Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Erremontearen oinordekotza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erremontea

Erremontearen oinordekotza

Ion Aranburu

Matxindarren sendiko bost erremontista, eta lau profesionalak dira. Batek, ‘Matxin II.a’-k, orain gutxi utzi dio erremontean jokatzeari

 

Sei erremontista matxindarren bi belaunalditan. Bi anai, Iñaki eta Manuel lehen belaunaldian; eta lau lehengusu, Xuban, Igor, Ibon eta Gorka bigarrengoan. Sendian ere erremonteko postuak majo betetzen dituzte: bi atzelari, Iñaki Agirrezabala Matxin I.a eta bere semea, Igor Agirrezabala. Besteak, aldiz, aurrelariak. Horiek dira matxindarrak, Matximentakoak. Jatorritik datorkio goitizena erremontista sendi honi.

Iñaki izan zen familiako lehen erremontista. Azpeitian, frontoi luzeko eskola bat jarri zela jakin eta izena eman zuen. Iñaki, Manuel anaia gaztearekin etorri ohi zen erremonteko eskolara. Manuelek ere gustoa hartu zion erremonteari, eta hasieran jolas moduan hasi zena azkenean ofizio bihurtu zitzaien bi anaiei.

Bigarren belaunaldikoek denbora gutxi daramate erremontean jokatzen. Matxin III.ak duela bi urte debutatu zuen profesionaletan. Matxin IV.a eta Agirrezabala berriz, joan diren ihauterietan hasi ziren profesionaletan jokatzen, Azpeitian egin zen erremonte jaialdian. Bigarren belaunaldi horrekin hasi ziren izenaren arazoak. Sendian zegoeneko baziren lau erremontista izen berarekin; beraz, belaunaldi berriko azken biek izen desberdinak hartu behar izan dituzte, Matxin gehiegi zirelako. Oraingoan abizena hartu dute Igor Agirrezabala Matxin Iaren semeak eta Gorka Agirrezabalak, oraindik debutatu gabekoak. Horrela jarraituz gero, laster beste izen bat topatu beharko dute.

Erremontean jokatzen ikasi arte kirol zaila dela diote Matxindarrek, “baina behin ikasitakoan asko gozatzen den kirola da”. Partidak, berriz, “borroka” bezela definitzen dituzte. “Ikusleek beraien dirua bataren edo bestearen alde jokatzen dute, eta gugan jarritako konfidantza hori defendatu behar izaten dugu”.

Izarraitz pilotalekuan

Entrena-menduak gehienean Izarraitz pilotalekuan egiten dituzte, asteazkenero. Baina ezin izaten dute guztiak batera entrenatu, lan kontuak tarteko. Baina, hala ere sendiko bost bat kide bildu ohi dira, famili giroan entrenatzeko. “Profesionalen artean ere gelditu ohi gara frontoiren batera joan eta elkarrekin entrenatzeko. Lau bat lagun elkartzen gara, eta geure artean jokatzen ditugu partidak”.

Denboraldia hasi orduko partidak ugaritzen joaten dira, eta askotan entrenamendu behar handirik ere ez dute izaten. “Urtean zehar ehun partida inguru jokatzen ditugu, astean pare bat gutxienez. Partida kopuru horrekin ez dugu izaten frontoiko entrenamendu behar handirik”. Manuelek gogoan du bere profesional garaietan jokatzen zituen partidak: “Lehen jaialdi gehiago izaten ziren, denboraldian zehar 150-160 partida inguru jokatzen baikenituen”.

Erremontean jokatu ahal izateko beharrezkoa da frontoi luzea. Eta gisa horretako frontoiak dira Hernaniko Galarreta eta Iruñeko Labrit. “Azpeitian ere egiten dira erremonte jaialdiak santotomasetan eta inauterietan, baina ez da erremontean jokatzeko frontoi aproposa”, diote matxindarrek. Azpetian erremontearen inguruko afizioa pizten ari da. “Eskolan gaur egun 15 bat gazte dabiltza, baina, hala ere, esku-huskaren itzalpean jarraitzen duen kirola da”, diote.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak