|
|
|
Manex Beristain hariari tiraka
Hormetako poetak
Manex Beristain
Bizitza honetan aurrera begiratzeko beharra guztiongan jaiotzen da une bat baino gehiagotan. Aurrera begiratzeko eta, nola ez, aurrera egin ahal izateko, distantzia beharrezkoa da, hala uste dut nik behintzat. Distantzia hori gure akatsen sorterri bihurtu daiteke, edo gure baloreen erakustoki, hala nola, bata zein bestea nabaritu, atzeman edo ukitu, atzera begiratu ahal izango dugu, distantzia horretan utzitako aztarnak manipulatzera.
Oso garrantzitsua izaten da distantzia horrek markatzen digun espazioa ezagutzea. Pausoak ziur eman ahal izateko eta atzera ahal den gutxiena begiratzeko. Egunero sortzen dugu bide berri bat, aurrekoaren ia berdina dena, baina aldi berean desberdina eta hasieran zentzu guztiak erne mantentzen saiatzen gara, ondoren geure egingo ditugun ezaugarriak ikusi eta barneratzeko intentzioarekin. Bigarrengo aldiz zapaltzen dugunean bide horren edukia, segurtasuna handiagoa da, gozamena bezalaxe.
Hormetako poetak bide berrien sortzaile bezala ikus ditzakegu. Ez dira kirolari soilak, distantziarekin jolasten duten idazle mendizaleak direla esatea ez litzateke astakeria izango. Idazle bati distantzia orri zuriak markatzen dion bezala, eskalatzaile bati horma batek ezartzen dio aurrera begiratzeko arrazoiaren xarma. Hormetan bide berriak izkiriatzen dituzte, eskuen ziurtasunez eta hanken abileziaz. Beraiek markatzen duten espazioa ez da desagertzen, hitzak bezala, eta hormetako arrailduretan lokartzen da.
Azpeitian eskalatzeko zaletasun handia dago, aurrera begiratzeko joera izaten duten gazte asko aurkitzen dira. Eguzkia noiz aterako zain, hormak berotu eta hormetako epeltasunak dastatzeko intentziotan ateratzen dira segurtasun neurri guztiak poltsan dituztela. Zaratarik atera gabe aurrera egiten duenak ateratzen du zaratarik handiena, baina bukaeran, beren emaitzak azaleratu behar direnean eta bitartean inori trabarik egin gabe egiten dute aurrera. Baliteke hormetako poetek, beraien poesia ozen ez oihukatzea, baina beraien balentria gure belarrietara iristen da, agian haizeak ekarrita, nork daki.
Isilean egiten dute lana poeta hauek. Beraien pausoak ez dira entzuten, mendiak beretzako gordetzen ditu eta agian mendigoizaleren bati iritsiko zaizkio haizearen errezitaldi amaigabeak. Eskalatzaileak mendia behar du eta mendiak behar ditu hormetako poeta hauen esku eta hanken ferekak. Erlazio eder horretan errespetuak indar handia dauka, bata bestearekiko errespetua, begirune eta besarkada horretan, biharko egunaren baitan ez dira elkar engainatzen. Azpeitia ez da, guretzat behintzat, kostako herri bat, eta itsasoaren eta surflarien arteko erlazioa ez dugu hain sakonki ezagutzen. Baina Azpeitia mendiz josita dagoen herri bat da, luxuzko koadroak ikus ditzakegu egunero batera eta bestera begiratuz. Denbora murritz batean nahi adina mendi buru zapaltzeko aukera daukagu eta horren ondorioz mendien gorputzean poetek haizearen abestiak ereiten dituzte. Erlazio mota hori gertuago sentitzen dugu.
Erlazio hori sakonago ezagutuz zerura begira jarri beharko ginateke, gure inguruak eskaintzen dizkigun distantziez gozatzen hasteko eta gure modura mendiaren gorputzean aurreneko hitzak idazten hasteko, oinekin bada ere. Azpeitian badago mendizaletasuna, eta hormetako poetek idatzitako bidearen irakurketan murgilduz siesta batzuk botatzea ez litzateke gaizki egongo, bitartean haizearen karizia eta berdearen usain gozoa barneratuz.
|