoak iraun duen bitartean 14 kazetari hil dira —eta hainbat eta hainbat zibil, nola ez—. Eta AEBek Palestina izeneko hotelera jaurti zuten lehergailuarenak marka guztiak hautsi ditu, Josebaren ustez: “Ordurarte sakratua eta ukiezina zena, kazetariak egon ohi diren hotela hain justu, bonbardatu egin zuten. Izugarria izan zen”.

Bonbardaketa horretan Josebaren lagun bat hil zen, Tele 5 telebista kateko kamerari Jose Couso, hain justu. Beldurrik ez, beraz, baina desgrazia bat baino gehiago bai pasatu behar izan dituela Josebak. “Tentsio handia” bizi izan du, beraz, Bagaden pasatu dituen 51 egunetan, “momentu txarrak” ere pasatu ditu, lo egin gabeko gauak ere bai, “baina merezi izan du, inolako zalantzarik gabe”.

AEBen erasoa bukatu da, kazetari eta brigadista gehienak itzuli dira euren herrialdeetara, Joseba bera ere bai; baina han, Iraken, “gizarte mikaztu bat” gelditu dela dio Josebak, “dena suntsituta dagoen gizartea, AEBen armadari eta agintariei zilegitasunik ematen ez dion gizarte bat”. Horixe dauka buruan orain Josebak, Zarauzko hondartzan, itsasoa parez-pare duela Uztarriarekin hizketan ari den bitartean; eta badaki berriro ere hara itzultzeko aukera izango duela —Afganistanen lau aldiz izan zen—, sikiera ETBk kazetari bat hara bidaliko duela badaki. “Ni baino jende prestatuagoa badago, eta baliteke beste norbait bidaltzea, baina ni behintzat berriro joateko prest nago”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak